Alardea Francoren garaian. 1939-1976
Gerra 1936ko irailean amaitu bazen ere, 37 eta 38 urteetan ez zen Alarderik egin. Hala ere, laster markatuko zen jaiaren helburu berria: 1937an, Donostiako Pilotaleku Modernoan Iruni zuzendutako omenaldi bat egin zen sutearen ondoren, hiria berreraikitzeko fondoak lortzen saiatzeko. Haraino joan ziren lau gastadore eta bost edo sei kantinera. Bitxia da svastikaren irudidun banderatxo txikiak eramaten ikustea. Berriro ere, tresna politiko bihurtu zen Alardea, eta gerraren ondoren, argi zegoen zein norabide hartuko zuen politizazio horrek.
Horrela, 1939an berriro egiten hasi zen Alardea, baina konpainia batzuek, Bidasoa konpainiak bezala, hamaika pertsonekin osatu ziren postua eta bandera eramateko eskubidea ez galtzeko. Konpainiarik handienak ez zuen hogeita bost lagun baino gehiago. Irungo auzo aspaldikoenetako Lapitze auzoak ezin izan zuen pertsona kopuru txiki hori bildu. Lekuko batzuek adierazi dute auzoak zuen izaera langilea zela eta, eta, bestalde, txapela gorriaren esanahia dela eta, desfilean berriro hasi zenean, burua estali gabe parte hartu zutela kideek.
Beraz, urte horietako Alardea murriztua dago, eta eragile famatu batzuk falta ziren –haien artean, Beran fusilatu zuten Nicolas Guerendian Errepublikako azken Jenerala edo Gastadoreen eskuadraren erdia baino gehiago-.
Baina Alardea jai ekitaldi bat zen eta hori zela eta, diktadurak kontrolatu beharreko lasaialdiak eragin zitzakeen. Horregatik, 1944an hasi zen idazten San Martzial Alardearen lehenengo Ordenantza. Hartan ezartzen ziren trantsizio garaira arte arautuko zuen Alardearen interpretazio historikoaren oinarriak: Alardearen jatorria 1522ko guduan kokatzen zen eta osagai "espainiarra” eta erlijiokoa zuen. Garaipenaz hitz egiten zenean, “guztiz espainiar” adjektiboa erabat nabarmentzen zen, baita “frantziar tropelaren aurkakoa” zela ere.
Eliz kabildoa Alardearen atzetik. Udal Artxiboa. Irun. 1960
Hauek ziren araudiaren alderdi nabarmenenak:
- Alardearen ibilbidea ezartzen zen, baina ez ateratzeko ordutegia, ezta menditik itzultzekoa ere.
- Izendapen guztiek Sustapen Batzordearen onespenarekin egin behar ziren, bera baitzen Alardearen antolatzailea.
- Jakina, hiriko banderaren ondoan, entseina nazionala jarri behar zen eta une horretan Errege Martxa interpretatu behar zuen bandak.
- Kapitainak izendatzeko hau kontuan hartu behar zen: “pertsonaren seriotasuna, instrukzio militarraren maila, jaiarekiko bokazioa eta jaiaren estimazio eta kategoriaren maila goratu ahal dituzten gainerako baldintzak” (22. art.).
- Konpainietako bandetan akordeoia erabiltzea debekatu zen, horrek adierazten du musika-tresna hori erabiltzen zela. Musikarien gehienezko kopurua ere arautzen zen: lau txilibito eta lau danbor.
- Konpainia berriak osatzeko aurreko onespena beharrezkoa zela ezarri zen.
- Kantinerei buruz, bakarrik parte hartu ahal zuten bi alarde jarraituetan –ordura arte ez zegoen inolako mugarik ezarrita- eta gehienezko adina 30 urtekoa zen. Jakina, edertasun nabarmenekoak, Irungo jatorrikoak edo hirian 10 urtez bizi eta ezkongabeak izan behar zuten.
- Azkenik, eta horrek garrantzia berezia du, ordenantza interpretatzeko eta aplikatzeko ahalmena Udalak zuen -eta hemen ez da aipatzen Sustapen batzordea, beraz, Udalbatza ulertu behar genuke-.
Behin betiko hazkundea ezagutuko du Alardeak. Abagune guztiak gertatuko dira horrela izan dadila: diru estutasunik gabeko klaseen bultzada; desfilea ezaguna eta distiratsua izan zedila prentsak egin zuen apustu garbia; hiriaren pixkanakako errekuperazio ekonomiko eta demografikoa; agintari berriek jaiari egiten zioten bultzada eta antzematen zuten bultzatu beharra eta, batez ere, irundarrek egun horretan tentsioa ekar zezaketen arrazoi guztiak ahazteko eta Alardea salbuespen politikoko toki gisa bihurtzeko zuten borondate garbia.
Diru estutasunik ez zuten klaseen eta Alardearen inplikazioaren berehalako ondorioa goi-burgesiako neska gazteek kantinera gisa parte-hartzea izango da, hainbat konpainia edo unitate berezietan, rol horri ordura arte garbi ez zegoen gizartearen eta moralitatearen onargarritasun berme bat emanez. Gainera, kantineraren rola desiragarria den eta irrikatzen den zerbait bilkatuko da eta, beraz, parte-hartzea gero eta murriztaileagoa, hautatuagoa eta zailagoa izango da.
Beste aldaketa nabarmena bileren akta hartzen hastea izango da; hori dela eta jakin ahal dugu zeintzuk ziren garai hartan Alardea antolatzen zutenen kezkak eta, aldi berean, esanahi politiko argiko barruko gorabeheren berri eduki ahal dugu.
Gorabehera haietako dramatikoenak eragina izan zuen hurrengo urteetan irundarren imajinarioan. 1976an, poliziaren presentzia izugarri handia zela, Alardearen kide bat atxilotu zuten arratsaldeko desfilea hasi zenean ikurrina bat zeramalako. Gaitzespen gisa, konpainia gehienak musikarik gabe desfilatu ziren, San Juan plazan elkartu eta, azkenean, bertan behera gertu zen desfilea.
Ondorio politikoak hauek izan ziren: oraindik frankistak ziren agintari ofizialen eta Alardearen kideen artean –edo buruzagien artean, behintzat- haustura sakona izan zen. Haustura horrek inflexio puntu bat markatuko zuen: herriaren arima, Irunena Alardean zegoen, eta ez agintari zibiletan. Ideia hori ez zen aldatuko ikusiko ditugun arrazoiengatik, ezta agintari horiek demokratikoki aukeratu zirenean ere.
76ko gertaera irundar gizartean ere trauma sakon bat izan zen. Alardearen kideak txapela kenduta eta musikarik gabe desfilatzen, negarrez zeuden kantineren irudia, desfilean parte hartzeko aukera bakarra galdu zutela ikustean, inoiz errepikatu nahi ez zenaren ikono eta irudi grafiko bilakatu ziren.