1997
96ko ekainetik 97ko ekainera
1996ko udan zehar, hala ere, tirabirak gero eta handiagoak ziren irailak 8 iristeko ikuspegiaren aurrean, emakume hondarribiar batzuek Alardean parte hartu nahi baitzuten. Desberdintasun batzuk izan bazituen ere Irunekin alderatzen badugu, Hondarribian errepikatu egin zen emakumeen errebindikazioekiko mespretxu eta ez entzute prozesua. Eguna iritsi zenean, hogeita lau emakumek orduak eman zituzten zain, ezkutuan eta ilunpean makurtuak, kale Nagusiko atari batean, Alardearen barnean urrats batzuk bederen egiteko itxaropenarekin.
Izugarria izan zen atera zirenean sortu zen bortizkeria eta emakumeak ez ezik, haien laguntzaileak, argazkilariak eta telebistako kameralariak eta beste ere harrapatu zituen. Hemen ere ez Alkateak ez kultura zinegotziak ez zioten inolako garrantzirik eman gertatutakoei eta bertako politikari bakar batek ere ez zuen herritarren jokaera aurpegiratu, ez eta emakumeekiko errespetua eskatu. Jokabide horren ondorioak izugarri larriak izan ziren hurrengo urteetan.
Hondarribiko Alardetik 1996ko irailean 1997ko Irungo Alardera izandako ibilbidea, segur aski, biziena izan zen bi jarreren defendatzaileentzat
Emakumeek parte hartzearen aurka zeudenak antolatzen hasi ziren, eta protagonismo handia izango zuen talde bat sortu zen: "Betiko Alardearen Aldekoak", lehenengo Hondarribian eta handik hilabete batzuetara Irunen. Haien adierazpenen arabera, elkarte berriaren helburua zen "Betiko Alardea" defendatzea, eta haien lan metodoa izan zen Alardea aztertzea txostenak, aldizkari zatiak, datuak eta aipuak bilduta eta herritarrei haien berri emanda informazio oharren bidez. Teorian, dena zen arrazoizkoa eta demokratikoa, praktikan ordea, talde horretako kideak oso urrun zeuden adierazitako asmoetatik.
Honako datu hauek eskainiko lituzke hilabete haietan gertatutakoaren laburpenak: Hondarribian azaroan deitu zen Betiko Alardearen aldeko lehen agerraldia, eta hurrengo hilean beste bat: IUk proposatu zuen Irunen konpainia mistoa egitea; BAEk hilabete bakoitzaren 30ean bildu zituen bere aldekoak emakumeen parte hartzea eskatzeko; abenduan mahai-ingurua antolatu zen hainbat alorretako bost aditurekin; beste Elkarte bat sortu zen, Juana Mugarrietakoa –BAEren barnean-, espezifikoki Hondarribiko Alardean sartzeko kontua aztertzeko; argia ikusi zuen Betiko Alardearen Aldekoen zelula irundarrak (aurrerantzean IBAA), eta azkenean, BAEk bere errebindikazioak bultzatzeko agerraldia deitu zuen martxoaren 9rako. Hori guztia bost hilabete eskaseko denboran.
Agerraldiak egin baziren ere, eta itxuraz liskarra bazegoen ere, denbora horretan elkarrizketak izaten ari ziren IBAAko betikoen eta BAEren artean. Haietan, guztiak batera eztabaidarako mahai-ingurua antolatzeko aukera lantzen ari ziren, baina betiko alardearen aldekoek baldintza bat jarri zuten -BAEk onartu zuena-, hizlari guztiak Irungoak izatea. Hala ere, martxoaren inguruan, betiko alardearen aldekoek elkarrizketak hautsi zirela iragarri zuten, elkarrizketa horiek oraindik pixka bat gehiago iraun bazuten ere. Apirilaren lehenean, BAE Alkatearengana joan zen adierazteko, azken bileran izandako errespetu falten ondorioz, hautsitzat ematen zituztela negoziazioak. Betikoek argudio gisa esan zuten BAEko hamahiru lagunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zutela Alardeko Batzordearen 1996ko maiatzaren 11ko adierazpenaren aurka, hartan baieztatzen baitzen “Alardea gizonezkoek osatuko dutela”. Haien iritziz, gatazka auzibidera eramateak amaiera ematen zion edozein elkarrizketari, baina Bai al zegoen beste aukerarik? Elkarrizketen edukia errepikakor bilakatu zen: BAEk esaten zuen emakumeen parte hartzea funtsezko eskubidea zela; betikoek esaten zuten hori auzitegi batek esan behar zuela. Ondo bada, esan zezala auzitegiak, eta horrela egin genezake aurrera eta geunden kiribildutik atera.
Errekurtsoa aurkeztu izana funtsezkoa izango zen hurrengo urteetan gertatutakoen bilakaerarako. 1997ko martxoan bertan errekurtsoa tramiterako onartu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak (aurrerantzean EAEJAN).
Begiak errekurtsoak izango zuen erabakian jarrita, udalbatzaren apirileko osoko bilkurak mozio bat onartu zuen, aldez aurretik PSOEk, EAJk eta PPk adostua. Mozioak eskatzen zuen erabaki judizialak betetzeko eta, halakorik hartzen ez zen bitartean, herritarren gehiengoaren borondatea errespetatzeko. Gainera, Udalak bi aldeen artean elkartze guneak bultzatzeko konpromisoa hartu zuen adostasunean oinarrituriko konponbide bat aurkitu ahal izateko. Ikusiko dugun bezala, mozioan jasotako puntuetako bakar bat ere ez zuten bete hura proposatu eta onartu zutenek.
Epai judiziala ematen ez zen bitartean errespetatu behar zen gehiengoaren nahia zein zen jakiteko, Udalak iritzi inkesta bat egiteko eskatu zion EHUri, eta udalbatzaren osoko bilkura izan eta haren emaitzak pixka bat geroago eman ziren ezagutzera. Ikertzaileek berek hiru datu azpimarratu zituzten:
- Jaia izugarri errotua zegoela, elkarrizketatutako bost lagunetik lauk jarraitzen baitzuten.
- Gatazkaren aurrean posizionamendu handia zegoela, elkarrizketatutako bost lagunetik bati bakarrik ez baitio axola.
- Erradikalizazio indizeak, galdetutako ia % 40 ez baitzegoen beren jarrerak aldatzeko prest, zuzeneko liskarrak, baita fisikoak ere, izatera iritsi bazitekeen ere. % 40 horretatik, % 52ek betiko alardearen aldeko jarrera zuten, eta emakumeak parte hartzearen aldekoak, berriz, % 18ra jaisten ziren.
Berez emaitzei dagokienean, irundarren % 21ek emakumeak parte hartzearen aldeko apustua egiten zuen, eta hori, zegoen presioa aintzat hartuta, oso positibotzat jo zuen BAEk. Ehuneko hori % 30,7ra igotzen zen 26 eta 35 urte artekoetan. Oro har, agerikoa zena egiaztatzeko baino ez zuen balio izan inkestak, hauxe da, herritar gehienak emakumeak parte hartzearen aurka zeudela. Baina egoera noraino bilaka zitekeen bideratzen zaila jakiteko balio izan zuen halaber, herritarren % 40 prest baitzeuden beren jarrerak aldatu baino lehen liskar fisikoetara iristeko.
Azaltzeko zorian zeuden datu horren egiazkotasunari buruzko frogak...
Irungo Alardea 1997. urtean
Lehenengoa Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean ezin zen; haren osoko bilkura berdintasunezko parte hartzearen alde agertua zen egun batzuk lehenago. BAEk akitu arte errepikatu zuen hizketatzeko nahia, baina ez zuten inolako aukerarik izan, harrera egingo zien solaskiderik ez baitzuten, eta IBBAren ordezkariak hasi ziren esaten Eusko Legebiltzarrak “ez zuela legitimaziorik” gai hau bideratzeko. Aldiz, bazirudien legitimazioa bai ematen ziotela Justizia auzitegiei, ebazpen judizialak errespetatzeko eskatu baitzieten Kamerari berari eta BAEri. Beste horrenbeste egin zuten Alardeko agintariek ekainaren 15ean adierazpen baten bidez.
Handik egun gutxira, ekainaren 24an, errespetatu beharreko erabaki judiziala etorri zen: EAEJANek Udalari agindu zion, erresalbuzko neurrien auto baten bidez, emakumeei desfilatzen uzteko. Une horretatik aurrera hain azkar eta nahasian sortu ziren gertatutakoak, non gertatutakoa behar bezala ulertzeko, hoberena baitzen egunetan banatzea.
25
EAEJANen autoak ez zuen gaiaren hondoa epaitzen, baizik eta behin-behineko erresalbuzko neurri batzuk ezartzen zituen. Haietan, Udala behartu egiten zuten 1997ko Alardean emakumeei parte hartzen uztera “talde propio" baten bidez, eta hori geroago bertan behera utz zitekeen Auzitegiak bere erabakia hartzen zuenean. EAEJANek ez zuen beste xehetasunik ematen talde hori antolatzeko moduaren inguruan, baina “duintasunez eta martzialtasunez” desfilatu behar zen betiere. Hala ere, Alkateak BAEri eskatu zion 24 ordutan bere konpainia osatzeko –hauxe da, agintariekin, musikariekin, kantinerarekin eta abarrekin-. Gainera, ez zuen onartu HB-IU-EAk egun horretan egin zen Gobernu Batzarrari aurkeztu zioten eskaera. Eskaera horrek esaten zuen ahaleginak egiteko jada zeuden konpainietako batzuk emakumeei parte hartzen utz ziezaien.
Bestalde, Alkateak ohartarazi zuen BAEren proposamena onartutakoan, “Alardearen Batzordea deitu beharko zela irizpena eman zezan”. Noski, Erabaki judizialak ez zuen ezer esaten diktamen edo irizpen horri buruz, eta ez zion inolako agintaritzarik ematen Alardearen Batzordeari.
26
Goizean, BAEk eskaera bat aurkeztu zion Udalari “unitate propioa” sortzeko baimena eman zezan, Ordenantzak Infanteriako ohiko konpainientzat eskatzen zituen kopuru eta forma baldintzak betetzeko obligaziorik gabe, kopuru horiek betetzea ezinezkoa baitzen 24 orduko epean. Eskaeran azpimarratzen zen Alkatearen ebazpenak ez zuela errespetatzen auto judizialaren izpiritua.
Horrenbestez, ñabardurekin izan arren, BAEk onartu egin zituen erabaki judiziala eta Alkatearen eskaera. Orain gelditzen zen, Alkateak bere kabuz zehaztutakoaren arabera, Alardearen Batzordeak bere iritzia ematea.
Gauean, emakumeak Alardean parte hartzearen aldekoek batzar jendetsua egiten zuten bitartean, bildu zen Alardearen Batzorde hori. Hartan, kargua utzi zuten politikoak ez ziren bederatzi kideek, eta baita EAJren ordezkariak ere. Esan zutenaren arabera, kargua uztea erabaki zuten “epaileek ez dutelako kontuan hartu betiko Alardea zer den azaltzeko eman genituen azalpenak”. Batzordearen osaera eta boterea ondo asko ezagutzen ditugunez, erraza da gertatu berri zenak zuen garrantziaz jabetzea. Erraza zen halaber ondoren zer gertatuko zen aurreikustea –gertatutakoaren nahasmenaren aurrean, inor ez bazen ere susmatzeko gauza izan-, Batzordeko kide horiek berek adierazi zutenean “Agintariek ezin dutela Alardea bertan behera utzi, baina bai parterik ez hartu”.
27
BAEk eskatutako “talde propioa” onartu zuen Alkateak, baldin eta bi baldintza betetzen baziren: bi agintari edo arduradun izendatzea eta Artilleriako Bateriaren atzean jartzea. Bigarren baldintza hori zekena zen benetan, Irunen haurrek ere bai baitzekiten Alardea bere alderdi hunkigarrienean Artilleriarekin bukatzen zela, eta gero zetorrena –Korporazioa bera- ezereza zela.
Talde politiko guztiek, EAJk ez ezik, onartu egin zuten Alkatearen erabakia, eta IBAAk –gogora dezagun hark Eusko Legebiltzarrari eskatu ziola erabaki judizialak zorrotz betetzeko- adierazpen bat egin zuen, eta hartan Irungo herriari eskatzen zitzaion “pantomima hura ikustera ez joateko”. Arratsaldean Alardeko Agintariak bildu ziren eta, hiru ordu eta erdi eztabaidan eman ondoren, bozkatu egin zuten erabaki judizialaren betetzea. EAEJANek ere ez zion inolako protagonismorik aitortu Agintarien Batzordeari, eta are gutxiago, bere autoa bete behar zuen ala ez erabakitzeko ahalmena, baina bai egin zuen Alkateak, hiriko lehen agintari zibilak. Gainera, huraxe izan zen agintarien bozketaren emaitza bi egunez atxikita eduki zuena, eta horrek tirabirak handitu besterik ez zuen egin.
28
BAEk Alkateari eskatu zion Infanteriako azken konpainiaren eta Artilleriakoaren aurretik jartzeko “talde propioa”. Artilleriaren atzetik joateak esan nahi zuen ez zirela Alardean txertatzen, baizik eta kanpotik elkartzen. Alkateak agintariekin hitz egiteko konpromisoa hartu zuen beste kokaleku bat aurkitzeko ahalegina egiteko, eta hori ere harrigarria izan zen, Udaletik erabat kanpoko organismoa zen honek derrigorrez bete beharreko erabaki judizial bati nola erantzun erabaki behar zuena.
29
Dena azkartu egin zen. Goizez, agintarien bozketaren emaitzaren berri eman zen. Hauxe iragarri zuen Vergara Jeneralak: “Honako hau izan da emaitza: 15 boto Betiko Alardea egitearen alde, emakumeak atzean ateratzea onartuz bertan behera utzi baino lehen, eta 12 boto ezetz". Era berean, Jeneralak iragarri zuen emaitza onartzen zuela; izan ere, “adostutakoaren arabera, bozketak loteslea izan behar du guztientzat". Hala ere, botoa eman zuten hamabi agintariek Udala utzi zuten eta beren dimisioa idatziz aurkeztu zioten Beñardo Urtizberea Komandanteari. Informazioa uztaileko Iruneron.
Gaur egun oraindik ere beharrezkoa da datu hau errepikatzea:
Agintariek gehiengoaren botoez onartu zuten emakumeak artilleriako bateriaren atzetik joatea, aurrez guztientzat lotesletzat jo zuten bozketa batean.
Bozketaren emaitza ezagutu eta handik minutu gutxira atera zen aurreskua dantzatu behar zuen taldea parrokia eliza aldera. Hala ere, Irun Hiria Musika Banda –Udala bera zen haren finantzazio iturri nagusia- altxatu egin zen eta korporazioari ez laguntzea erabaki zuen, eta Maribel Castelló zinegotzia oihukatu eta inarrosi ere egin zuten kideetako batzuek. Aurreskua bertan behera gelditu zen sortutako tirabirengatik eta zinegotziei egin zitzaizkien “alde hemendik” eta “traidoreak” oihuengatik.
Arratsaldean, bi gertakizun izan ziren une berean. Hiriko alde zaharreko lokal batean, emakume talde handi batek ia hamar orduz eztabaidatu zuen inoiz agertuko ez den Artilleriako bateria baten atzetik joatea onartu ala ez onartu. Arratsaldeko bostak aldean gizonak iristen hasi ziren bilerara, beren konpainietatik bota zituzten gizonak ziren, desfilatu nahi zuten emakumeen alde zeudelako susmoak izateagatik. Bileran azaldutakoaren eta egunkariek hurrengo egunean –beranduegi- argitaratutakoaren arabera, beren kapitainen “Alarde alternatibora joateko deia jasotzen hasi ziren” konpainietako soldaduak.
Izugarria zen nahasmendua: konpainia asko ez ziren Jeneralaren aginduetara jarri –Komandantea ez zihoan harekin- Armak ikuskatzean, banderatxoa ukatu zioten eta txistuka eta keinu itsusiekin egin zioten harrera. Hiria paskinez bete zen, 8,15ean Dunboa auzotik desfilatzen hasteko eta Urdanibia plazara betiko arrankadara ez joateko deia eginez. Arratsalde-gauean iritsi ziren berrien arabera, konpainia osoak izan ziren Alarde Alternatiboan desfilatzeko erabakia hartu zutenak eta, Artilleriako bateriak, esate baterako, bozketaren emaitza onartzen zuela iragarriz adierazpen bat egin bazuen ere, goizaldeko lehen orduetan jada ez zegoen hari eutsiko zion konpainiarik.
Bestalde, BAEk eta “talde propioko” gainerako kideek erabaki zuten Alkateak esandako lekua onartzea, Artilleriaren atzetik, eta bi ordezkari Vergara jeneralaren etxera joan ziren bere aginduetara jartzeko. Inork ez zituen hartu ordea.
30
Goizean, Ama Xantalen ermitan, oraindik bazegoen konpainiaren bat agertzeko itxaropenik. Ez zen hala izan. Vergara Jenerala bera gauean “gogatu” egin zuten “Alarde alternatiboko” buru izan zedin. Jende asko bildu zuen alarde hark. Bere kargua utzi zuen komandantea, Beñardo Urtizberea, zihoan troparen buru.
Gaur egun oraindik zaila da gertatutakoa eta aldeko botoa eman zuten hamabost kapitainen duintasuna non geratu zen azaltzea.
“Talde propioak” Ordenantzak zehaztutako orduan egin zuen arrankada, eraso egin eta botilak botatzen zizkieten bitartean. Hainbat zauritu izan ziren horren ondorioz. Ia ikuslerik gabeko San Martzial aldapan barrena igo ziren, eta hantxe izan ziren eraso handienak, baina ez zuten alardea utzi, aitzitik, gero eta ugariago bihurtu zen. Udaletxeko ateetara iritsi ziren, eta han Hiriko bandera emateko eskatu zuten, egun horretan hirian ibiliko zen legezko Alarde bakarra zela ulertzeagatik. Hala ere, bandera ez emateaz gainera, jakinarazi zitzaien Alardea bertan behera gelditu zela.
Hainbat aste lehenago erabaki judizialak betetzeko eskatu zuten agintari zibilek –besterik egiteko aukerarik balute bezala Zuzenbide Estatu batean- nabarmen urratu zituzten, baina horrek ez zien inolako ondoriorik ekarri, emakume irundarren funtsezko eskubide bat urratzeaz gain. Hauxe adierazi zuen zinegotzi sozialista batek: “Herri batek instituzioak nola mespretxatzen dituen ikustea, Legebiltzarretik hasi eta Udaleraino Auzitegietatik pasatuz, tristea da benetan. Orain dela hilabete eskas, akordio bat onartu zuen Udalak eta erabaki judiziala onartzeko konpromisoa hartzen genuen hartan, baina akordio horrek ez du ezertarako balio izan.”
Bertan behera utzi izan arren, “talde propioak” osorik egin zuen ibilbide tradizionala, eta Alardea hiru oinarritan (“Lekua, denbora eta koreografia”) sostengatzen zela baieztatu zutenek tradizio guztiei aurre egin zieten eta guztiak urratu zituzten, bakar-bakarrik hirikideak kanpoan eduki ahal izateagatik eta, bide batez, jaiaren behin betiko boterea eskuratzeagatik.
El Diario Vasco (Uztailak 1 • 1997)
Irunero (Uztailak 1997)
1
Oso bestelakoak ziren, ordea, gertatu zenaren funtsezko egiak. Uztailaren 1ean “San Martzialeko itun politikoa” izeneko artikulua argitaratu zuen El Mundo egunkariak eta gertatutakoaren gako batzuk azaltzen zituen hartan. “Ibilbide alternatiboa” –esaten zuen- “eta geroko ekitaldiak aldez aurretik hitzartuak zeuden. (...). Aurreko astean zehar, alderdien zuzendaritzak Irunen zituzten ordezkariekin negoziatzen aritu ziren EAEJANen erabakia desobeditu gabe egoera gainditzeko aukera aztertzeko. PSEk, formalki behintzat justiziaren erabakia bere gain harrarazi zion Buen alkateari; EAk eta EAJk elkarrizketak izan zituzten zer egin erabakitzeko (...) Irunen haserretu gabe, baina diktamen judiziala aintzat hartuz. Gainera, hiru alderdi politiko horietako bakar batek ere ez ditu eskura dituen barneko diziplina mekanismoak abian jarri publikoki alderdiaren diziplinari eusten ez dioten ordezkariak zigortzeko."
Eta hala, botere publikoen emakumeen funtsezko eskubide bat bermatzeko ezintasunarekin eta alderdi politiko batzuen konplizitatearekin, handi eta kroniko bilakatu zen aurreko urtean hasitako gizarte haustura.