Iaz, 2018an, hogei urte bete ziren lehendabiziko Alarde parekidea egin genuela, eta hura aitortzeko eta aldarrikatzeko ekitaldi bat antolatu genuen.
Benetan hunkigarria izan zen, jende mordoa bildu ginen. Lehen Alarde hartan egondako askok elkar agurtu eta gogora ekarri genuen hogei urte lehenago tentsiopean, urduri, beldurrez geundela, baina baita emozioz gainezka ere, jakin baikenekien desfilatzen ari ginelarik Alardean eta Irungo historian garrantzizko mugarria ezartzen ari ginela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren bidean sekulako aurrerapausoa egiten ari ginela. Hogei urteetan batu zaizkigun beste asko ere topatu genituen, eta ahaztezin zaizkigun ausardiaz eta kemenez espaloietatik txalotu eta animatu gaituzten asko, bai eta gazte asko ere, harriduraz eta batzuetan sinestezinik gure historia entzuten zuten belaunaldi berrikoak.
Ekitaldi maitagarria izan zen, goxo-goxoa, zuzenean jotako Alboradarekin hasi, tartean umorea txertatu eta San Martzial martxarekin bukatu zena.
Atxikimendua, babesa eta aitortza agertzera ere etorri ziren hainbat alderdi politikoren ordezkariak: EAJ, EH Bildu Elkarrekin-Podemos, PSE-EE eta Ezker Anitzako kideak; halaber, hainbat erakunderenak: 20 urteotako Emakunderen zuzendariak eta Arartekoak, Gipuzkoako Diputatu Nagusiordea.
Ekitaldiaren ondoren, urteetako ahaleginak ondorio ona ekarri duelakoan gaude, Alarde honetaz harro. Izan ere, urtetik urtera gero eta gehiago dira beren buruari galdetzen dioten adin guztietako irundarrak ez ote leudekeen gusturago jai giroko Alarde parte-hartzaile honetan: emakumeak, lehen aldiz festaren barru-barruan; gizonak, ongi pasatzeaz gain, orain arte ez bezala beren bikotekideak, alabak, bilobak, lagun emakumezkoak ere pare-parean ikustearen pozez.
Berriro ere esan behar dizuegu: eskerrik asko. Eskerrik asko aspaldi honetan ametsa egia bihur ledin denbora eta bihotza eman duzuenei. Eskerrik asko zuen eskuzabaltasun eta konpromisoarengatik.