Irun 1998-2000: Udal alardeak
Egoera EAEJANren epaien ondoren
1998ko urtarrilean EAEJANen bi epaiek adierazi zuten emakumeek eskubidea zutela Alardean desfilatzeko, hala Irunen nola Hondarribian, herritar gizonen baldintza berdinetan. Auzitegiaren argudio nagusia izan zen Alardea ez dela gertatutakoen gogora ekartze zehatza, baina –eta hementxe dago garrantzitsuena-, hala izanda ere, ohitura bat izango litzateke eta ezin da, inolaz ere, berdintasun printzipioaren aurka egon.
Nahiz eta epaiarekin ados ez egon (1997ko urrian Irungo Osoko Bilkurak 1980ko Ordenantza bertan behera uzteko izapideak azkartu egin zituen – IUk Euskal Herriko Auzitegi Gorenaren aurrean errekurtsoa aurkeztu zuen bertan behera uzte horren aurka), epai hori aditzera eman zenean urtarrilaren 16an, bi alkateek men egingo ziotela adierazi zuten, Betiko Alardearen bi taldeek ez bezala. Horien kide batek zera adierazi zuen: “Irun herriari barre egin diote”.
Irungo kasuan, Hondarribian ez bezala, epaia ez errekurritzeko hasierako ideiari eutsi zion Udalak, baina bai errekurritu zuen Irungo Betiko Alardeak, eta gainera, herriari eskatu zion epai hura ez bultzatzeko. Bi errekurtsoak onartu zituen EAEJANek, eta Auzitegi Gorenera iritsi zen kontua.
El Diario Vasco (1998ko urtarrilaren 24a) • Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren ebazpena jakitera eman da.
El Diario Vasco (1998ko urtarrilaren 27a) • Irungo alkateak ebazpena onartzen du.
El Diario Vasco (1998ko urtarrilaren 28a) • Irungo indar politikoek, EAJ/PNV izan ezik, ebazpena onartzen dute.
El Diario Vasco (1998ko otsailaren 9a) • Irun eta Hondarribiako alkateei elkarrizketa.
Irun 1998-2000: Udal alardeak
Emakumeek eskubidea zutela onartu ondoren, hainbat faktoreren ondorioz Irungo kaleetan bi Alkaterekin iritsi ginen 1998ko ekainera.
Bitartekaritza talde bat sortzea.
Hainbat espezialitatetan “ospetsuak” ziren zazpi lagunek osatzen zuten alkateak deituriko taldea, azken urteetan jaietako pregoia irakurri zutenak. Honako hauek ziren: Gaspar Montes Iturrioz eta Ana Izura margolariak, Ricardo Requejo piano jotzailea, Carlos Blanco Aguinaga Kaliforniako Unibertsitateko literatura irakaslea, Leontxo García, kazetaria eta xakean espezializatua, Ricardo Arregui, neurokirurgialaria, oso ezaguna euskal mendigoizaleei egindako izoztearen aurkako tratamenduagatik, eta Federico Garayalde, diplomatikoa.
Taldearen lehen agerpen publikoa martxoaren hasieran izan zen, adierazpen bat argitaratu zutenean. Hartan, Alardeak “irundarren nortasun ezaugarrien funtsezko elementu” gisa duen garrantzia azpimarratu ondoren, esaten zen herritarrak elkartzeko balio izan behar zuela. Ondoren, eskatzen zuten alderdi politikoek parterik ez hartzeko “ez zuzenean ez zeharka” arazoaren konponketan, eta bukatzeko, herritarrei eskatu zitzaien beren bitartekaritza kudeaketei laguntzeko, adierazpena sinatuta. Irakurri adierazpena
Taldeak bere lana itzalean egin zuen hi hilabetetan. Maiatzean, ateratako ondorioak ezagutzera eman zituzten, barne txosten bat idatzi ere egin zuten arren, Alkateari eman ziotena. Alkateak ez zuen inoiz argitara eman nahi izan, baina dirudienez, elkarrizketari begira bi aldeek zuten izaera desberdinaz hitz egiten zuen hark. Gatazkari konponbidea emateko proposatzen zuten bidea zen Alardean parte hartzen zuten konpainia adina elkarte osatzea, eta haietako bakoitzaren esku uztea emakumeek parte hartzeko hala ez hartzeko erabakia.
Hala bada, pentsa zitekeen zeuden konpainiek beren barne erregimena arautuko zutela emakumeei parterik ez hartzen uzteko, baina emakumeek parte hartuko zuten konpainia berriak sortuko ziren halaber. Guztien baturak osatuko zuen Alarde berria.
Aldeetako batek bakarrik onartu zuen proposamena, Bidasoaldeko Emakumeak. Irungo Betiko Alardeak, gogoeta taldea osatu zen egun berean, esan zuen ez zituztela onartuko “soldaduz jantzitako emakumeak izatean oinarritutako bitartekariak, Alardea ez dugulako inauteri bilakatu nahi.”
El Diario Vasco (1998ko martxoaren 8a) • Hausnarketarako taldea sortzen da.
El Diario Vasco (1998ko martxoa) • Hausnarketarako taldearen adierazpena.
Aurkako zeinuko beste bi elkarte agertu ziren, Jaiak Guztiontzat eta Emakume Irundarrak..
Lehen taldeak hasiera-hasieratik tonu apala, gogoetazkoa, hartu zuen bitartean, bigarrena oso modu beligerantean agertu zen. Aurkeztu zen egun berean, otsailaren 24an, esaten zuen Bidasoaldeko Emakumeak taldeak “bi urte zeramatzala irain, mehatxu eta eraso egiten hala fisikoki nola moralki herri osoari”.
Eta bitartean...Non zeuden agintariak eta dimisioa eman zuen Alardearen Batzordea?
Epaiaren baloraziorik ez bazuten egin ere, otsaileko egun beretan ezagutzera eman zuten desfileari emakumerik gabe eusteko erabakia. Gainera, adierazi zuten, bazekitela epaiaren ondoren Udalak beharbada ukatu egingo ziela bere laguntza, baina jarraitzen zutela pentsatzean Alardea “Irungo herriaren ondarea” zela eta “herriak esaten digun bezala” ospatu behar zela. Hilabete bat geroago, hiri osoko postontzietan sartu zuten inprimaki baten bidez, jakinarazi zuten Alardearen Batzorde berria sortu zela, aurrekoak zituen kide berdinekin, baina Udalarekin loturarik gabea.
Intereseko beste bi gauza esaten zituzten gainera inprimaki hartan:
- “Betiko Alardea” antolatzeko asmoa zuten eta irailaz geroztik horretan ari ziren lanean, hauxe da, epaia eman aurretik.
- Udalera jo zuten jantziak, kanoiak eta beste uzteko eskatzeko, eta kexu agertu ziren ez zutelako erantzunik izan.
Azken eskaera horren atzean gezur bat zegoen ordea: 1997ko udan agintariek jantziak eta gainerako udal ekipamendua lapurtu zituzten, jada haiei emana zena. Inoiz ez zituzten itzuli, ezta Udalak eskatu ere, Alkateak berak auzi zibil batean onartu zuen bezala.
Maiatzaren 1ean, Udalak jakinarazi zuen legea betetzen duen Alardea bultzatuko zuela, EAEJANek erabaki zuelako zuhurtziaz bertan behera uztea 1980ko Ordenantza baliogabetu nahi zuen udal akordioa. Horrenbestez, berriro indarrean zegoen 1980ko Ordenantza, eta horrek, nolabait ere, Alarde bat antolatzera “behartzen” zuen Udala. Irungo Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, EAJk salbu, iragarri zuen prest zegoela “alardea egiteko beharreko giza baliabide eta baliabide material eta ekonomiko guztiak” eskaintzeko.
Baina aldi berean, beste erabaki batzuk hartu ziren Alarde sortu berriari legezkotasun handiagoa emango zioten ezaugarri guztiak kentzen zizkiotenak.
- Udalean eta Udalak ez zuen egingo kantinerei harrera egiteko ekitaldia.
- Udal Alardeko Jenerala ez zen tradiziozko maiatzeko osoko bilkuran aukeratuko.
- Udal Korporazioak ez zuen Alardean parte hartuko eta
- Eta hari ez zitzaion hiriko bandera emango.
Azkenean, finantzazio xuhur bat eta udal lokalak erabiltzen uztea besterik ez zen izan agindutako laguntza.
Maiatzaren 9an, Alarde “alternatiboko” Agintariek beren Jenerala aukeratu zuten, dimisioa eman zuen Beñardo Urtizberea komandantea, hain zuzen ere.
Adierazpenen arabera, egun horretarako jada bazituzten “partikularren, konpainietako kideen eta eskualdeko enpresen dohaintzak”. Handik egun batzuetara jakin zen ordea Alardearen eta Agintarien batzordeak gutunak bidaltzen ari zirela saltokietara funtsak emateko eskatuz eta “zetozen egunetan bi batzordeen ordezkari batzuk saltokira joango zirela eman zezaketen laguntzaz mintzatzera”.
Beste fronte bat zabaldu zen horrela, ezkutuan gudu egiten ari zena eta egiten jarraituko zuena.
Saltokiak
Lehenbiziko, boikot egin zitzaien ustez jabeak emakumeek alardean parte hartzearen aldekoak ziren negozioei; 1998. urtetik aurrera finantzazio iturri gisa erabili ziren saltokiak, baina baita propagandarako leku gisa ere, haien erakusleihoetan jarriaz Alarde bati ala besteari zegozkien kartelak. Erabakiak eragin handiak izan zituen merkataritza mailan nahiz maila pertsonalean, eta horrenbestez, egoera hartan, garbi zegoen logikoena eta errazena zela dohaintzak ematea eta gehiengoaren aldean jartzea.
Udal Alardearen Batzorde berria osatu zen
Maiatzaren 20an egin zen lehen bilera, Roman Rico Alkateordea buru zuela, eta hogeita hamar bat lagun joan ziren hartara, era guztietako esparruetakoak eta era guztietako ideologietakoak. Haren helburua zen ahalik eta azkarren Alarde bakarra izatea guztiontzat eta, horren harira, gutun pertsonala bidali zieten Betiko Alardeko agintari guztiei, Alarde integratzailearekin bat egiteko eskatuz.
Handik egun gutxi batzuetara berrantolatu zen Infanteriako lehen konpainia, eta haren atzetik beste hainbat, eta Alberto Lizarraga izendatu zuten Jeneral. Era berean, Udal Alardearen Batzorde berri haren eta alde zituen pertsonen kideen zerrendak argitaratzen hasi ziren Diario Vasco egunkarian, ordaindutako iragarkien bidez. Berehala bete zen hiria paskin anonimoez eta ez hain anonimoez zerrenda hartan agertzen ziren edo argi eta garbi emakumeen parte hartzearen alde zeuden pertsonen aurka. Idatzien tonua iraingarria, arrazista, homofoboa, misoginoa... zen.
Garbi zegoen jarraitu beharreko estrategia: BAEk lortu bazuen errebindikazioaren inguruan pertsonaia ezagunen talde bat biltzea, haiei jakinarazi behar zitzaien EZ zutela herriaren zati baten errespeturik izango. Epe erdira, presio neurri horiek eragina izaten hasi ziren eta Alardearen hurrengo edizioetan pertsona horietako askok beren babesa ukatu zuten, beren bizitzetan eta lanetan jasaten ari ziren ondorio guztiz larrien eraginez. Jasanezina zen presioa.
Sektore tradizionalistan, berriz, dantzan zebiltzan kirioak. Uste zuten BAE ez zela Alarde bat abian jartzeko gauza izango, baina aldiz, forma hartzen ari zen hura. Horrela jarraitzen bazuten, ezin izango zuten ez betiko ibilbidea ez betiko ordutegia izan, eta aurreko urteko esperientzia, Alardea bere ohiko ingurutik ateratzea, ezin zen berriro gertatu.
El Diario Vasco (1998ko maiatzaren 22a) • Udalak errolda bat sortzen du Udal-Alardean parte hartzeko.
El Diario Vasco (1998ko ekainaren 6) • Udal-Alardeak Generala aukeratu du.
El Diario Vasco (1998ko ekainaren 7a) • Roman Ricok General berria aurkeztu du.
El Diario Vasco (1998ko ekainaren 9a) • "Herriaren iritziaren aurka" jokatzea leporatzen dio Betikok Udalari.
El Diario Vasco (1998ko udaberria) • Hainbat iritzi-artikulu.
Gauzak horrela, tentsioa are handiagoa zen Alardearen aurreko egunetan
Alarde Tradizionaleko Agintariek manifestaziorako deia egin zuten ekainaren 20an.
Egun hartan bertan, bi alardeen ordutegiak eta ibilbideak arautuko zituen ebazpena eman zuen Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak, ordena publikoko arazo garbia baitzegoen. Baina manifestazioa egin zuten halere, eta 10.000 lagun joan ziren hartara. Barne Sailak onartu egin zuen Betiko Alardearen antolatzaileek proposaturiko irteteko ordutegia, goizeko 7ak, baina ibilbidea aldatu egin zuen. Bestalde, eta aldi honetan bakarrik, Udal Alardeak ohiko ibilbidea eta ordutegia izan zituen, Udalaren jaietako programan islatua zegoelako.
Erabaki horien aurrean, presioa eta indarkeria areagotu ziren berriro ere: Aurreskua bertan behera utzi zen berriro ere, elkarteekiko harrera bezalaxe, kantinerena ordezkatuko zuena; jaietako programak San Joan sura bota ziren eta Alkateak pintada handi batekin egin zuen topo hura pizterakoan. Bestalde, Udal Alardearen Batzordeak negatiboki baloratu zuen Barne Sailaren ebazpena, ez zuelako bi desfileek elkarrekin topo ez egitea bermatzen. Gainera, ulertzen zen ekitaldi publiko diskriminatzaile bat legezkotzen ari zela.
Kaleetan bi Alardeek elkarrekin topo egiten zuten, elkar gurutzatzen zuten, eta haiekin batera baita haien publikoek ere entseguetan. Batzuetan, auzo bereko bi konpainien artean akordioetara iristen ziren ibilbideetan bat ez egiteko; besteetan, erasoak gertatu ziren eta, oro har, poliziak zainduta desfilatu behar izan zuten emakumeek, jaurtiketetatik eta giza barrikadetatik babestu ahal izateko. Udal Liburutegian Udal Alardeko kantineren aurkezpena egin zenean, eraso handia jasan zuen desfilatzen ari zen emakumeetako batek.
Baina era berean, emozio handiko uneak bizi izan ziren, jaia bizitzeko beste modu bat sortu baitzen, jai integratzailea, demokratikoa, berdintasunezkoa, biziz eta gaztez betea.
Alardea igaro bezain laster, Udal Batzordeak Ordenantza bete ote zuen zalantzan jartzen hasi ziren betiko alardearen aldekoak. Izaera ekonomikokoa zen azpian zegoen kontua. Egunetan eskatu zuten Udalak Alardearen kontuak publiko egiteko. Diru kontuen gai hori gertatu zen garai berean, gainera, Alkateak Kultura Zinegotzi kargutik kendu zuen Maribel Castelló. Laster etorri zen, gainera, alderdien barnean emakumeen parte hartzea erabakimenez eta publikoki bultzatu zutenentzako zigorra: ez Román Rico ez Maribel Castelló ez zeuden ekainaren 13ko udal hauteskundeetarako zerrendetan.
Aldiz, EAJ taldeak nahiz EA taldeak Irungo Betiko Alardearen aldeko bi emakume jarri zituzten beren zerrendetan buru, Elena Etxegoien eta Amaia Navarro, hurrenez hurren.
Horrenbestez, Alardeak hasieratik bukaerara eragina izan zuen hauteskundeetan. Tradizionalistek eskatzen zuten ohiko ordutegia eta ibilbideak berreskuratzeko, ordenantza indargabetzeko eta Udalak finantzazioa emateko. Alderdi politikoen nahiz Udalaren aurrean planteatu ziren eskakizun horiek.
Era berean, bi ekimen berri gauzatu zituzten:
- Bata finantza alorrekoa: Alardealdia antolatzea, “ekainaren amaierako jaietarako dirua biltzeko eta jai giroa berreskuratzeko”.
- Bestea politikoa: enegarren manifestazioa deitzea, oraingoan “Herriaren borondatea errespetatu” leloarekin. Helburua zen alderdi politikoen gaineko presioa eta kontrola handitzea.
El Diario Vasco (1998ko ekainaren 21a)
El Diario Vasco (1998ko ekainaren 30a)
El Diario Vasco (1998ko uztailaren 1a)
1999ko jaietan beste “tradizio” bat sortu zen. Pagoki gazte talde tradizionalistak antolatua, “Lastargidunen” ekitaldia, sektore tradizionalistatik nolabait ere irtenbidea emateko emakumeen parte hartze handiagoaren aldeko errebindikazioari. Noski, ez zen oso koherentea 1523ko gudua gogoratzea, Alardea "foru milizien oroitzapena" zela esaten zen bitartean; eta noski, musikarik gabe eta seriotasun osoz desfilatzeak ez du zerikusi handirik hirikide gizonezkoen jaiarekin, baina hala ere, “lastargidunak” finkatu egin dira imaginario irundarrean, herritar batzuenean bai bederen.
Urte honetako Alardeari dagokionean, ekainaren 25ean Barne Sailak ebazpen bat eman zuen Betiko Alardearen arrankadaren ordua 7:15ean finkatzeko eta Alkateari eskatu zion, logika osoz gainera, hura izateko Udal Alardearen ordutegia finkatuko zuena. Berriro ere herriaren presioari men eginez, Alkateak 9:45ean jarri zuen bere Alardearen arrankada, oraindik indarrean zegoen Ordenantzak finkatzen zuen ordutegia 8:25 bazen ere.
Aurreko urtean gertatu zen bezala, bi Alarde egin ziren, Udal Alardean parte hartu zutenekiko eraso eta presio giro berdinean. Baina oraingoan argiagoa zen Alkatearen trabak jartzeko jarrera, ondoko adierazpen hauek erakusten duten bezala:
'Gehiengo izaera zuenez, Udalak betiko alardeari laguntzearen alde agertu zen. Horren harira, diruz laguntzearen aldeko apustua egin zuen, eta alderdi horretan bat etorri ziren Udalbatzako alderdi guztiak (PNV-EA, PSOE-EE eta PP), EH izan ezik. Era berean, Alarde Ofiziala instituziotik bereiztearen alde egin zuen Buenek, “baina horrek ez du esan nahi Udalaren laguntzarik ez duela izan behar”, zehaztu zuen' (El Mundo 1999-7-1).
Urte hasieran Ordenantza aldatzeko ahalegina egin zen, baina Udal Alardearen Batzordearen presioak geldiarazi egin zuen. Hala ere, 2000ko martxoaren 24an, Alkateak behin betiko proposamena sinatu zuen, eta haren arabera, ez zen Jenerala aukeratuko, ez zen bandera emango, ez zen Eliz Kabildoarekin batera desfilatuko eta arrankadaren ordutegia aldatuko zen, goizeko 10ak aldera pasako baitzen. Labur esateko, Alardearen eta Udalaren arteko harremana desagertu egingo zen.
Maiatzaren 4an, Irungo Alarde Ofizialaren Batzar Nagusiak “duintasunez” egitera baldintzatu zuen ospakizuna, eta horrek esan nahi zuen Udalak halako baldintza batzuk bete behar zituela: Alarde Ofiziala osorik ordain zezela, Ordenantzan finkatutako ordutegiak bete zitzala aldatzeko ahaleginik egin gabe, Jenerala izenda zezala eta dei publikoa egin zezala herritarrek desfile mistoan parte har zezaten. Presio neurriak ez zuen, ordea, eragin handirik izan eta maiatzaren 24an prentsaurrekoa egin zen; hartan uko egin zioten Udal Alardea antolatzeari, esanez Udalak, Alarde bakarra ez bultzatzeaz gainera, Alarde baztertzailea bultzatu ere egin zuela.
Oraingoan bai izan zuela eragina presioak, eta azkenean, hainbat bilera egin ondoren, erabaki zen Udaleko Bozeramaileen Batzordea izatea Alarde mistoko Jeneralaren izena proposatuko zuena, eta gainera, udalak oso-osorik finantza zezala alarde ofiziala.
Bakarrik puntu batean eutsi zitzaion desadostasunari: ordutegiak. Azkenean, Barne saila izan zen bi desfileen ordutegiak finkatu zituena, ekainaren 13an Udal Alardearen Batzordeak onartu baitzuen Udal Alardea antolatzea Alkatearekin hitzartutako baldintzetan. Barne Sailaren erabakiaren arabera, desfile mistoa goizeko 8etan aterako zen, eta betiko desfilea, berriz, 9:15ean.
Berehala izuak hartu zituen betikoak, Udala barne.
Alarde tradizionaleko komandantearen iritziz, erabakia “probokazio” bat izan zen eta hain probokatuak eta amorratuak sentitu ziren non indarkeria hasi baitzen, hirian entseatzen zuten konpainia mistoen aurka lehenbizi, jaietako kartela banatzen ari ziren pertsonen aurka gero, eta Alardearen ondoren, emakumeek parte hartzearen aldeko pertsona batek hiru egun eman zituen arta intentsiboko gunean (AIG). 2.000 lagun joan ziren berehala Udaletxera –Jenerala, Komandantea eta Betiko Alardeko kapitainak barne- Osoko Bilkura berezi bat deitzeko eskatzera, hartan ordutegiak aldatzeko, eta noski, manifestaziorako deia egin zuten “Balza, irizpide aldaketa hori, ez”. 12 eta 15.000 lagun artean joan ziren manifestaziora, baina Alkatea ez zen agertu, espresuki gonbidatua izan bazen ere. Bai joan ziren beste zinegotzi batzuk, Miguel Angel Páez (PSOE), Juana de Bengoetxea (PP) edo EAJko zinegotziak, esate baterako.
Halako manifestaldiaren aurrean, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erabaki zuen Barne Saileko kontseilariari, Balzari, bilera bat eskatzea beste ordutegi batzuk adostu ahal izateko. Bilera hilaren 27an izan zen, baina Balzak ez zuen iritzia aldatu eta adierazi zuen “desfile mistoari diskriminazio positiboaren tratua eman” behar zitzaiola.
Alarde Ofiziala gorabeherarik gabe egin zen "Ertzaintzaren hedapen ikusgarriari esker", hain izan zen ikusgarria non hiru Alardez hitz egin baitzitekeen ia.
Xehetasun gisa, esan daiteke Udaletxeko balkoian notario bat zegoela Alarde Ofizialak desfilatu zuen bitartean, Irungo Betikoek kontratatua, desfile mistoak egiten zituen Ordenantzaren ez betetzeak aktan jasotzeko, hura indargabetzeko helburuarekin azken batean.
Hurrengo egunean, Alardeak iragarri zuen Udalak bitartekaritza taldeetara jo behar zuela, Gernika Gogoratuz, esate baterako, gatazkari irtenbidea emateko
Udal-Alardearen Batzodearen Oharra (2000ko ekainaren 23a)
El Diario Vasco (2000ko uztailaren 1a)