1996
Eztabaidaren planteamendua
Aurreko atalean aipatutakoez gain, bi faktore berrik sendotu zuten emakumeen parte-hartzearen inguruko eztabaida: lehenik, Bidasoaldeko Emakumeak (BAE) elkartearen sorrera, 1995. urtean, martxoaren 8a ospatzeko asmoz eskualdeko emakume-taldeak elkartzen zituena. Bigarrenik, Alardearen Batzordea Ordenantza berria prestatzen ari zen 1996ko apirilean Osoko Bilkurak onar zezan. Bertan, antolakuntzarekin lotutako huskeriez gain, Alardearen Batzordeko kideak izateari uzten zioten alderdi politikoek, udal erakundeen erabateko independentziaren bidea hartuz.
Oso gutxitan ikusi daiteke aginte publikoek horrelako karguei uko egitea. Erabaki horren azpian zeuden arrazoiak politikoak baino ez ziren: Alardearen agintariak baretu eta haiei autonomia eman -- gehienak nazionalismoaren aldekoak ziren --, kontuan izanik oso gaizki hartu zutela herriko alkatea sozialista izatea.
Martxoaren 6an mahai-inguru bat egin zen Amaia Kultur Zentroan, eta bertan, lehenengo aldiz planteatu zen gaia jendaurrean. Josune Urrosolo izan zen moderatzailea, eta honako hauek izan ziren parte-hartzaileak: Maribel Castelló (EAko zinegotzia, Kultura Arloko ordezkaria), Maria Jesus Berrotaran (Emeki Elkarteko kidea), eta Antonio Aranburu. Orduan sortu zen apirilaren 24ko Osoko Bilkuran aldarrikapena mahaigaineratzeko ideia. Halaber, ikusle batek zera azaldu zuen: emakumeek, besterik gabe, Alardean parte hartu behar zutela.
Sinplea zen planteamendua. Ordenantza berriko artikulu batek adierazten zuenez, Alardea "soldaduek" osatzen zuten; BAEren proposamena honako hau zen: hitz horrek emakume eta gizonei erreferentzia egiten ziela ulertzea, "Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean" gertatzen den bezalaxe, eta Ordenantzan azalpen hori argi eta garbi islatzea.
Goiz horretan bertan, "El Diario Vasco" egunkariak lehenengo aldiz argitaratu zuen gaiaren inguruko iritzia adierazten zuen eskutitz bat. Egileak, Miguel Tempranok zera esaten zuen, besteak beste,: "Hori da, tradizioa suntsitu dezagun, gure ideia zoro eta nahasiak inposatu ditzagun (….) Anarkia eta zentzugabekeriaren menpe al gaude?" Bitxia bada ere, idazleak ez zekien oraindik BAEren asmoa zein zen, baina eskutitzak adierazten zuen nolakoa izango zen eztabaida, baita auziak izango zuen entzute- eta hausnarketa-maila ere. Temprano jaunak benetako interesa izan balu, lehenik eta behin, Osoko Bilkuran esaten zena entzun izango zuen. Bertan adierazi zen emakumeen asmoa, alegia, tradizioa mantendu eta berritzekoa, eta ez suntsitzekoa. Horretaz gain, jaiaren aldeko apustua egiten zuten. BAEk udalari egindako eskaria
Hitzaldi eta eztabaiden ondoren, BAEk aurkeztutako mozioak bozkatzera ekin zion Udalbatzak. Lehenengo proposamenaren asmoa honako hau zen: ordenantzak argi eta garbi adieraztea inori ezin zitzaiola Alardean parte-hartzeko eskubidea mugatu behar arraza, sexua edo erlijioa zirela eta. Aurkako 16 boto izan zituen proposamenak, eta aldeko 8. Bigarren zuzenketak ordenantza berriaren 15. artikuluarekin zegoen lotuta, eta "gizonezko" hitzaren ordez, "partaide" hitza erabiltzea proposatzen zuen.
Bozketaren emaitza, aurrekoaren berdintsua izan zen. Hirugarren zuzenketak kantinerak aukeratzeko modua aipatzen zuen, eta Alkateak erdibideko zuzenketa aurkeztu ondoren, aho batez onartu zen. Laugarren zuzenketak honako aldaketa hau egitea zuen helburu: kantinera izateko, ez zirela ezinbestekoak ez edertasuna, ezta ezkongabea izatea ere. 16 aldeko boto izan zituen proposamenak, eta aurkako 8. Azkenik, bosgarren zuzenketak alderdi politikoak Alardearen Batzordean parte hartzea ala ez zuen hizpide. Bozketaren emaitza berdinketa izan zen, eta ondorioz, Alkate jaunak kalitateko botoa erabili zuen zuzenketa onartua izan zedin. Bazirudien zuzenketen atala amaitua zela. Baina EAJk beste zuzenketa bat aurkeztu zuen, 15. artikuluarekin lotuta ere, "soldadu" hitzaren ordez "gizona" hitza erabiltzeko.
Nahiz eta Alkate jaunak zuzenketa atzera botatzeko eskatu, borondate ona adierazteko, EAJk bozkatzera behartu zuen Udalbatza. Ondorengo hau izan zen bozketaren emaitza: 4 boto zuzenketaren alde (EAJ), 4 abstentzio (PP), eta 16 boto zuzenketaren aurka (PSOE, HB, EA eta IU).
Alardearen Batzordearen ordenantza proposamena onartu zuen Udalbatzak eta jendaurreko izapidera pasa zen, behin betiko onespenaren zain. Bideratze-prozedura kontuan harturik, 1996ko Alardea oraindik 1980ko Ordenantzak arautuko zuen, eta horrek talde politikoak bileretara joateko eta bertan emakumeen parte-hartzea mahaigaineratzeko aukera ematen zuen. Ikusiko dugun bezala, 1996ko ordenantza ez zen inoiz indarrean egon.
1996. urteko Irungo Alardea
Udalbatzaren ondoren, areagotu egin zen ika-mika, bai hedabideetan, baita kalean ere. Egunkarietan agertzen ziren eskutitzen trukea ohikoa bihurtu zen. Oro har, alderdi historikoetan oinarritzen zen eztabaida, baina ez ziren deskalifikazio pertsonalak falta. Are gehiago, eztabaidak, ia salbuespenik gabe, BAEko kideekiko mespretxuzko eta laidozko kutsua zuen.
Eztabaida gauzatu eta berotzen zen bitartean, BAEk ez zuen oraindik adierazi Alardean parte hartuko zuenik. Ordenantzaren aldaketa baino ez zuen proposatu. Are gehiago, Udalbatzak ez zuen aldaketa hura onartu. BAEren proposamena ez zen haratago joan./p>
Berariazko adierazpena maiatzaren 22an izan zen, "El Diario Vasco" egunkarian agertu zen Alkate jaunari zuzendutako gutun ireki batean. 1980ko ordenantzak Batzordeari ematen zizkion eskuduntzez baliatuta, ondorengo oharra plazaratu ondoren hartu zen erabakia: "Alardea, konpainia eta unitateei adskribitutako gizonezkoek osatuko dute, bakoitza euren kantinerekin".
Zein motatako Batzordek hartu du horrelako erabaki bat, eta nola hartu du erabaki hori?
Argi geratu da Batzordearen eguneroko funtzionamendua: alderdi politiko gehienek bertan zituzten erantzukizunak alde batera utzi zituzten, bilerak tabernetan eta elkarteetan egiten ziren, Udaleko Idazkariak berak ere ez zituen jada bileren aktak jasotzen, eta Batzordeko ezohizko kide batek egiten zuen lan hori bere ordez. Nahiz eta udal batzordea izan, bilera deialdietan ez ziren batzordearen kideak ofizialki gonbidatzen.
Legez kanpoko funtzionamendu hori zen ohikoena 1996ko maiatzean eta ekainean. Gauzak horrela, "Alardea gizonez osatuta dagoela" erabaki zen bilera hartan, ez zegoen alderdi politikoen ordezkaririk, PSOE izan ezik.
Alkate jauna aritu zen presidente. "Gogaikarriak" gerta zitezkeen elementuak ez zituzten bilerara deitu, eta ziur aski, erabakia aho batez hartu zen. Baina oharrak ez zuen bakarrik esaten Alardea gizonek osatuko zutela, beste zerbait ere adierazten zuen:
“[Alardea] irundar guztion ondarea da, eta beraiei dagokie hura babestea interes politiko edo aldarrikapen sozialen gainetik”.
Hemendik aurrera, mehatxuak, irainak, zurrumurruak nagusitu ziren hirian, eta baita aurreko 20 urteetako txiste lizun eta zakar haiek ere, ezkutuko eta iragarritako indarkeria gisa. Denbora pasa ahala, gero eta handiagoa izango zen tirabira. Hain gordina zen egoera, non Alardean parte-hartzeko asmoa zuten emakumeek babesa eskatu baitzioten Udalari banan-banan. Irungo erakunde nagusiaren erantzuna honakoa izan zen: ezin zuen emakume horien segurtasuna bermatu.
Ekainaren 30ean, goizean goiz, emakumearen parte-hartzearen aldeko gizon eta emakumeak Ama Xantalen ermitan bildu ziren jarraibideak adosteko. Azkeneko momentuan jantzi zuten uniformea, Urdanibia plazako iskina batean jarri, eta sartzeko unerik aproposena itxaron zuten. Ama Xantalen konpainia euren aurretik pasa zenean, eskopetero lerro bat gelditu, eta oihuak entzun ziren: "Barrura, barrura". Eta sartu egin ziren.
Berrogeita hamazazpi emakume, eta gizon kopuru bera, gutxi gorabehera, sartu ziren Alardean. Handik aurrera, Alardea ez zen bera izango.
Une nahasiak izan ziren haiek. Ikusleetako batzuk emakumeak iraintzen zituzten; beste batzuk, ordea, txalotzen zituzten. San Martzial aldapan barrena, emakumeak eta eurekin zihoazen gizonak sakabanatuta egiten zuten korrika arropa kendu, heldu, eta bide erdian jartzen ziren ikusleak erasotuta. "San Martzial kaleko igoera gurutze-bidea izan zen eskopetarientzat". Horixe izan zen "El Diario Vasco" egunkariaren izenburua hurrengo egunean.
Udaletxeko arkupetan babestea erabaki zuten emakumeek, Alardea San Juan Plazatik noiz aterako zain, plaza arriskurik gabe utzi ahal izateko. Hori baino lehen, baina, komandanteari eman behar zioten jeneralari zuzendutako gutun bat. Bertan, emakumeek euren jarrera azaltzen saiatzen ziren. Beñardo Urtizberea komandanteak birritan ezan zien ez zuela gutunik hartuko. Modu horretan, babestutako taldearen egonaldia luzatu, eta ondorioz, tentsioa areagotu egin zen.
Ez ikusleek, ezta Alardeko kideek ere, ez zekiten emakumeen hasierako asmoa une hartan alde egitea zenik. Ondorioz, emakumeak Alardetik bota nahi zituzten oraindik, eta horretarako, iraindu eta astintzen zituzten.
Azkenik, badirudi komandanteak egoeraren gordintasuna ulertu zuela, baita berak horretan zuen erantzukizuna ere, eta gutuna hartu ondoren, emakumeak eta haiekin zeuden gizonak leku seguru batera iritsi zitezen bide bat egiteko agindua eman zuen.
Luzaroan egon ziren arkupean, ordubete baino gehiago, eta bertan ere, jendeak edozer gauza botatzen zien, iraintzen zituen, eta polizia-lerroa hausten saiatu ziren. Azkenean, alde egin ahal izan zutenean, albo batean zeuden eskailera batzuetatik joan behar izan zuten, Alardea plazatik atera zenean, ikusleek jarraitu zuten emakumeekiko indarkeria adierazten.
Eskailerak jaitsi bezain laster, ahalik eta azkarren sakabanatu ziren, eta ibili ahala aldatu zuten arropa, jendeak ezagutu ez zitzan. Ondoren eman zuten prentsaurrekoa lurpeko garaje batean egin behar izan zuten, momentu hartan, ezagunak zirenez, edozein leku publikoak benetako arriskua izan zatekeen eta.
Hala eta guztiz ere, balorazioa positiboa izan zen: Alardean sartu ziren emakumeak, eta geldiezinezko prozesu baten hasiera zen hura.
Nola baloratu zituzten gauzak beste aldetik?
Norbaitek gaitzetsi al zituen jarrera bortitzak?
Komunitateko lider politikoek, sozialek eta mediatikoek aurpegiratu al zioten jendarteari agertutako jarrera?
Uztailaren 2an, honako adierazpen hauek egin zituen Alkate jaunak: "Hiritarrak egoki portatu ziren. Alardea salbatzeko beharra zegoen, eta hori egin zuten", eta Tolerantzia Arloko zinegotziak, Fernando San Martin jaunak, zera adierazi zuen: "Festa nagusitu zen; hori zen, hain zuzen, irundarrek nahi zutena".
Adierazpenak, zuzendariari gutunak, eta erakundeen erreakzioak izan ziren etengabe. Elkarrizketa berreskuratzeko beharra azpimarratzen zen, erreferendum bat egitea proposatzen zen, eztabaida-leku bat sortzea eta abar. Behintzat, ez zen gertatu konpondu ezinezko inolako gertakaririk, eta egoera bideratzeko, urte oso bat zuten aurretik.
El Diario Vasco (1996ko uztailaren 1a)
El Irunes (1996ko uztaila)
Prentsa-dosierra (1996ko martxoaren 3tik ekainaren 30era).
Prentsa-dosierra (1996ko uztailaren 1etik irailaren 15era)