Berdintasunaren Emakunde Sariaren banaketa
2012 / 04 / 24
2012ko apirilaren 24an, Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian Berdintasunaren Emakunde Saria eman zaie Irungo San Martzialeko Berdintasunezko Alardeari eta Hondarribiko Jaizkibel Konpainiari.
Ekitaldia Donostiako Bulebarrean hasi zen. Irungo eta Hondarribiko alardeen ordezkaritza txiki bat desfilean atera zen txilibitoen eta danborren soinuarekin, bertan publiko ugari zegoela.
Kongresu jauregira abiatu zen eta han zeuden María Silvestre Emakundeko zuzendaria, Idoia Mendia Justizia sailburua, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Lohitzune Txarola Batzar Nagusien presidentea, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte gaietarako sailburua, Rafaela Romero Batzarretako sozialisten bozeramailea, Iñigo Lamarca Arartekoa eta José Corchón Irungo Udaleko EAJ alderdiko zinegotzia.
Txaro Arribas Irungo Alarde Publikoaren ordezkariak eta Anabel Salinas Jaizkibel konpainiakoak jaso zuten.
Sariaren banaketaren bideoa
Txaro Arribasek Irungo Alarde Publikoaren izenean, saria jaso ondoren, irakurritako hitzaldia.
Arratsalde on denori. Buenas tardes a todas y a todos:
Eskerrik asko Emakunderi eman diguzuen sari honengatik. Badakigu ez dela izan ez erosoa ez erraza, eta horregatik eskertzen dizuegu bereziki; horregatik eta aldarrikapen honekin konprometituta egon garen emakume eta gizon guztiok behar genuelako, behar dugulako, urte asko daramatzagulako baldintza desberdinetan lan gogorra egiten, bazterkeria soziala eta intrantsigentzia jasanez, gogorra izan baita gizarte mailan eta baita maila pertsonalean ere.
Nahi genuke, bestalde, sari hau eta une hau aukera bat izatea aldarrikapen honetan hainbeste jarri dugun emakume eta gizonen ahalegina aitortzeko. Eskuzabalak izan gara denok geure burua kausa honetara eskaintzean: denbora kendu diogu gure bizitzari, gure familiari, gure lanari.
Mugimendu horren izenean nik jasotzen dudan sari hau pertsona askorena da eta horiekin guztiekin partekatu nahi dugu. Lehendabizi gure adiskide Amaia, Maite eta Ilunerena da; bada denbora bat utzi gintuztela, baina hasiera-hasieratik egon ziren gurekin.
Urte hauetan zehar Alardea egin duten ehunka, eta dagoeneko milaka pertsonarena ere bada; eta espaloietatik –batere erraza ez zenean- animatu eta txalotu gaituztenena ere bai. 16 urte hauetan zehar gurekin egon direnena da; baina baita egun bakar batean egon direnena ere; beren presentziarekin, edota hitzaren bitartez, animatu gaituztenena; Alardea egiteko urratsa ematera ausartu direnena eta ausartu nahi izan luketenena.
Azkenik, sari hau gure lagun eta senitartekoekin partekatu nahi dugu, batzuetan guk atzera egin genezan saiatu zinen horiekin baina, arazoak arazo, beti babesa, adorea eman diguten, eta urte hauetan denetan jasan gaituzten horiekin.
Eta ez dut gizonezkoekin ahaztu nahi. Eta ez dut horiekin ahaztu nahi, zeren eta nahiz eta aldarrikapen honek emakumeekin izan zerikusia, 96tik aurrera gizonezko askok bat egin dute aldarrikapen honekin eta pentsatu dute emakumeak alde batera uzten dituen jai batek jai izateari uzten diola; eta estu-estu lan egin dute gure ondoan gizonezkoak izateagatik zuten pribilegio hori pertsona guztientzako eskubide bilaka zedin, genero bereizkeriarik gabe.
Askotan galdetu digute ea nolatan sartu ginen iskanbila honetan; eta nik beti gauza bera erantzuten dut. Ez genekien ondo zer zetorkigun gainera!. Hasiera batean ez ginen izan ausartak; ausartak gero izan ginen; beharko! Emandako pausoaren ondorioei aurre egin behar izan genienean!
Hasieran xaloak izan ginen, ausartak, inkonsziente xamarrak eta gazteak; orain baino 16 urte gazteagoak. Uste genuen arrazoia eta legea gure alde genituela; eta ez genituen aintzat hartu kontra geneuzkan indarrak.
Ibilbide luze honetan ikasi ditugu gauza batzuk.
Lehendabizikoa, ez dela nahikoa arrazoia izatea. Eta ez dela nahikoa legea alde izatea. Legeak betearazi egin behar dira, eta oso zaila da zerbait ikusi nahi ez duen norbaiti zerbait ikusaraztea, zaila da pertsona horrek parte eta solaskide gisa onar zaitzan.
Ikasi genuen gure aldarrikapenaren legezkotasuna aurreiritziz eta aldez aurretik egindako ideiez betetako solaskideen aurrean frogatu behar genuela. Aurreiritzi eta aldez aurretik egindako ideia horietan lehena zera zen, gure asmoa ez zela Alardean parte hartzea, Alardea suntsitzea baizik.
Ikasi genuen, bestalde, ez dagoela arazo txikirik; denak -arazo txikienak ere- ertz pilo bat duela, eta horietan ezkutaturik interes politikoak, sozialak, pertsonalak, botereari, estatusari eta abarri dagozkionak. Eta oso errotua dagoen tradizioa izanik, pertsonengan jaiarekin lotutako sentimendu eta emozio pilo bat mugituko zituela, eta gure barrenarekin, gure identitatearekin, gure oroitzapenekin, gure haurtzaroarekin…zerikusia duten errito eta tradizioen bizipenarekin loturikoak. Azken finean, oso arazo delikatuaren aurrean geundela, eta adimen, ausardia eta eskuzabaltasun handia behar zela ontzi hau kaira eramateko.
Eta ikasi dugun ikasgairik garrantzitsuenetako bat zera izan da, gutxiengo baten eskubideekin zerikusia duten aldaketa prozesuetan eta bereziki aldaketa sozialetan funtsezkoa dela erakundeen inplikazioa eta konpromisoa, erakundeak direlako legea zaindu behar dutenak. Baliabideak dituztelako aldaketa errazteko eta laguntzeko, alderdien arteko bizikidetza, elkar ulertze eta begirunerako bideak zabaltzeko; izan ere, erakundeek beren egin beharrekoak alde batera uzten dituztenean, gatazka sozial bat konpontzen aurretik ibiltzen ez direnean, eta herri osoarentzat ispilu izateari uzten diotenean, sektore intransigenteenak bilakatzen dira, gutxiengo horienganako beren estigmatizazio eta jazarpen logika ezartzen dutenak.
Erakundea, kasu honetan udal erakundea, ezin delako bere hiriko bizikidetza apurtzen, zatitzen eta hausten duen gatazka batetik aparte geratu.
Gauzak horrela, arrakastak aitortu gabe ere, ahaleginak nolabait ere aitortzea zera litzateke:
Erreklamazio hau gure hiriarentzat iraultza txiki bat izan dela aitortzea, eta berdintasunari buruzko eztabaida familia, eskola, bulego, lagun-taldeetara iritsi dela, eta horrek ehunka emakume behartu dituela eguneroko bizimoduan balio handia duten keinu eta erabakien bidez publikoki jarrera bat hartzera.
Gaur egun 1.000 pertsonatik gorako Alardea dugula aitortzea, eta biztanlerian askok eta askok begirunez ikusten gaituztela edo benetako sinpatiaz, eta neurri handi batean tentsio eta amorru soziala jaitsi egin dela.
Gure alde daukagu baita orain dela 16 urte inortxok ere ezagutzen ez zuen pluraltasun handiko eta jatorri desberdinetako pertsona kolektibo batek denbora honetan zehar elkarrekin lan egitea, elkar errespetatzea, eta elkar maitatzea ere lortu izana; denontzako moduko Alarde bat antolatzeko desio horretan bidean aurkitzen joan garen zailtasun guzti horiek gainditzeko denok elkar hartuta ibiltzea lortu izana.
Eta zer esan dezakegu etorkizunaz?
Gustatuko litzaiguke Udalak inor baztertuko ez lukeen herritar guztientzako udal Alarde bat antolatzeko konpromisoa hartzea, atzean utzita bi Alarde –bata mistoa eta bestea pribatua, emakumeei oraindik ere parte hartzen uzten ez diena- egiten direneko garai hau.
Bien bitartean, guk lanean jarraituko dugu, Emakunderen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen dugun Alardea egiten jarraitzeko, Alarde honek gure hirian jarrai dezan erreferentea izaten, erakusteko nola ospa daitekeen baztertzailea ez den Alarde bat eta, aldi berean, jendeak parte hartzeko modukoa, jai girokoa, alaia eta hunkigarria.
Eta azkenik, aldarrikapen honen ondorioz, gizartean sortutako haustura ixteko bidean aurrera egiten eta pausoak ematen joan gaitezela. Gure aldetik, nahi ez genuen haustura, eta erabat samintzen gaituena. Horretarako, elkarrenganako begirunean eta aitormenean lagunduko luketen keinuak eta ekimenak behar dira.
Eta, amaitzeko, nire eskerrona berriz ere Emakunderi eta sari hau jasotzeko garaian gure ondoan izan zaituztegun lagun guztiei ere.
Agur, Eskerrik asko.
María Silvestre Emakunderen zuzendariaren hitzaldia, sari-banaketa ekitaldian .pdf
Intereseko loturak
- Irungo eta Hondarribiko alarde publikoek Emakunderen berdintasun saria jasoko dute (2012-01-19)
- Emakundearen web-a
- Sariari buruzko albistea Eusko Jaurlaritzaren webean
- Emakunde saria jasotzea - eguneko prentsa guztiaren laburpena. (2012-04-25)
- Alarde sexistak, Gipuzkoarentzat lotsabidea. ADiario Vascoko iritzi artikulua. Laura Gomez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako zuzendaria (2012-04-24)
Emakunde aldizkaria
(Udaberria 2012) .pdf