JSE-Egazek saritu egin du Lentxu Rubialek, Rafaela Romerok eta Irungo Alarde Publikoak genero berdintasunaren alde egindako lana
2014 / 03 / 29 (eldiarionorte.es)
PSE-EEko gazteriak 2014ko martxoaren 29an Berdintasuna Lantzen sariak banatu ditu, genero berdintasunaren aldeko lana ezagutze eta ezagutarazte aldera; aurtengo sarituak honako hauek izan dira: Gipuzkoako Batzarretako PSEren bozeramaile Rafaela Romero, Irungo Alarde Publikoa eta, hil ondoren ere, Lentxu Rubial senatari zena.
PSE-EEren bozeramaile Idoia Mendia, Barakaldoko alkate Alfonso García eta JSE-Egazeko presidente Alain Coloma bertan zirela, Bilbon ospatutako ekitaldian sari instituzionalaren jabe Rafaela Romerok adierazi du ez dela "inoiz benetako berdintasunik izango munduaren eraldaketa bat izan arte, emakumeentzat eta gizonentzat".
Gipuzkoako Batzarretako presidente ohiak emakumeek beren gorputzaz erabakitzekoa "funtsezko eskubidea" dutela aldarrikatu du, eta ez "inoren arimaren osagarri bat".
"Gero eta gehiago dira genero indarkeriaren biktima gazteak, herrialde matxista baten eta politika matxista biktimak, eta, batez ere, berdintasun-hezkuntzarako, prebentziorako, laguntzarako eta artapenerako baliabideak kendu dituen alderdi baten biktimak", kritikatu du, PPz ari zela.
Bestetik, banakako saria Lentxu Rubiali egokitu zaio, eta haren alabak, Eider Gardiazabalek jaso duenean azpimarratu du, "politika kritikatzea oso erraza den arren", badaudela "politikari zintzo asko, bizitza gizartea hobetzearen alde ematen dutenak".
Azkenik, taldekako saria Irungo Alarde Publikoari esleitu zaio, eta haren ordezkariak ohoretzat hartu du saria Lentxu Rubialekin eta Rafaela Romerorekin partekatzea. Horrez gain, salatu ere salatu du "erakundeen konpromiso eza" berdintasunaren alde.
JSE-Egazeko presidentea ere, Alain Coloma, bertan egon da, eta "kalera irtetea" eta "politika kalera ateratzea" aldarrikatu du. Aldi berean, nabarmendu du sozialistek beti egin dutela "eraikitzearen alde"; baina "egindako guztia bertan behera gera daiteke ez baditugu salatzen politika batzuk, emakumea etxera buelta dadin bilatzen duen ideologia sustatzen dutenak".
Irungo Alarde Publikoaren kide batek saria jasotzean irakurritako diskurtsoa.
Eguardi on,
Eskerrak eman nahi dizkizuegu sari hau merezi dugula erabaki duzuenei. Kolektibo osoak ilusio handiz jaso du berria, eta bene-benetan diotsuet eskertzen dizuegula egin diguzuen ezagutza; urte asko dira hainbat gizon-emakume, beren izen-deiturekin, ahaleginak eta bi egiten ari direla aspaldian abiarazitako bideari ekiteko, hain zuzen herri batek, Irunek, bere jai nagusia, alardea, pertsona guztiekin eta batbederarekin egin dezan, den-denok baitaramatzagu bihotzean "gure sanmartzialak". Harrotasunez partekatzen dugu sari hau Lentxu Rubialekin, eta bereziki Rafaela Romerorekin, aspaldiko urteotan gure babesa eta laguntza erakutsi digu eta.
Ikaragarri harro eta pozik nago gaur honako sari hau jaso ahal izateaz, berdintasunaren aldeko mugimendu handi baten izenean egiten dudan heinean.
1999an izan nuen gatazka honekin harreman zuzena lehendabizikoz, ahizpak auzoko konpainian kantinera ateratzeko adorea izan zuenean, bigarren Alarde misto hartan.
Hamaika urteko neskatxa bat nintzen, auzoko konpainiari joan-etorrietan atzetik segika zebilkiona, gure pasabidean gu ez ikusteko jende asko bizkar emanda eta leikoak itxita geratzen zelarik. Gogorapenean, izendapenarengatik poza eta alaitasuna ez ezik, tristura eta pena ere nahasten dira, jadanik sumatzen bainituen familia pairatzen ari zen presioak.
Hamabost urte geroago, hurrengo belaunaldiko kideok geure egiten dugu bazterkeriarik gabeko Alarde baten alde lan egiteko konpromisoa, betiere gure aurretik lan egin zuten eta orain batzuk hemen dauden emakume eta gizonen eskutik.
Ni, ordea, zuek bezalaxe, etapa berri baten partaidea naiz, eta horrexegatik zuen gaztetasuna dut aldarri, gazte izateak berekin ilusioa baitakar. Gazteak zaretenez gero, gauzak eraldatzeko zuen idealei dei egiten diet, halako egoerek dakartzaten bazterkeriak eta sufrimenduak ezabatuko dituen gizarte zuzenago baten alde lan egin dezagun.
Zuek zarete zuen alderdiko gazteria, ardurak izateko bokazioa eta beharbada noizbait boterea ere eskuratzeko aukera izango duzuenak, eta horrexegatik itxaropenez betetzen gaitu zuen ebazpen honek, berdintasunaren aldeko lana eta konpromisoa saritzeko moduko balioak ditugula aintzat hartu izanak. Izan ere, ezin dugu ahaztu erakundeen eta arduradun politikoen papera ezinbestekoa dela edozein gatazka sozial bideratzeko, eta gurean hori are inportanteagoa da, gizartean eragindako haustura sakona eta mingarria delako.
Erakundeek, Irungo alkatearenak bereziki, berdintasunaren aldeko konpromiso eza erakutsi dutela nabarmendu beharra daukagu, bai eta borondate irmo eta sendoa behar zuen gaiari heltzeko ausardi eza ere, hain zuzen, iritsi garen egoera hau saiheste aldera erakutsi behar zutena.
Zuek zarete etorkizuna, eta gure Alardea ere etorkizuneko Alardea da, denok elkarrekin eraikitzea espero dugun etorkizun horretan inork ez baitu sufritu beharrik izango inolako bazterkeriarik gizonezkoek eta emakumezkoek parez pare nork bere herriko haietan parte hartzeagatik, gozatzeagatik.
Eskerrik asko zuen aitortzarengatik. Ulertzen dugu sari honek adierazten duela bide onetik goazela, 2012an jaso genuen Emakunde sariak bezala, eta gureari tinko eusteko balio digute. Azkenik, eskerrik asko egunetik egunera gurekin batu eta gure helburua partekatzen duten guztiei.
Eskerrik asko!