Bidasoa auzoa Irungo zaharrenetarikoa da; izan ere, lehenago zen Bidasoa (betikoa dela ere esan genezake, gizakien aurrekoa den heinean), eta haren ertzean sortu zen, lehenik Oiasso, gero Irun… eta beste herri batzuk ere bai: ez gaitezela xobinistak izan. Ez da harrigarri, bada, XIX. mende bukaeran, alardea auzoetako konpainiatan banatzen hastean, Bidasoari egokitzea hiriko bandera eramatea.
Horrexegatik, 1998an gizon-emakume talde batek Alardea beti bezala antolatu behar zela erabaki zuenean, alegia, Udal Alarde bat berrantolatzeko tenorean, betikoari eusteko hutsetik abiarazi behar izan genuen arren, ez zen zalantzan jarri Bidasoa izango zela osatu beharreko lehen konpainia, auzo bat baino gehiago Irun osoa ordezkatzen zuen neurrian.
Bai eta halaxe egin ere. Zein aproposagorik, gainera, edozein auzotako irundarrak ez ezik Nafarroa eta Lapurdirekin lotzen gaituen izena eta izana baino?
Eta halaxe izan zen 2000. urtea arte.
XXI. mendearekin batera udal Alardea desagertuta (ikusiko ahal dugu berriz! Ikustekotan, parekidea, bestela ezin udal alarderik izan), 2001-2002. urteetan Oiasso konpainiak hartu zuen irundartasun berdinzalearen ikurra.
Berriro 2003an Alarde oso bat egiteari ekin, eta berriro ere, zalantzarik gabe, Bidasoa konpainia osatu. Hortaz, ulertzen da Bidasoa konpainiarik handiena izatea, jende gehien biltzen duena.
Dena den, gu ez gaitu tamainak askorik kezkatzen, sasoian egoteak baizik. Seguru aski, Irun desagertzen bada ere, Bidasoak hortxe segituko du, beti berdin, beti aldakor, biziak berak bezala.
Gu ez gara egongo, baina guk ereindako hazia ernatuko da behin eta berriro, mundua mundu den artean.
Konpainiaren facebook-ean sar zaitezke