
Agurra 2022
500 urte
Bi urtez gorputz eta arima jo gaituen, bi urtez Alarderik gabe utzi gaituen pandemiaren ondoren, gogoz eta indarberriturik ekingo diogu 2022ko Alardeari.
Aurten, gainera, badugu San Martzial borrokaren 500. urtebetetzea. Izan ere, ekainaren 30a jaieguna da gertakizun haren gogorapenez. San Martzial Alardea, geroago sortu eta etengabeko eboluzioan egonagatik ere, gure nortasunaren eta gure herri izaeraren sinbolo bilakatu da, irundarron ezaugarri bereizgarria; beraz, ondare hau datozen belaunaldiei helarazteko asmotan berrekiten diogu aurten. Kultura eta tradizioak, errituak barne, norbanakoen eta komunitateen nortasun iturri dira; talde baten kide izatearen zentzua ematen digute, hiritarron kohesioa sendotzen duten heinean.
Borroka bat gogoratzea ez da ospatzea. Hain zuzen, historia ezagutu beharra dago, errepikatuko ez bada. Bizi garen garaiotan inoiz baino beharrezkoago dugu gerrari uko egitea, hori ezin baita gatazken konponbidea izan. Guk adostasuna ospatu nahi dugu, topaketa, pertsonen eta herrien arteko elkartasuna, ez gerra eta liskarra.
San Martzial oroitzapen historiko bat da. Alardea, berriz, bizi-bizirik dago, zirraragarria eta kartsua da, senidetzen gaitu, hari esker hiritar hobeak gara, jendarte hobea. Alardeak badu guztiok batzeko, integratzeko, desberdintasuna errespetatzeko eta berdintasuna bermatzeko bokazioa, ongi pasaz eta pasaraziz irundarren kohesiorako baliabide izatekoa. Hauexek ditugu, bada, bilobei irakatsi nahi dizkiegun balioak.
Aurten berriro eskatu diogu formalki Irungo Udalari, Jose Antonio Santano alkateari, Udal Alardea antolatzeko bidea zabal dezala –testua eskuorri honen kontrazalean irakur dezakezue–.
Uste dugu badela tenorea gure Udalak tradizio hau berreskura dezan, irundar guztion ondarea da eta.
Baikor gaude eta badakigu berandu baino lehen gure hiriak Udal Alarde bat izango duela: hiritar guztiei zabalik, bat egiten lagunduko gaituen Alarde bat, berriro senti gaitezen irundar izateaz harro.
Gora Irun!
Gora San Martzial!