“Irun eta Hondarribiko Alardeen zera hau guztia” 1996an emakume talde batek haietan parte hartzeko asmoa zuela jakinarazi zuenean sortu zela esan ohi da. Ez, bada. Haien aurkako erreakzio bortitza sortu bazen, oraindik orain itxuraz leunago dirudien arren bizirik badirauena, arrazoia ez dago emakume haiengan bilatu behar, biztanleen sektore handi samar batengan baizik. Zeren eta, aurkari haiexek barneratu izan balute Alardeek islatu behar dutela (bidenabar, beti egin duten bezalaxe) gure gizartean ematen den bilakabide orokorra, beste oilar batek egingo zigukeen kukurruku. Edo, beharbada, hortxe dago koxka: itxurak itxura, gurean eta kanpoan, berdintasunaren zera hau guztia ez dagoela benetan barneratua, axala baino ez dela.
Normaltasuna normala ez den artean, web honek normaltasunerantz hurbildu nahi gaitu: entsaioen, barne-oharren eta halakoen berri ematea, argazki-galeriak, eta abar. Aldarrikapenaz harago, indarkeriarik eta biktimismorik gabe, albait umore onenean. Gustuko tokian dagoen aldapan gora eginez, Jabier Muguruzaren hitzetan, txapela jantzita, badoa.
Eskerronak: zer eskertu franko badugu jende eta kolektibo askori, Bidasoaldean eta kanpoan, nahiz eta gehienek apaltasun osoz aipatzea nahi ez, “egin beharrekoa baizik ez dutela egin” diotelarik.
Erakundeei buruz, ordea (zentzurik zabalenean hartuta), lehenik eta behin Emakunde eta Gipuzkoako Foru Aldundia –eta honen barruan, ez bakarrik Berdintasun Zuzendaritza– dira, ezbairik gabe, ekonomikoki bidasoar jaietan berdintasunaren ikusgaitasuna ahalbidetu dutenak.
Arartekoren tolesik gabeko babesa ere aipagarria da… tamalez emaitza praktiko gutxiagokoa bada ere. Gainerakoen artean, denetarik: laguntza teorikoa, baldintzapekoa, joan-etorrikoa, tati jokatzen dutenena, ezaxola, bai eta, Udalen kasuan, erabateko aurkaritza ere. Noiz arte, geroak esango. Nahi genuke eskerronen zerrenda lehenbailehen zabaltzea bagenu.