
Agurra 2023
25 urte dira gure hirian emakumeek lehen aldiz egin zutela Alardea berdintasunez. Alarde hura ahaztezina zaigu denoi, eta bereziki parte hartu genuen emakumeoi.
Giro hotz, hits eta batzuetan bortitzean gauzatu genuen arren, oraindik ere ezin dugu hitzez azaldu orduan gainezka egin zigun emozioa. Beharbada ez dugu inoiz berriro biziko hura bezain Alarde hunkigarririk. Ez baitugu inoiz ikusi, Arrankadan eta San Juan Harria plazan sartzean, hainbeste jende negarrez.
Harrez geroztik Alarde asko izan dugu, jai giro hobean, jende gehiagorekin, poz handiagoarekin; baina behin ere ez da agertu orduan bezain garbi sekulako aurrerapausoa ematen ari ginela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean. Zailtasun franko izanagatik, akatsak akats, argi eta garbi geratu zen gure hirian ez zela berriro egingo emakumerik gabeko Alarderik.
1998an abiarazitako bidea ez da erraza izan. Gaur egun, 25 urte geroago, Alarde bikaina dugu, zirraragarria, gure arbasoen tradizioa eta gaur egungo balioak –berdintasuna, demokrazia– uztartzen jakin duena.
Eta horrela da duela 25 urte aurrera egin zutenen konpromisoari eta lan nekaezinari esker, bai eta jaia eta tradizioa bateratzen dituzten gazteen indar suharrari esker ere. Batzuei eta besteei, eskerrik asko.
Eskerrik asko, bada, 25 urte baino gehiagotan berdintasunaren aldeko proiektuarekin bat egin dutenei. Eskerrik asko urteotan babestu gaituzten milaka lagunei. Eta zer adierazi, gure esker ona ez bada, espaloietatik txalo eta txalo animatu gaituztenei.
Behin baino desfilatu ez dutenei eta 25 urteotan egin dutenei, milesker. Berdin ausartu direnei eta egiteko ausardia nahi izango zutenei. Berdintasuna beste biderik ez dagoela eta gizarte berdinagoak hobeak eta sendoagoak direla ulertu dutenei, esker mila.
Gure hiriko arduradun politikoek ere berandu baino lehen hala ulertuko dutelakoan eta bazterkeriarik gabeko Alarde bat antolatuko dutelakoan gaude. Aurten berriro eskatu diogu udalari antola dezala. Izan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eginbehar politiko eta morala da, ezein erakunde demokratiko itzuri ezin zaiona. Eta hori, Irunen, Udal Alardean gauzatzen da.
25 urte: zorionak