Agurra 2024
Iazko Alardearen balorazioa honela hasten zen: “Nekez adieraz ditzakegu hitzetan ekainaren 30ean San Martzial Alardean bizi izan ditugun sentimendu sakon hunkigarriak. Ziur gaude desfilearen barruan nahiz espaloietan parte hartu duzuenek ederki ulertzen diguzuela”. Partaideen kopuru handiak eta nagusitu zen jai giroak ez ezik, beste arrazoi batzuek ere Alarde borobila egitea ahalbidetu zuten.
Batetik, Alardeari konpainia berri bat gehitu zitzaion, San Migel auzokoa. Pozez bete gintuen, eta harrera ezin hobea izan zuen auzoan bertan. Konpainiak gogotsu eta kementsu jarraitzen du lanean urtetik urtera haz dadin eta gure hiriko gero eta gizon eta emakume gehiago batu dakizkion.
Bestetik, eta lehen aldiz emakumeen partaidetza parekidea duen Alardea egiten denez geroztik, alkateak eta Udalbatzako alderdi politiko guztien ordezkariek harrera egin zioten Udaletxeko balkoian.
Bilduk, EBk eta Elkarrekin-Podemosek hasiera-hasieratik egin dute. 25 urte dira keinu hori eskatzen ari ginela, gure aburuz erakundearen eginbehar etiko eta politikoa baita harrera eta ezagutza publikoa egitea Alarde parekideari, emakumeok pairatzen genuen bazterkeria ezabatzeko sortutako Alarde bakarra baita.
Udalbatza osoak Udaletxetik Alardeari abegi egin izana aurrerapauso garrantzitsua da, eta Alarde parekidea zilegitasunez indartzen duen aitortza bat.
Berriro eskatu diogu Alkatetzari herritar guztientzako Udal Alarde bat antola dezala. Aurten, gainera, eskabidea emakume bati zuzendu zaio; izan ere, gure historian lehendabizikoz, emakume bat da Irungo alkate. Ospatzeko moduko gauza delakoan gaude, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko baliagarria izango den heinean.
XXI. mendearen ia laurden bat pasata, “Me too!” eta “Akabo!” garaiotan, emakumeen eta gizonen berdintasunezko partaidetza baimentzen ez duen alarde bat egotea moralki eta etikoki onartezina da.
Aurten igandean den Alardeari sasoian eta bizi-bizi ekingo diogu. Ez dugu dudarik egiten bertan denok elkartuko garela festan eta ospakizunean, musikaz eta alaitasunez blai elkartu ere, gure lagun eta senideekin beste egun paregabe bat bizitzeko
Gora Irun!
Gora San Martzial!