alarde publikoa

Trantsiziotik emakumeen parte hartzearen gatazkara. 1976-1996

Denbora horretan, hiru aldiz aldatu zen Ordenantza: bi erreforma txiki 1964an eta 1976an eta Ordenantza erabat berria 1980. urtean. 1964ko Ordenantzak jaso zuen artikulu bat izan zen Alardean parte hartu nahi zuten emakumeen nahien oinarri moral eta legala: "Alardean parte hartzea 'ohorezko titulua eta borondatezko zerbitzu ekintza' da".

1976
1976. Udal Artxiboa. Argazkia: Felipe Iguiñiz

 

Baina Ordenantza horrek aldaketa handiak sartu zituen aurrekoei zegokienean, batik bat funtsezkoenean: oroitzen ari dena. 1944ko Ordenantzak bere atarikoan esaten zuen 1522. urtean Aldabeko harrian izandako gudua zela Alardearen jatorria eta Udalaren nahia zela “ohitura abertzale-erlijioso hori ahalik eta garbien kontserbatzea”. l980ko hamarkadan jada hauxe ageri zen tituluan: “Foru Milizien Arma Erakusketaren eta Jende Ikuskatzearen oroitzapena" eta 1. artikuluak esaten zuen foru miliziak gogora ekartzeko zela Irungo Alardea. Gizartearen barnean euskal nazionalismoak indarra hartzen zuen heinean, Alardearen zentzua aldatu beharra zegoen.

Hasi da errebindikazioa

Bien bitartean, zerbait gertatzen ari zen atzealdean, zerbait hurbiltzen ari zen itzalean. Alardeko Musika Bandako zuzendariordearen ideia jaso zen Alardearen Batzordeak 1976ko maiatzaren 21ean egindako bileraren aktan, hauxe da, bandan hiru emakume sartzea. Zuzendariordeak behin eta berriz errepikatu izan arren lehentxeago edo geroxeago kontua serioski planteatuko zela, Bandako emakumeek beren lekua eskatu zutenean, ez zen eztabaidarako aukerarik eman eta gizonek bakarrik parte hartzea erabaki zuen Batzordeak.

Errebindikazioaren hurrengo agerraldia izugarria izan zen.

Honako izen honekin hasten da espedientea “1978. urtea/ Isabel eta Rosaren idatzia San Martzial Alardean nesken konpainia bat osatzeari buruz.

Barnean, bi neska gaztek eskuz idatzitako gutun batean, handik hogei urtera Bidasoaldeko Emakumeak taldeko emakumeek planteatuko zituzten arrazoi berdinak zeuden.

  • Desfilatzeko eskaera egiten dute irundarrak DIRELAKO
  • ESKUBIDEA dutelako
  • Jaiak elkartuagoak eta alaiagoak izango liratekeelako.

Eta gizonak bezala jantzita desfilatu nahi dute, ez kantinera gisa.

Baina 1979. urtean izan zen egungo errebindikazioaren aurrekari zehatzena.

1976
1976. Udal Artxiboa. Argazkia: Felipe Iguiñiz

 

Herriko Etxean beste Udal bat osatu zen, Franco hil ondoren egindako hauteskunde demokratikoetatik sortutako lehenbizikoa. Boto gehien izan zituen alderdia PSOE izan zen (9 zinegotzi), baina Alkatetza EAJk hartu zuen (8 zinegotzi) Euskadiko Ezkerraren (2) eta UCI alderdi independentearen (3) laguntzari esker. Gainera, Herri Batasunako hiru zinegotzi zeuden.

PSOEko bederatzi zinegotzietatik bakar batek ere ez zuen lotura handirik Alardearekin, baina EAJn oso bestelakoak ziren gauzak. Zinegotzi nazionalisten ehuneko handi batek postu garrantzitsua zuen Alardean. Hori ez zen batere harritzekoa, XX. mendean zehar zinegotzi askok, eta alkateek ere, parte hartu baitzuten Alardean artxero, jeneral, danbor nagusi, ... gisa, baina alderdi politiko guztietako zinegotziak ziren, batzuk kontserbadoreak eta monarkikoak, eta baita ezkerreko militar errepublikanoak ere. Ordura arte ez genuen halako osinik aurkitu nazionalisten eta nazionalistak ez zirenen artean.

Horiexek dira Alardeak hazkunde handiena izan zuen urteak; izan ere, 1978. urtean 3.660 kide izatetik 6.000 izatera pasa zen 1983. urtean

Ikusi dugun bezala, Udal berri horrek ez zuen denbora askorik igarotzen utzi Ordenantza berria idazteko. Alardearen kontzepzio ideologikoaren aldaketarekin batera, 1980ko Ordenantzak bazituen beste berrikuntza handi batzuk ere. Horien artean, gatazkaren lehen urratsak ulertzeko berrikuntza nagusia zen Alardearen Batzordea, aurretik bazena, behin betiko instituzionalizatu egin zela eta Ordenantza interpretatzeko eta aplikatzeko gaitasuna zuen erakunde bakar bilakatu zela.

Batzordeak Udalarekin eta herritarren ordezkari politikoekin zuen lotura bermatzeko, hartan ordezkari bat izendatzeko eskubidea zuen udalean ordezkaritza zuen alderdi politiko bakoitzak. Nolanahi ere, hor jada bazen lehen urrats bat Batzordeak autonomia eta botere handiagoa izateko; izan ere, ordura arte Osoko Bilkura zen, irundarren ordezkari politikoa, Ordenantza interpretatzeko gaitasuna zuen organoa. Orain ordea gaitasun horiek udal batzorde bati ematen zaizkio, eta hartako kide askok ez zioten erantzuten hiriaren osaera politikoari, alderantziz baizik, sigla jakin batzuetakoak ziren edo sigla jakin batzuen aldekoak ziren ia guztiak. Hala bada, Batzordea eta hedapenez Alkatea, botere paralelo edo kontrabotere bilakatu ziren.

Testuinguru horretan, eta gainera, Frankismotik etorritako instituzioak demokratizatzeko ekimenen barnean, “San Pedro eta San Martzial Jaietako Batzorde iraunkorra” osatu zen 1979. urtean; 67 erakunde zeuden hartan, hamabost ordezkarirekin. Gizarteak parte hartzeko bidea irekitze horri esker azaldu ahal izan zituzten emakumeek beren ikuspuntuak Batzordearen aurrean, hamahiru ordu iraun zituen bilera batean.

Horrenbestez, errebindikazioa azkarregi eta erreakzionatzeko denborarik gabe egin zela diotenei, ahantzi egin zaie emakumeen parte hartzea 1976. urteaz geroztik ari zela planteatzen eta mobilizazio handiagoarekin 1979. urteaz geroztik, inolako udal zuzendarik edo Alardeko agintarik ez bazuen ere ikuspegi nahikorik izan bidea prestatzen joateko eta denborarekin askoz ere modu gogorragoan birplanteatuko zen eskakizun bati irtenbidea emateko.

Nolakoa izan zen 1979ko gatazka eta nola garatu zen?

Sortu berria zen jaietako Batzorde iraunkor horrekin hasi zen guztia. Lehen esan dugun bezala, hartan hainbat elkartek eta erakundek hartzen zuten parte eta hartara jo zuten “Irungo emakumeak” taldeko emakumeek beren eskaerak azaltzera.

Maiatzaren 19an izan zen bilera, baina emakumeen eskaera zehatza zein zen ondo argitu aurretik, jada kalean eta prentsan zegoen haien nahia eta esamolde laidogarriak erabili ziren gainera. Hilaren 19ko bilerara joan ziren pertsonetako batzuk, han eztabaidatutakoak izan zuen eraginaren eta manipulazioaren aurrean harri eta zur, gutun bat bidali behar izan zuten egunkarira (1979/05/27), horrekin pentsa dezakegu zer-nolakoak izango ziren esaten ziren gauzak.

Gutun horren azterketak aukera ematen digu 1979ko eta 1996ko erreakzioen artean hainbat elementu komun topatzeko. Lehenengoa, pertsona batzuk (guztiak gizonak) izugarrizko oldarkortasunez erantzun ziotela oraindik xehe ezagutzen ez zuten eta, une haietan bederen, berehalako arriskua ez zen proposamen bati. Bi kasuetan, gaia eztabaidatzeko gonbita egin eta Alardea diskriminatzailea zela gogora ekarri besterik ez zuten egin emakumeek.

Bigarren elementua zen erantzunen iseka eta parodia izaera, sexu rolak bereziki nabarmenduz.

Bada hirugarren elementu bat ere berdin-berdina: eztabaida historikoaren garrantzia. Hala “Irungo Emakumeak” nola “Bidasoaldeko Emakumeak” errebindikazioan lehen urratsak egiten hasi ziren eta txosten historiko bat aurkeztu zioten Alardearen Batzordeari, eta hain zuzen ere eztabaidako elementu horretan oinarritu ziren emakumeen parte hartzearen aurka zeudenak, baita prozedura judizialetan ere.

Nolanahi ere, halako polemikaren ondoren, “Irungo Emakumeak” taldeak utzi egin zuen kontua. Ez ordea emakumeek. Urtez urte, hurrengotik hasita, 1980, Alardean bakarka sartzea lortu eta ibilbideko lekuren batean kanpora aterarazi zituzten emakumeen erreferentziak agertzen ziren. Sor zegoen errebindikazioa.

Ohar laburrak 1996 arteko aldaketei buruz

1983. urtean EAJk Hiriko Udala galdu zuen, Irun komunikabideen jopuntuan jarri zuten hainbat gertakizunen ondoren. Ez zen ez iskanbilarik gabe eta sufrimendurik gabea izan Alberto Buenen iritsiera Alkatetzara: ehunka lagunek Herriko Etxeraino jarraitu zioten, ustez etorri zenean zekarren kartoizko maleta berarekin Hiritik alde egiteko gonbita eginez. Gobernu aldaketa traumatikoa izan zen eta Alardean ere izan zituen ondorioak: orain Udala gobernatzen zuen alderdia ez zetorren bat jaian nagusi zen alderdiarekin.

Baina Alardea ere aldatzen ari zen. Informazioa emateko bilera publikoak egiten ziren, Batzordeak jakinarazpen luzeak egiten zituen Alardea nortasuna galtzen ari zela ohartarazteko, eta nabarmen gora egin zuen parte hartzaileen kopuruak. Joera batzuei eusteko ahalegina sumatzen zen halaber: mutil gazteegiak desfilatzea, konpainietako bandetako kideen kopurua handitzea edo kantinerek diru gehiegi gastatzea konpainiei eskaintzen zitzaien hamarretakoan eta abar. Neurri handi batean alferrikakoa izan zen ahalegina.

Alardearen Batzordearen bilera 1988. urtean. Udal Artxiboa
Alardearen Batzordearen bilera 1988. urtean. Udal Artxiboa.
Argazkia: Mariano Otero Bonis

 

Ikusi dugun bezala, Ordenantzak diziplina eta interpretazio alorretan eskuduntzak ematen zizkion Batzordeari. Oso eskuduntza zabalak ziren eta ezezagunak ikuspuntu historikotik begiratuta. Baina bazen beste batzorde bat ere: Agintarien Batzordea, agintariek eta beste parte hartzaile batzuek osatua. Egia esan, batzorde horrek Udal Batzordearen egitekoak bere gain hartzen zituen Jenerala izendatzen zenetik aurrera, maiatzean. Udaletik guztiz bereiz zegoen Batzorde hori eta antolakuntza egitekoak baino ez zituen. Aldiz, gatazkaren ondorioz, jakinarazpenak idatzi zituen eta erabakiak hartu zituen emakumeek parte hartzeari buruz.

Zein zen Alardearen Batzordearen funtzionamendu praktikoa?

Alardearen Batzordearen bilera 1996. urtean. Udal Artxiboa
Alardearen Batzordearen bilera 1996. urtean. Udal Artxiboa.
Argazkia: Mariano Otero Bonis

 

Bilera gehienak elkarteetan edo jatetxeetan egiten zituzten, Udalak ordaintzen zituen afarietan, baina gehienetan kide politikoak ez zituzten gonbidatzen. Batzordeak izena besterik ez zuen udalarena, jarduteko autonomia baitzuen, eta Alardearekin loturiko erabakiak askatasun osoz hartzen ohituak zeuden kideak.

1995. urtean gertatutako gorabehera batek ondo asko erakusten du zer-nolako tentsioa sortzen zen herritarren ordezkari politikoek Alardearen Batzordearen aurrean kontrolen bat eramaten saiatzen zirenean. Urte hartan, hainbat gorabeheraren ondorioz, Roman Rico Alkateordeak erabaki zuen –Ordenantzak ematen zizkion eskuduntzak erabiliz- Batzordeak proposaturikoa ez bete pertsona bat aukeratzea Alardeko Jeneral. Batzordeari ez zitzaion Alkateordearen erabakia onartu beste erremediorik geratu. Hala ere, Ibarla auzoko baserri batean isilpeko bilera bat izan zuen Alardearen Batzordeak, ordezkari politikorik gabe, eta han elkar hartu zuten Alardea udalaren kontrolpetik ateratzeko. Alardearekin loturik zegoen emakumeen gatazkak ere lagundu egin zien. Geroago ikusiko dugun bezala, pribatizazioa zen haren helburua lortzeko baldintza nagusia.

Baina aukera hori gauzatu zen arte, 1997. urtean, Alardearen Batzordearen barnean gero eta handiagoa zen tentsioa egoera berri baten ondorioz, ondorio handiak izango zituen gertakizun historikoa, hain zuzen ere: hiru emakume zeuden Alardearen Batzordean. Maribel Castelló EAkoa, Rosa Sánchez IUkoa eta Josune Urrosolo HBkoa.

Hiru emakume horiek egin zuten indarraren, eta Ordenantza berri bat onartzeko ahaleginaren ondorioz, Batzordean lehen aldiz planteatu zen emakumeen parte hartzea.


Liburuaren atala
Liburuaren atala

Informazio guztia "Los Alardes del Bidasoa: Pueblo versus ciudadanía" liburutik atera da. Artikulu osoak irakurri eta behera kargatu ahal dituzu hemendik.

Hortaz, fenomenook ulertzeko tenorean, “historiara" jotzea, besterik gabe, ez litzateke nahikoa. Horrexegatik gonbidatzen dugu hartan sakondu nahi duen oro irakurtzera UEUk 2005ean paperean (ISBN: 84-8438-066-1) eta berrikitan on line argitaratu duen Gorka Moreno soziologoak eta Xabier Kerexeta historialariak koordinatutako “Bidasoako alardeak: Herria versus hiria". Bertan, artikulu banatan, zeinek bere espezialitatean, unibertsitateko tituludunek sarrera, antropologia, historia, Alardeen bilakabidea, gatazkaren kronika, zuzenbidea, soziologia eta kazetaritza jorratzen dituzte, Anjel Lertxundi idazlearen gogoetak buruturik. Haren kontsulta libre da; baina osorik edo zatiren bat erreproduzitu nahi izatera, artikulu bakoitzaren egilearen baimena beharrezkoa da, zorrotz@terra.es helbide elektronikoaren bitartez eska daitekeena.

issuu

Gorka Moreno (doktorea soziologian, Euskal Herriko Unibertsitatea): Los Alardes del Bidasoa: La confrontación entre pueblo y ciudadanía.
PDF behera kargatu

issuu

Margaret Bullen (doktorea antropologian, Euskal Herriko Unibertsitatea): Derechos Universales o especificidad cultural: una perspectiva antropológica.
PDF behera kargatu

issuu

Xabier Kerexeta (lizentziaduna historian, kultur ondarearen kudeatzailea): La Historia, a merced de la Tradición: El caso de los Alardes del Bidasoa.
PDF behera kargatu

issuu

Mercedes Tranche (lizentziaduna Zuzenbidean, emakumeen literaturan eta tokiko historian aditua): Algunas claves sobre la Historia del Alarde: Guía para comprender el conflicto.
PDF behera kargatu

issuu

Mercedes Tranche (lizentziaduna Zuzenbidean, emakumeen literaturan eta tokiko historian aditua): La participación de la mujer en el Alarde: Historia de un desencuentro.
PDF behera kargatu

issuu

Garikoitz Lekuona (lizentziaduna Zuzenbidean, udal idazkaria): El derecho a la participación en el Alarde, sea público o privado.
PDF behera kargatu

issuu

Gorka Moreno (doktorea soziologian, Euskal Herriko Unibertsitatea): Los Alardes del Bidasoa: Una gestión política errónea y perversa.
PDF behera kargatu

issuu

Edurne Irigoien (doktorea soziologian, Madrilgo Auzo Elkarteen Eskualdeko Federazioko prentsa arduraduna): La construcción discursiva del conflicto del Alarde por los medios de comunicación.
PDF behera kargatu

issuu

Angel Lertxundi (idazlea): Porque no me es ajeno.
PDF behera kargatu