Irun 2001-2002: Oiasso
2000. urteko azaroan EAJ taldeak, IBAAk eskatutakoari jarraiki, Alardearen Ordenantza aldatzeko mozio bat aurkeztu zuen Udalbatzaren Osoko Bilkuran. Mozioak bertan behera uzten zituen Ordenantzaren barnean aldaketa handiak egiteko ahaleginak eta Udal Alardearen ordutegiarekiko aipamen oro desagerraraztea beste helbururik ez zuen. Hala bada, proposamen hark hauxe nahi zuen “Alardearen ordutegiak urtero finkatzea, ohikoa ala ezohikoa izan daitekeen Osoko Bilkurak hartutako erabakiaren bidez; bilkura hori apirilean egingo litzateke eta Udalak urtero onartzen duen jaietako programan jasota geratuko dira gero". Mozioa onartu egin zen alderdi politiko guztien aldeko botoarekin, EHrena eta zinegotzi sozialista batena izan ezik. Erabaki horren ondorioz, BAEk prentsaurreko batean jakinarazi zuen ez zuela Udal Alardea antolatzen laguntzen jarraitzeko asmorik. Esan zuen Ordenantza aldatzean hautsi egin zirela Alkateak azken Alardea egiteko hartu zituen konpromisoak, eta Udal Alardearen bidea Udalak berak agortu zuela ulertuz, uko egiten ziotela hura antolatzen laguntzeari.
2001eko urtarrilaren lehen egunetan eragin mediatiko eta legal handiak izan zituen gauza bat gertatu zen. 1998. urtean sei emakumek auzi eskea aurkeztu zuten Betiko Alardearen antolatzaileen aurka. Irungo Udal Auzitegiak iritzia eman zuen haren aurrean eta esan zuen ez zuela jurisdikziorik. 2001eko urtarrilaren 4an, Probintzia Auzitegiak baieztatu egin zuen lehen instantzian emandako epaia, esanez Betiko Alardeak Ikuskizun Publikoen Legea bete behar zuela, eta horrenbestez, udal agintaritzaren mende egon behar zuela. Ikuskizun publikoen legeak ikuskizun baztertzaileak debekatu egiten zituenez –eta debekatu egiten dituenez-, kontua argi zegoela zirudien. Berehala izan ziren erreakzioak epai horren aurrean eta oso sakonak izan ziren gainera.
Tradizionalisten aldetik, Alardearen Batzordeak adierazi zuen epaia “ez-ohikoa eta susmagarria” zela (Gara 01/01/09). Labur esateko, hauxe gertatu zen haien iritziz: Luis Blánquezek, Salako presidenteak, gaiaren hondoan sartzen zen eta arrazoia ematen zien epai bat idatzi zuen txostengile gisa, baina azkeneko minutuan epai hori aldatu eta beste bat eman zen eta hartan ezgaitzat hartzen zen Auzitegia. Egoera horren aurrean, Auzitegiari presioa egitegatik haien ustez, salaketa aurkeztu zioten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari.
Haiek nola ezagutu zezaketen, ordea, argitara eman ez zen epai bat? Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ikerketak espero zenaren justu aurkakoa erabaki zuen: Egia zen Blánquezek txostengile gisa jardun zuela, baina gainerakoen adostasuna ez zuenez lortu, Antonio Matíasek idatzi zuten epaia eta Blánquezek bere boto partikularra eman zuen. Epaia jada idatzita eta Salak sinatua zegoenean, Blánquezek paragrafo bat sartu zuen hartan bere gogoeten edukia azaltzeko. Txostengilea aldaketaz ohartu zen eta okerra konpondu zuen, prozedura baliorik gabe uzteko arrazoi izan baitzitekeen. Blánquez bere kargua utzi behar izatera zigortu zuten bi urtez, gogoeten sekretuak agerrarazteagatik, Auzitegiko gainerako epaileak presionatzeagatik eta bere erabakiak inolako arrazoirik gabe atzeratzeagatik edo aintzat ez hartzeagatik. Egiaz gertatu zena oso bestelakoa zen tradizionalistek esaten zutenaren aldean eta haien aldetik izan ziren auzitegiarekiko presioak.
Emakumeek parte hartzearen aldekoei dagokienean, Probintzia Auzitegiaren epaiaren ondoren, Udal Alardearen Batzordeak hauxe ulertu zuen: "Jada Alarde espezifiko bat antolatzeko beharrik ez dagoenez, hemendik aurrera antola daitekeen edozeinek errespetatu egin beharko baitu emakumeen parte hartzea, uste dugu bukatu egin dela gure lan denbora”. Hauxe da, Batzordeak ulertu zuen, edozein Alarderen antolakuntzak ikuskizun baztertzaileak debekatzen zituen legea bete behar zuenez, emakumeen parte hartzea bermatua zegoela nahi zuen guztiarentzat. Hala bada, Alkateak berriro ere Batzordera jo izan arren 2001eko Alardea antola zezan, boteak ziren Udal Alardearen zotzak.
Halaxe bukatu zen Irungo Udal Alardeen garaia
Maiatzean, Alarde Ofizialaren Batzordeak –orain “Alarde bakar baten alde” deitua- berriro ere uko egin zion alardea azken hiru urteetan egin zuen moduan antolatzeari.
Hilabete hartan bertan eman zen ezagutzera bi aukeren alde zeuden pertsonen talde baten ekimena, hauxe da, elkarrizketaren aldeko baterako dokumentu bat sinatzea lehenbiziko aldiz. Adierazi zuen konponbideak eztabaidatua izan behar zuela eta prozesu hartan buru izateko eskatu zioten Udalari.
Erabaki zehatza zen talde misto bat gehitzea, baina Betiko Alardearen aldekoek azkar asko eman zioten ezezkoa elkarrizketarako proposamenari, manipulatzailea zela esanez.
Udalak instituzio adierazpen bat onartu zuen, eta hartan, Alarde tradizionalarekiko errespetua besterik ez zuen eskatzen.
Emakumeek parte hartzearen aldeko batzarra egin zen ekainaren 14an Alarde Tradizionalean nola parte hartu zehazteko. Eztabaida luze eta gogorrak izan ondoren, beste konpainia bat (Oiasso) osatzea proposatu zen emakumeek hartan parte hartu ahal izateko eta jada zegoen konpainietako batek haiek onartzea bere lerroetan. Irakurri adierazpena
Baina hilaren 27an, Alkateak emakumeek parte hartu gabe Betiko Alardea egiteko baimena eman zuenean, inork ez zion oraindik erantzun proposamenari. Alardea egiteko baimen hori errekurritu egin zen EAEJANren aurrean eta erresalbuzko neurriak hartzeko eskatu zen. Eta ebazpen judizialek orduantxe egin zuten bat-bateko bira: Auzitegiak, berriz ere hilaren 29an, baztertu egin zuen neurriak hartzea, eta ondorioz, Oiassoko gizonek eta emakumeek eta beste konpainia batzuetan parte hartzeko ahalegina egingo zutenek ez zuten legearen babesik izango 2001eko Alardean parte hartzeko.
Egun horietan, gainera, komunikabide eskuindarrek kanpaina bat hasi zuten emakumeak parte hartzearen aldekoak kale borrokarekin lotzeko. Hala bada, ABC egunkariak honako izenburu hau eman zion Alardearen inguruko gatazka lehen aldiz aipatu zuenean “Los proetarras planean reventar las fiestas de Irun con actos de terrorismo callejero 'estilo Vergara'” Ikus berria ABCn. Intoxikazio ahalegin garbiaren jarraipena besterik ez zen izan, emakumeen errebindikazioa politikarekin nahasi nahi izan zuten, lehen egunetik gertatu zena, eta ABCren eskuetan maila handiagoa hartu zuena.
Bien bitartean, kaleetan, emakume batek entseguetan parte hartu nahi zuen bakoitzean Ertzaintzari deitzeko taktika erabili zuten betiko alardekoek. Era berean, Oiasso konpainiak bultzaldiak eta tapoia osatzeko ahaleginak jasan behar izan zituen bere entseguetan. Hilaren 29an, Ama Xantalen, Buenos Amigos eta Katea konpainietan sartu nahi izan zuten emakume batzuek, baina Ertzaintzaren presentzia beste emaitzarik ez zuten lortu. Oiasso konpainiak ez zuen lortu Beñardo Urtizberea Betiko Alardeko jeneralak bere armak ikuskatzea.
Hilaren 30ean bi estrategia desberdin jarri ziren abian. Alde batetik, Oiassok lortu zuen polizia lerrotik alde egitea eta Alardearen ibilbidetik oso hurbil jarri zen. Baina bertan zeuden ikusleek eta poliziek ez zioten igarotzen utzi. Bien bitartean, Urdanibia plazan, konpainia tradizionaletan sartzeko ahaleginak egin zituzten gizon eta emakume talde batzuek. Ertzaintzak gogor egin zuen eraso, hainbat zauritu izan ziren eta hiru lagun atxilotu zituzten. Arratsaldez berriro ere saiatu ziren Alardean sartzen hiriko hainbat tokitan, eta beste hiru lagun atxilotu zituzten.
ABCn ateratako albistea. Prentsaren intoxikazio kanpaina alarde mistoaren aurka. (2001eko ekainak 23)
BAEren eta guztiontzako Alardearen aldeko Plataformaren adierazpena (2001eko uztailak 11)
Irunero (2001eko uztaila)
Informazio gehiago intoxikazio ahaleginari buruz (Gara • 2001eko abuztua)
2002. urtean berebiziko eskandalua sortu zen jakitean Alberto Buenek Irungo alkatetza utzi behar zuela Arartekoren alboko kargua hartzeko, kargu horri erantzungor egin bazion ere sistematikoki. Berehala hasi ziren erreakzioak, lehenbizi emakumeak Alardean ateratzearen aldeko alderdienak, gero Joaquín Okiñena Ararteko izateko hautagaiarenak berarenak, EAJ, EA, IU alderdienak, hainbat egunkaritako editorialenak eta abarrenak. Egoera horretan, azkenean Okiñenak karguari uko egin zion “kontzientzia arazoengatik”.
Aurreko urtekoaren ia berdin-berdina izan zen Alardearen aurreko egunetako egoera; hilaren 26an Udalak baimena eman zuen Betiko Alardea ikuskizun publiko gisa egiteko, baina emakumerik gabe; Oiasso konpainia iraindua eta erasotua izan zen bere entseguak egiten zituen bitartean eta hainbat emakume ahalegindu ziren konpainia tradizionaletan sartzen, baina Ertzainek ez zieten utzi.
Hilaren 30ean estrategia guztiz berria erabili zuen Oiassok: Betiko Alardeari aurrea hartu zion eta Arrankada egiten den lekua hartu zuen. Konpainiako kideak lurrean eseri ziren eta kartel batzuk atera zituzten poltsikoetatik. Hauxe irakur zitekeen haietan: “Behin betikoz sustraitik atera behar da gizonen eta emakumeen arteko diskriminazio oro. Juan Jose Ibarretxe. Lehendakaria. Inbestitura diskurtsoa 2001eko uztailaren 11n”. Ikus kartela
Ertzainek banan-banan atera zituzten galtzadatik konpainiako kideak, indarkeria handi samarrez eta berriketa gutxirekin gainera. Komunikabideetan eragin handia izan zuen gertakizun horrek.
Beste emakume talde handi samar batek Alardean sartzeko ahaleginak egin zituen ibilbidearen hainbat lekutan, baina ikusleek edo ertzainek ez zieten utzi.
Uztailaren 6an EAEJANek ezagutzera eman zuen alarde pribatuaren inguruko epaia, eta haren bidez onartu egin zuen Irungo Udalak emandako Alarde tradizionala ikuskizun publiko gisa egiteko baimenak zuzenak zirela. Horretarako, elkartze eskubidearen printzipioak ematen duen ekitaldi pribatuak antolatzeko askatasunean oinarritzen zen, haien aurrean botere publikoen aurrean baino indar txikiagoa baitu berdintasun printzipioak.
Azken bi urteetan erabilitako borroka egiteko modua agortua zegoenez, eta ebazpen berri horren aurrean, gogoeta sakona egin beharra zegoen
Andra (2002ko ekaina)
Gara (2002ko uztailak 1)
El Mundo (2002ko uztailak 1)
Diario Vasco (2002ko uztailak 1)