Emakumeak Irungo jaietan
2018 / 06
+ 500 sinadura
Sexuen arteko gizarte parekideago bat errebindikatzeko martxoaren 8an izan zen mobilizazio orokorrak argi utzi du emakumeok indar handia dugula gure eskubideen alde borrokatzeko, baina agerian geratu da, halaber, benetako berdintasuna lortzeko ibili beharreko bidea ere oso luzea dela.
Hogei urte luze igaro dira bi euskal udaletan herritar talde batek bere herriko jaietan emakumearentzako rol desberdin bat eskatu zuenetik. Jaietako ekitaldirik garrantzitsuenaren ospakizunean, alardean, soldadu gisa jantzita parte hartu zuten. Une hartatik asko izan dira jasan behar izan dituzten jazarpenak, “tradizioan” oinarritutako justifikazioen aitzakiarekin. Plastiko beltzez inguraturik ere desfilatu dute, plastiko beltzekin emakume ikusezin bihurtuko zituztelakoan, nola eta istiluen aurkako ertzainen babespean, gainera.
Gure inguruko jaietako ospakizun gehienak garai berrietara egokitzen joan dira arian-arian, baina gaur egunean Irunen, eta ustezko normaltasun batean, bi alarde ospatzen dira oraindik ere: bata pribatua, tradizionala eta baztertzailea; eta beste bat herritar guztiok barnean hartu nahi gaituena, emakumeek eta gizonek berdintasunean zeregin berbera daukaten alardea.
Gutun ireki honen bitartez, gutuna sinatzen dugun emakumeok bigarren ekitaldi hori babestu nahi dugu, “desfile mistoa” deitutakoa, emakumea orain arte ezarri zaion ikusle soilaren zereginetik urrunduko duen aisialdi aktiborako urratsa izan dadin.
Hau ez da “tokiko arazo bat kanpotik ulertzen ez dena”, sinetsarazi nahi diguten bezala, eta konponketa ezin da bi hamarkada gehiagoz luzatu, noizbait iritsiko den erabaki politiko baten zain gauden bitartean.
Horregatik, Euskal Herriko emakume eta gizon guztiak animatu nahi ditugu alarde publikoa babesteko mobiliza daitezen eta beren elkartasuna adieraz dezaten, ekainaren 30ean, larunbata, Irunera bertaratuz, bidezkotzat daukaten zerbaiten alde borrokan hamarkadak daramatzaten pertsonak txalotzeko, berdintasuneko festa lor dezagun, denontzako festa parekidea.
Alkateari eta bere alderdi politikoari ere eskatu nahi diogu seriotasunez eta errespetuz har dezala bere herritarren zati hau eta herritar horien eskubideak, eta alde batera utz ditzala kalkulatutako anbiguotasunak eta diskurtso bikoitzak.
Egin dezagun Alarde parekide bat.
Euskal Herrian, 2018ko ekainean.