20 urte
Ekainak 2018
Inoxenteak ginen, eta ausartak. Eta toki egokian une egokian dagoela jakin dakienaren irmotasuna genuen. Hamarkada luzetan zain egon ondotik muskila ateratzeko adina lur, eguzki eta ur daukan hazia nola, halaxe geunden gu. Udaberriak ezikusia egin behar dio datorkeen neguari; bestela adorea falta luke. Beraz, begiak itxi eta –inguratzen gintuen negu latzari sor– iragarri genuen: atera behar dugu.
Gerora etorritako guztia ez zen ederra izan, eta ez du merezi horretan sobera luzatzea. Baina ezinbestez aipatu behar dira bidean izandako mugarri batzuk: lehendabiziko eguna, orduko indarkeria eta beldurra; bigarren eguna, bidegabekeria eta ezintasuna. Bigarren hura –1997koa– izan zen atzera egin ezin genuenarena, denborak frogatu bezala: kinka hartantxe dena konpondu ahal izan zen; lurrak, eguzkiak eta urak bestelako muskil bat ekar zezaketen, eta behingoz jai bat lora zitekeen, hiri osorako jaia, integratzailea, berdinzalea, adiskidezkoa, bai eta nolabait arrazoizkoa ere.
Ez zen hala gertatu, ordea, bistan da. Neguaren indarrek gauaren ilunpean jardun zuten, boteredun ia instantzia guztiak lagun zituztela; beren buruaren kontra ere aritu ziren, beren ebazpenen kontra, argitik eta garbitik zerbait zuen guztiaren kontra. Eta, berekoi eta kaskagogor jokatuta ere, garaile agertu ziren.
Baina ez erabat; bestela ez geundeke gaur hemen. Mila urte igarota, urak bere bidea, eta urak bezala, guk ere bidea bilatu genuen. Bide berria desberdina izan da, hasieran uste baino luzeago eta bihurriagoa; baina ibiltzeko aukera ematen digu, azken finean. Hogei urte dira bideari ekin geniola, eta badugu hura ospatzeko tenorea, geure burua goratzekoa.
Ospatzen dugu, lehenik eta behin, falta zaizkigunen bizitza, eredua, oroitzapena. Eta ospatzen dugu, pozarren ospatu ere, urteotan batu zaizkigunen alaitasuna, konpromisoa eta adorea. Urte guztiotan gure joan-etorriak nozitu behar izan dituzten neska-mutikoak dira haietako asko. Eskerrik asko, handitu eta gure kide eta bidaide bilakatu zaretelako; patioetan, ikasgeletan, koadriletan, familietan bereizkeriak sinesmen xaloaz eraman dituzuelako. Arianarian, zuhaitz hau zuena izango da; gaur hori ere ospatzen dugulako: esku onetan egongo dela jakitea, eta zuekin itzal handiko adar zabalak izango dituela, sustraiak izan dituen bezalaxe.
Instituzio zenbaiten konpromiso etengabea ere ospatzen dugu: Arartekoarena, Emakunderena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, haiek gabe ezinezkoa izango baitzatekeen bide hau egitea. Eta deitoratu egiten dugu beste erakunde batzuen porrota, huts egin dutelako, ez dutelako bete jatorria eta zentzua eman zizkieten eta berezko behar zituzketen helburuak: arazoak konpontzea, herritarren artean bitartekari lanak egitea, berdintasunaren balioei eustea. Eta gaur, ospatzen ari garelarik, berretsi nahi diogu gure alkate jaunari zuzenean esan ahal izan genion azken gauza: EZ DUGU ETSIKO, INOIZ ERE EZ.
Geure existentzia ospatzen dugu, berez erresistentzia delako, eta itxaropena. Bidea aldatzeak ez dakarrelako helmuga aldatzea, eta gureak lehengo bera jarraitzen du: erabateko berdintasuna gure jaian. Horixe delako Irunek merezi behar lukeena, xede behar lukeena, eta horrexetarako hazi garelako.
Eta ospatzen dugu, nola ez, erresistentzia hori gero eta alaiagoa, gazteagoa, anitzagoa, zabalagoa dela; batetik, horixe delako irabazteko adina denbora jarraitu ahal izateko modu bakarra, eta bestetik, ez dugulako horrelaxe baizik irabazi nahi.
Emakume batek gorbata gorria janzten duen bakoitzean, irabazi egiten dugu; emakume batek ziriztilo beltzeko espartin parea erosten duen bakoitzean, irabazi egiten dugu; emakume batek eskopeta edo txilibitua hartzea edo zaldi gainean joatea edo urteren batean espaloitik gozatzea erabakitzen duen bakoitzean, lurpeko hazitik muskil berri bat ateratzen da.
Hogei urteren buruan, gure zuhaitza eguteran dago, hazi berriak ematen ditu, oparo eman ere. Inoxente jarraitzen dugu. Eta ausart. Eta toki egokian eta une egokian dagoela jakin dakienaren irmotasunez jarraitzen dugu. Izan gaitezen berriro udaberri, muskil berriak ematen jarraitzeko, eta etorkizunak heda dezala lau haizetara gure hazia, berdintasuna.
Mertxe Tranche