alarde publikoa

Texto leído en la presentación de cantineras.

28 - 06 - 2017

Gaurkoa ez da egun bakar bateko poza. Hemen ikusten ditugun kantinera gehienak, haien pasabidea alaitu duten txilibitu-jole gehienak ez ziren jaioak orain ospatzen ari garen hau sortu zenean. Zeren eta orain hemen ospatzen ari garena ez baita 1522ko San Martzial eguna. Hemen eta orain ospatzen ari garena Alardea da, irundar guztiek, zahar eta gazte, gizon eta emakume, libreki, bakoitzak nahi duen erara eta bakoitzak nahi duen postua betetzen duelarik.

Eta hori duela ia bostehun urteko ospakizuna baino askoz inportanteagoa da. Jatorriarena aitzakia da, aspaldi. Inportanteena da Alardeak irundartasuna sinbolizatzen duela. Nolako irundartasuna nahi dugun, horixe da koxka. Duela 21 urte ematen zuen emakume batzuek festan parte hartu nahi zutela, besterik gabe. Oso gauza sinple eta xumea. Oker zeuden. Ez delako sinplea izan, hori bistan da. Baina batez ere oker zeuden egin zutena ez delako inondik inora gauza xume bat. Sekulako egitandia da. 1996an, nork bere herriko festetan parte hartzeak, Irunen ez ezik, Euskal Herri osoan, eta hein handi batean baita kanpoan ere, tradizioaz, ondareaz, tokian tokiko festez genuen pentsamoldea goitik behera irauli du. Harrez geroztik deus ez da berdin izan, ez Irunen, ez Hondarribian, ez Luzaiden, ez Zuberoan, ez Baztanen, ez Antzuolan, ez Laudion, ez Elorrion, ez Zumarragan, ez inon.

Emakume haiek, gaztetxo hauek, hemen gauden guztiok, frogatu dugu berdintasuna ez dela huskeria, herriko egun handian hain gutx;, alderantziz: oinarrizko giza eskubidea da. Frogatu dugu kultur ondarea ez dela museoetan gordetzen den altxor ezkutua, denon eskura egon behar duen zerbait baizik. Frogatu dugu folklorea ez dela doinu alaiez eta soineko koloretsuez apaindutako antzezpen hutsa, herri bat elkartzeko eta herritarren arteko harremanak hobetzeko erritu bat baizik. Emakume haiek ez zekiten, inork ez genekien; baina tradizioaren kontzeptua XXI. mendeko gizartera egokitzeko bultzada 1996an hasi zen, eta Irunen hasi zen. Geroxeago, 2003an kultur ondare materiagabearen adierazpenean, UNESCOk berak berretsi du emakume haiek jorratutako bidea zilegi zela; areago, bide zilegi bakarra huraxe zela: festa, dantza, erritoa, dena delakoa tradiziozko ondaretzat hartuko badu, lehenik eta behin giza eskubideen errespetuan oinarritu behar da, ondare horrek bertako biztanleen elkarbizitzarako tresna dela frogatu behar da, kideen arteko harremanak berdintasunez estutzen direla argudiatu behar da. Musikak, koloreak, historia... hori guztia oso ongi dago, baina ez dira tradizioaren mamia, ez, behintzat, XXI. mendean iraunaraztea nahi badugu.

Tradizioa, kultur ondarea, gauza guztiak bezalakoa da: bizirik irauteko, aldatu behar du, bizi den errealitatera egokitu behar du. Bostehun urte izanagatik, Alardea gaztea dugu, freskoa, bizia, eta batez ere, herritar guztiek gozatzeko modukoa.

XXI. mendeko Euskal Herrian tradizioak inoiz baino biziago daude, eta hori hola da emakumeek parte hartu dezaketen heinean. Hemen biltzen diren gaztetxoek agian ez dakite, Irunen betidanik ezagutu dutelako eta berdin ikusten dutelako nonahi. Haiek poza, jaia, alaitasuna sentitzen dute. Urte gehixeago ditugunok ere bai, pozik gaude, festetan gaudelako, baina batez ere, egin dugunaz harro gaudelako, pozik.

ONGI PASA JAIAK. GORA IRUN. GORA SAN MARTZIAL!!