Alarde Publikoak 2013ko San Pedro eta San Martzial jaietarako programa aurkeztu du
Irunen, 2013ko ekainaren 11n
Alarde Publikoaren ordezkariek gaur, asteartean, hilak 11, San Martzial alardearen inguruan egingo diren ekinbideen programa aurkeztu dute. Aurten, jaiaren hitzorduak dakartzan programaren esku-orriak 23.000 ale dira, gaurgero etxeetako postontzietan banatzen hasi direnak. Halaber, programaren kartela ere aurkeztu da.
Aurkezpenean honako hauek egon dira: Ainhoa Ruiz de Arbulo, bosgarrenez jeneralarena egingo duena, eta Antonio Plaza, aurten Infanteriako komandante gisa lehendabizikoz arituko dena. Horiez gain, Naroa Mentaberri Olaberriko kapitaina, Virginia Bercedo Bidasoako kapitaina eta Patxi Perez Goñi Anakako kapitaina ere bertan azaldu dira.
“Programaren aurkezpen publiko bat egin nahi izan dugu -azaldu du Ainhoa Ruiz de Arbulok-, difusio gehiago emateko eta herritar guztiak denona den Alardean parte hartzera animatzeko. Hamabost urte dira ospatzen dugula eta, zorionez, gero eta gehiago dira ospakizun honetan lortzen ari garen errespetua eta normaltasuna, Alardea egiten dugun guztiona -gehitu du jeneralak-. “Ezbairik gabe, albiste ona da; horrexegatik zabaldu nahi diegu herritarrei holako mezua, denok jaiak albait alaienak ospa ditzagun”.
“Horrez gain -gaineratu du komandante berriak, Antonio Plazak-, “entseguen eta gainerakoen zabalpena ere areagotu nahi dugu, zeren eta, San Martzial egunean partaidetza handia izan arren, aurreko egunetan ere jendea animatzea behar baitugu, martxak entsaiatzeko eta kantinerei laguntzeko.”
Entseguak eta tailerrak
Alarde publikoak, jakina, gehiago ere badu: Zalditeriako eskolta, Artilleriako bateria eta Hatxeroak, gehi Infanteriako sei konpainiak, ekainaren 17 eta 27 artean entseguak egingo dituztenak. Hona hemen konpainiak, ibilbidearen ordenaren arabera: Landetxa, Bidasoa, Olaberria, Ama Xantalen, Lapitze eta Anaka.
Bandak eta Danborradak elkarrekin entsaiatuko dute, ohi bezala, hilaren 29an, arratseko 21:30ean, Urbanibia plazan. Gainerako entseguen ordutegiak eta abiapuntuak web gunean kontsulta daitezke: www.alardepublico.org
Era berean, Patxi Perez Goñik jakinarazi zuenez, ikasten ari direnentzako txilibitu eta danbor tailerrak ere egiten dira, ostiralero 19:00etan Dunboako Eskola Txikian, eta nahi duten guztiek parte har dezakete.
Kantineren aurkezpena eta armen ikuskatzea
Kantineren aurkezpena, jakina, ekainaren 28an izango da. 20:00etan hasiko da, Urdanibia plazan, eta honako ibilbidea egingo du: Urdanibia, San Martzial, Karrika Nagusia, Foru kalea, Berrotaran, Joaquin Gamon, Kolon pasealekua, Fermin Calbeton, Eskoleta eta Junkaleko plazatxoa. 20:15ak aldera hasiko da aurkezpena bera, non Alardeko hamar kantineretako bakoitzak eta jeneralak hitz batzuk esango dituzten.
Ibilbidean txilibituz eta danborraz parte hartu nahi duen orok, egin dezake, txapel gorria jantzita. Hartara, 19:45ean Urdanibia plazan agertu behar da.
“Kantineren aurkezpena gure Alardearen inguruan egiten diren ekimenetan maitagarrienetako bat da”, dio Antonio Plazak. “Plazatxoa oso espazio kattutteroa denez, giro bereziki goxoa lortzen da, ia etxekoa, esango nuke, askok oraindik ezagutzen ez badute ere bertaratzea merezi duena”.
Armen ikuskatzea, hilaren 29an, 17:00etan hasiko da, Bidasoako konpainian, Uranzu kalearen bukaeran, eta 19:40ak aldera bukatuko da, Anakako konpainiarekin, Puiana hiribidean. Ikuskatzea egiteko tokiak eta ordutegiak ere Alarde Publikoaren webean kontsulta daitezke.
Ordutegiak San Martzial egunean
Laster izango ditugu ordutegiak eta, azken urteotakoak berrituz gero, Arrankada 10:10ean izango da, goizez, eta 17:30ean, arratsaldez.