Alarde Publikoko Landetxa konpainiaren prentsaurrekoa
Irunen, 2013ko ustailaren 5a
Idatzi honen bitartez eta Landetxa Konpainiaren izenean, salatu egin nahi dugu aurten, berriro ere, azken urteetan bezala, jasan ditugun erasoak. Salatu nahi dugu jai egun hauetan pairatzen dugun indarkeria, genero indarkeria dela; hau da, emakumeen eta gizonen arteko harreman desorekatuak bultzatzen dituen sistemaren biolentzia.
Indarkeria hau ez da bakarrik San Martzial egunean islatzen. Aurten, auzoko entsaio batean, kotxe gidari batek konpainiako kideen segurtasuna arriskuan jarri zuen. Gidari honek kapitainaren gelditzeko keinuari uko egin eta aurrera jarraitu zuen abiadura biziz, konpainiako kideak bazterraraziz harrapatuak ez izateko.
Eta ekainaren 30ean, San Martzial egunean, hamazazpi urte ondoren, Kale Nagusian berriro ere erasoak jasan behar izan ditugu: indarkeria fisikoa, psikologikoa eta hitzezkoa (1). Pertsona batzuek haien edariak gure konpainiako kideen gainean jaurti zituzten. Honen ondoren, konpainiako partaide batzuk kolpatuak izan ziren. Indarkeria fisikoa – “Biktimaren segurtasun fisikoa arriskuan jarri edo kaltetzen duen egintza da, istripu ez dena”
Konpainiak oihu eta irainen artean jaitsi behar izan zuen Kale Nagusia, eta nahiz eta txalo asko jaso, mehatxuak, gutxiespenak eta keinu iraingarriak ere, ugariak izan ziren. Indarkeria psikologikoa, emozionala eta hitzezkoa da hau, – ”Biktimaren osotasun psikikoa arriskuan jarri edo kaltetzen duen egintza da, istripu ez dena”.
Okerrena ez da indarkeria bera, baizik eta erasotzaileen zigorgabetasuna. Inpunitate osoz erasotzen gaituzte eta babestuta sentitzen direlako mantentzen dute jarrera bortitz hori. Emakumeak, gizonak, helduak zein adin txikikoak erasotuak izan dira era indiskriminatuan. Ordena publikoa ziurtatu behar dutenek ordena apurtzen dutenen aurka neurririk hartu ez, eta babestu beharrekoak defentsarik gabe uzten dituzte. Instituzioek indarkeria onartu, indartu eta babestu egiten dute.
Indarkeria honen aurrean instituzioek, Barne Sailak eta baita zenbait hedabidek ere isilik geratzen dira eta ez ikusiarena egiten dute. Zergatik ez du inork ikusi nahi arratsaldean Kale Nagusian urtero gertatzen dena? Autoritateak eta kazetariak goizez bakarrik etortzen dira, eta irratian, telebistan eta hurrengo eguneko prentsan bi Alardeak “normaltasunez”eta istilurik gabe ospatu direla esaten digute. Nori interesatzen zaio “dena ondo atera dela” sinistaraztea?
Kale Nagusian urtero pairatzen ditugun erasoek indarkeriaren izozmendiaren muturra erakusten dute, baina azpian, ur ilunetan, indarkeria ahalbidetzen duen egitura agerian gelditzen da.
Hori dela eta, ondoko eskaera hauek egiten ditugu:
Batetik, giza agenteei eta instituzioei gure segurtasuna eta gu ikustera etortzen direnena bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea eskatzen diegu. Bestetik, Eusko Jaurlaritzari, besteak beste Emakunderi, Alardeetan gertatzen dena genero indarkeria bezala interpretatzeko eta horren kontra jokatzeko deia luzatzen diegu.
Azkenik, eta bereziki Irungo alkatea den José Antonio Santanori, gizalegeaz eta errespetuaz hainbestetan hitz egiten duena, begiak irekitzeko eta bere herriko Kale Nagusian gertatzen dena ikusteko exigitzen diogu.
Guk eskatzen duguna zera da:
berdintasunez bizi ahal izatea eta indarkeriak orain arte utzi ez digun gauza normal eta natural bat egin ahal izatea; hau da, gure Alardea pakean eta pozik bukatzea. San Martzial egunean Kale Nagusia jaitsi eta San Juan enparantzan lasai sartu ahal izatea -ez aurreko igandean bezala, lerroak deseginda, gure musika isilduta eta arnasestuka.
Geu gara berdintasunaren aldekoak, geu gara emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna aldarrikatzen dugunak, geu gara indarkeriarik gabeko gizarte bat eraiki nahi dugunak. Eta instituzioen betebeharra da haiek ezarritako legeak eta protokoloak, haiek egindako promesak egi bihurtzea.
Bukatzeko eskerrak eman nahi dizkiegu urtero-urtero haien animo eta txaloekin, alarde parekidea babesten duten guztiei.
* Otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak 50. artikuluan emandako definizioari jarraituz, eta Erakunde arteko Akordioaren Jarraipen Batzordearen arabera.