alarde publikoa

San Miguel konpainia 2023 • Prentsaurrekoa

2023 / 10 / 21

Alarde Publikoaren San Miguel konpainia sortu zela urtebete bete denean, konpainia horretako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute, eta honako ohar hau irakurri dute:

Komunikatua

Kaixo, eta egunon.

Ze poza eta zoriona hemen urte bat pasa ondoren egotea. Azkenean, gaur ikusi dezakegu geure proiektua aurrera atera dela. Ze polita izan den San Miguel konpainiaren sorrera ikustea eta alardeari gehitzea. Zenbat momentu goxo eta geure bihotzetan betirako eramango ditugunak.

Bai, urte honek erakutsi digu lanak eta esfortzuak merezi dutela. Merezi du sinesten duzun horregatik lan egiteak, are gehiago hurrengo generazioei ateak irekitzen dizkiozunean eta beste emakume batzuek utzi dizkiguten pausuak jarraitzen dituzunean.

Juxtu duela urtetxo bat plaza berdinean eta egun berdinean batu ginen geure lehenengo prentsaurrekoa ematera. Urduritasuna zen nagusi. Ez genekien nola aterako zen, ez genekien zenbat pertsona izango ginen, ez genuen esperientziarik, berriak ginen guzti honetan! Hala eta guztiz ere, erabaki genuen aurrera jarraitu behar genuela, bazela garaia geure auzoak, San Miguel auzoak, bere konpainia propioa eduki zitzan.

Urduritasuna eta ilusioa. Horrela da nola bizi izan dugun azken urte hau. Bi hitz hauek bizitako momentu guztietan gurekin batera egon dira. Xedea argi eta garbi geneukan: geure jaietan desfilatzea lortzea parekidetasuna defendatzen duten konpainia horien ondoan.

Bizitzen ari garen aire aldaketek erakusten digute zein izango den geure etorkizuna. Eta etorkizun horren parte izan nahi dugu. Santiago 2014an eta San Miguel 2023an. Gaur, hemen, deialdi bat egin nahiko genuke Iruneko bizilagunei beraien auzoetan ekimen propioak eratzeko. Hau da Iruneko biztanleok hartu dugun bidea eta ekainak 30ero areagotuz doa.

Testu honekin bukatu baino lehen, ezin dugu ez eskerrak eman ekainaren 30an konpainian parte hartu zuten 209 kideei. San Miguel auzoak baduela aldaketarako gogoa erakutsi dugu, baita ez dela uste genuen auzo hori ere. Ekainaren 30an geure aniztasuna erreflexatu genuen. Ze ondo horrela izan zela. Eta, gehienbat, ze ondo horrela izaten jarraituko duela.

Alarde Juntari ere eskerrik asko, lehenengo momentutik babesa erakusteagatik erabaki guztiekin. Kalean txalotzen egon zinetenei, zuei ere eskerrik asko beroena. Zuengatik hemen jarraitzen dugu.

Urte honetakoa hurrengo urtean hobetuko dugulakoan gaude, beraz,

Gora San Miguel, Gora Irun, eta Gora San Martzial!

  Iosu Bayori elkarrizketa Radio Irunen