Alarde Parekidearen Juntaren balorazioa. 2023ko Alardea
2023 / 07 / 06
Nekez adieraz ditzakegu hitzetan ekainaren 30ean San Martzial Alardean bizi izan ditugun sentimendu sakon hunkigarriak. Ziur gaude desfilearen barruan nahiz espaloietan parte hartu duzuenek ederki ulertzen diguzuela.
Sekulako Alardea egin dugu, pozez gainezka, egin ere; Alarde gozagarria, emozioz beteriko momentu asko izan dituena. Desfilatu dugun 2.000 lagunek eta milaka ikusleek aparteko eguna disfrutatu dugu, berezi-berezia. Beste behin, erakutsi dugu badakigula egiten jai giroko eta dinamismo handiko Alardea, eta aldi berean serioa.
Alaitasuna kutsakorra da, eta urtez urte festara gero eta gehiago batzen zaizkigun gazteek, alai-alai eta bizi-bizi, partaide guztiok kutsatu gaituzte, zeren eta seme-alabekin etorri, bilobekin etorri, bikotekidearekin etorri, denok egiten baitugu bat senidetzen gaituen Alardean.
Alardearen Juntan oso harro gaude Alarde honetan desfilatzen duten pertsona guztiez, bai eta espaloietatik txaloka eta aupaka animatzen gaituzten milaka lagunez. Harro gaude tropaz, agintari gazte sasoitsu eta pozgarriez, publiko ezin fidelago eta ezin entusiastagoaz, lan anonimoari esker ekainaren 28tik aurrera dena primeran egon dadin hamaika lagunez. Eta ezin harroago gaude ekainaren 30ean nagusitu den jai giroaz eta errespetuaz.
Aurtengo berritasunak ez dira nolanahikoak izan. Alardeari konpainia berri bat batu zaio, San Migel auzokoa. Ongi etorri berdintasunaren Alarde honetara, etorkizuneko Alardera.
Lehen aldiz, gizon batek, Antxonek, kantinerarena egin nahi izan du, hain zuzen San Migel konpainia berrian. Alardea antolatzen hasi ginenetik, gure asmoa izan da emakumeekiko bazterkeria ezabatzea, edozein postuan parte hartzeko aukera izan dezaten. Eta gure asmoarekin jarraitzen dugu; hau da, emakumeen eta gizonen askatasun mugak zabaltzeko lanean dihardugu, Alarde inklusiboa egiten, gure gizartearen aniztasun handiari integratzeko bide gero eta zabalagoa ematearren.
Aurten ere lehenbizikoz, hain zehatz emakumeek berdintasunez parte hartzen duten 25. urteurrenean, harrera egin digute Udaletxeko balkoitik Jose Antonio Santano Irungo alkateak(PSOE), Xabier Iridoik (EAJ) eta Iñigo Manriquek (PP); EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos EBk, aldiz, lehen Alarde parekideaz geroztik egin digute.
25 urte dira keinu hori eskatzen genuela, zeren eta, gure ustez, eginbehar politiko eta etikoa baita erakundeak Alarde Parekideari harrera eta aitortza egitea, emakumeak pairatzen zuten bazterkeria gainditzeko gure hirian sortu den Alarde bakarra izaki. Beti pentsatu dugu giza eskubideak bermatzea eta gizarte zuzenago eta berdinagoen aldeko neurriak eta ekimenak aurrera eramatea erakundeen egitekoa dela. Gurean, aldiz, ez da horrela izan eta orain arteko jarrerak ez du lagundu gatazka konpontzen.
Alardearen Juntak eskerrak eman nahi dizkizue, bada. Udaletxeko balkoitik erakundearen ordezkari gorenen harrera garrantzi handiko aurrerapausoa izan da, gure Alardeari aitortza eta zilegitasuna ematen dion hainean. Mugarri historiko bat izan da, eta duen garrantzia ez dugu inola ere gutxietsi nahi.
Espero dugu Udalaren hurrengo aurrerapausoa Udal Alardea antolatzea izatea. Izan ere, gure hiriaren nortasun-ezaugarri eta tradizio inportanteenetako bat horixe izan da, San Martzial Alardea Udalak antolatu duela betidanik, baita Irun udalerri ez baina anartean kontzeju huts zenetik ere. Urteak dira eskatzen diogula alkateari, Jose Antonio Santanori. Eta ziur gaude egunen batean, berandu baino lehen, Irunek berriro izango duela Udal Alarde bat, bizi garen garaiarekin bat egingo duena, irundar guztiok harro egoteko modukoa.
Ezin bukatu Emakunderi eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman gabe, haiek finantzatzen baitute gure Alardea, eta ekainaren 30ean babesa erakusten baitigute.
Alarde Parekidearen Junta
Irunen, 2023ko uztailaren 6an.