2018ko Alardearen balorazioa
2018 / 07 / 07
20 urtez, alardean berdin eta alai.
Aurten, 2018an, 20 urte dira emakumeak berdintasunez onartzen zituen lehen Alardea egin zela. Data ahaztezina ehunka gizon-emakume haientzat, sekulako emozioz eta kezkaz ekin baitzioten arrankadari San Martzial aldapan gora, eta halaxe burutu zuten ibilbide osoa. Emozioa eta kezka nagusitu ziren, baita ere, espaloietatik adorez eta bihotzez txalotzen zituzten pertsona haiengan, ausardia handia behar izaten baitzen lehen Alarde haietako gizon-emakumeei babesa azaltzeko.
20 urte iragan dira, eta ez debalde. Urteotan partaidetza handitu dugu, poztasuna, gazteria eta gaztetasuna irabazi ditugu; berdin eusten diogu, ordea, ongi egiteko grinari, eta Alardea eta berdintasun eskubidea bateragarriak frogatzeko gogoari.
Kontakizunaren borroka ere irabazten ari garela esan dezakegu: gaurgero argi eta garbi dago Alardean parte hartzeko eskabidea egin genuen emakumeok gure herrikide gizonezkoen antzera erritualaz gozatu nahi genuela, ez genuela Alardea akabatu nahi. Bizikidetzaren borrokan ere gailendu gara: gure bizilagunak, gizon nahiz emakume, Alarde parekidean ateratzen dira, edo ez; baina dagoeneko ez digute horrexegatik agurra, adiskidetasuna ukatzen. Zilegitasunaren eta aurrerapenaren borroka ere irabazten ari gara, gero eta gutxiago baitira bakarka edo taldeka aldarrikapenaren alderdi egokian ote dauden beren buruari galdetzen diotenak. Haietako askok, gainera, badakite lehenago edo geroago gurekin egongo direla, ez dietelako huts egingo alabei edo seme-alaben alabei, eta ez dutelako inondik inora ametituko herrian, emakume izate hutsarengatik, haiek baztertzeko gunerik edo tarterik.
Honetaz guztiaz harro gaude, aurten ere ospatu dugun Alarde bikain honetaz harro gauden bezala. Eskerrak eman nahi dizkiegu aurten lehen aldiz batu zaizkigun ehunka lagunei, bai eta lehenagotik egiten zuten mila lagun baino gehiagori ere. Gure Alardea urtetik urtera handitzen ari da, berdintasunaren aldeko pausua ematen duten ehunka gazteri abegi egiten die.
Eskerrik asko, baita ere, espaloietatik babesten eta txalotzen gaituztenei. Eta ez ditugu ahaztu nahi laguntza paregabeaz hau ahalbidetzen duten erakundeak: Gipuzkoako Foru Aldundia, Emakunde eta Arartekoa.
Azkenik, aurten ere gaitzetsi behar dugu beste behin ere hiriko alkateak, José Antonio Santano jaunak, ezikusia egin diola Alarde parekideari, berriro gutxietsi dituela bere hiriko emakumeak, hain zuzen ere emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde emakumeek eta mugimendu feministak inoiz ez bezalako greba eta mobilizazioa gauzatu duten urtean
Irunen, 2018ko uztailaren 7an.
Alarde Publikoaren Junta