Alarde gazte eta alaia
2015 / 07 / 03
Irungo Alarde Publiko eta Parekidearen Juntak honako hau adierazi nahi du:
Beroaren sapagatik ere, Irunen ekainaren 30ean izan den Alarderik alaiena, gazteena eta askotarikoena egin dugula. Gazteen Alardea da gazteek berenganatu dutelako; hain zuzen, gazteek uztartu dituzte arbasoengandik jasotako tradizioa eta gizon-emakumeen berdintasuna balioesten duen etorkizuna.
Alarde Parekidearen Junta oso harro dagoela, beste behin ere, irundarrei, eta bereziki emakumeei, Alardea egiteko eta jaiez gozatzeko abagunea eskaini dielako.
Urterik urte egiaztatzen dugula Alardea egin eta gozatzen duten lagunek pozaren pozez erakusten duten emozioa, bai eta espaloietatik gurekin bat egin eta babesten gaituzten milaka lagunena ere: sekulako lorpena da, egundoko aurrerapena, berdintasunezko jaiak gauzatu ahal izatea. Eskerrik asko, bihotz-bihotzetik.
Emakunderi, Arartekori eta Gipuzkoako Foru Aldundiari ere eskerrak ematen dizkiegu, haiek ahalbidetzen baitute Alarde berdinzale hau, beraiek baitira, jaietan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren oztopoak gainditzeko betebeharra beren gain hartzen duten erakundeak.
Irundar gisa, geure burua ere zoriondu nahi dugu, denon artean Alarde desberdinen aldekoen arteko elkarbizitza posible dela erakutsi dugulako: ezin ezkutatuzko errealitate hau gero eta ageriago azaltzen da eta ez du atzera egiterik, nahiz eta hiriko alkateak, Jose Antonio Santanok, begien bistakoa ukatzeko ahaleginak eta bi egiten jarraitzen duen, herriko biztanleen zati inportante bati ezikusiarena egiten diolarik.
Azkenik, eskerrik asko zuzenean edo hainbat bitartekoz zoriondu ez ezik eskerrak ere eman dizkigutenei Alarde Parekidea egiteagatik; horrexek pozten gaitu, eta gure hiriari duintasuna ematen dio.
Irunen, 2015ko uztailaren 3an.
Alarde Publikoaren Junta