2014ko Alardearen balorazioa
2014/ 07 / 04
Alarde Publikoaren Juntak jakinarazi nahi du poz-pozik dagoela ekainaren 30ean egindako Alardearengatik, dena primeran irten da eta.
Eskerrik zintzoenak Alardearen edozein konpainia edo unitatetan parte hartuta hilaren 30ean kalerik kale jaiaz gozatu nahi izan duten guztiei, eta bereziki lehen aldiz egin dutenei, gazteak direnez gero sasoian dagoen Alarde bizia gauzatzen lagundu digutelako. Beste behin Alarde eder eta alaia egin dugu, jai giroan, egin ere.
Eta eskerrik asko, nola ez, aurten ere edo aurten lehen aldiz animoak ematera eta txalo egitera kalera atera diren guztiei: denon artean egun ahaztezin eta hunkigarria egin dugu.
Harro gaude urtetik urtera Alarde Publikoa hazi eta sendotu egiten delako, betiere bere ezaugarriei eusten dielarik; hots, errespetua, aniztasuna eta alaitasuna ditu uzkurkeria oro gainditzeko baliabiderik behinenak.
Eta eskerrik asko Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzaren meneko Emakunderi, haiexek ahalbidetzen baitute beren sostenguarekin emakumeek festan parte hartzeko duten eskubidea gauzatzea. Eta eskerrik asko Arartekoari, tai gabeko babesa eskaintzeagatik.
Alardeko konpainia eta unitate guztiei eskertu nahi diegu erakutsi duten jarrera arduratsua, uneoro eta batik bat arratsaldean, halaxe bete ahal izan baitugu hutsik egin gabe aurten Segurtasun Sailak ezarritako ordutegia.
Bestetik, gero eta argiago agertzen zaigu desberdin pentsatzen duten pertsonen arteko errespetua eta ezagutza nagusitzen ari dela gure hirian. Salbuespen bakarra, berriro ere, alkatea izan da, oraindik orain uko egiten baitio irundar gizartearen sektore bati begirunea azaltzeko pausuak emateari, nahiz eta erakundeen ordezkarien betebehar etiko eta politikoa izan beharko lukeen gizonek eta emakumeek berdintasun osoz parte hartzen ahal duten Alardea babestea eta laguntzea.
Irunen, 2014ko uztailaren 4an.
Alarde Publikoaren Junta