2013ko Alardearen balorazioa
2013/ 07 / 06
Alarde publiko eta parekidearen Juntak irundar guztiekin partekatu nahi du gure gogobetetzea, aurten, 2013an, Alarde hunkigarri eta zirraragarria egin dugulako, primeran eta jai giroan, egin ere.
17 urte honetan Alardea ospatzeko behin eta berriro topatu ditugun oztopoak oztopo, harro esan dezakegu aurten gure helburua bete-betean lortu dugula, bide honetan atzerabiderik ez dagoela eta hauxe dela etorkizuneko Alardea, ehunka, milaka gizon-emakumek elkarrekin desfilatu eta gozatuko baitute festaz.
Garaipen hau, jakina, ez dagokigu soilki urtero eta urte osoan Alarde parekide baten alde lanean dihardugun kideoi: urte hauetan guztietan berdintasunari bai esan eta desfilatu dutenena ere bada, bai eta espaloitik, aspaldian edo arestian, laguntza, babesa eta goxotasuna eskaini dizkiguten guztiena ere, haiek gabe ez baikinatekeen honaino helduko. Arrakasta hau, bada, jaietan berdintasuna lortzea helburu zuzen eta desiragarria dela eta konpromisoak merezi duela ulertu duten herritar guztiona da.
Eskerrik asko guzti-guztiei, harro-harro gaude lortutakoaz. Eta eskerrik asko Gipuzkoako Foru Aldundiari, Arartekoari eta Emakunderi, haien laguntza instituzional eta ekonomikoak ezinbestekoa zaigu eta.
Azkenik, honako hausnarketa eta salaketa hau ere helarazi nahi diegu irundar guztiei: gatazka hasi eta 17 urtera ere, Irungo Karrika Nagusian, oraindik ere, arratsaldeko ibilbidean poliziaren babesa behar izaten dugu pasatu ahal izateko, eta pairatu behar ditugun eraso eta irainek lotsa, pena eta sumina eragiten dizkigute.
Lotsa, hau guztia gure hirian gertatzen delako; egia da gutxiengo batek eragiten duela, bai, baina gure herrikideen ezaxolakeriaz: gehienek zer gertatzen den ere ez dakitela pentsatu nahi dugu. Irunen, Karrika Nagusian bertan, nozitzen ditugu irainak eta laidoak, beste garai batekoak diruditenak.
Pena, erasotzaile gehienak eta bortitzenak berdintasun garaian jaiotako emakume gazteak direlako, eta beharbada oharkabe bada ere beren kide gizonezkoen eskubide berberak izan ditzaten gogor eta samin borrokatu duten emakumezkoen ahalegina gutxiesten dutelako. Ez al genuke, gizarte gisa, gertatzen ari denaz gutxieneko gogoetarik egin beharko?
Sumina, jarrera horiek EAJ, PSE-EE eta PP alderdien, eta bereziki José Antonio Santano alkatearen babesa dutelako, halako jokabideak saihesteko eta berdintasunaren eta elkarbizitzaren alde egiteko eginbeharra duten arren; urte hauetan guztietan, helburu hori betetzeko lan egin beharrean, kontrakoa egin dute, eta ez dira gai izan beren herrikide batzuen askatasuna eta duintasuna lokazten dituzten ekintza tamalgarri horiek deitoratzeko ere. Alderdi politiko horien eta Santano alkatearen jarrera, kasurik hoberenean, arduragabetzat eta ausardia eskasekotzat jo dezakegu.
Ertzaintzak ere, berdintasun legeari eta gainerako legeei jarraiki gure Alardea askatasunez egiteko bermea eskaini behar duen arren, ez du zuzen jokatu, ez da aski ahalegindu bere lana betetzen; aitzitik ere, ertzain batzuek abagunea baliatu dute Alarde publikoko kideak, adingabeak eta guzti, jipoitzeko.
Horrexegatik guztiarengatik, PSE-EE, EAJ eta PP alderdiei eta Irungo Udalari eskatzen diegu behar adina neurri har dezatela gure askatasun eta osotasunaren aurkako jokabide horiek behingoz bazter daitezen, hiri osoa lotsarazten baitute; eta, bide batez, gure Alardea askatasunez egin dezagun behar adina baliabide ere eskain dezatela.
Irunen, 2013ko uztailaren 5ean.
Alarde Publikoaren Junta