2012ko Alardearen balorazioa
2012 / 07 / 04
Irungo Alarde Publikoko Juntak honako hau adierazi nahi du:
Pozik egiaztatu dugu Alarde Publiko eta Mistoaren finkatze-bidea aurten erabat sendotua dela. Inoiz baino partaide gehiagorekin egin dugu Alardea, eta jendearen babesa sekulakoa izan da. Komunikabide batek lerro-buruan zioen bezala: Irunek bat egin du Alarde Mistoarekin.
Ospakizun eta elkartasun egun bat izan da, bada: jaiegun bat, hitzaren zentzurik jatorrenean. Festak eta giroak emozioz gainezka jarri dituzte bihotzak, bai Alardean bertan parte hartu dutenenak, bai espaloietatik txalotu gaituztenenak ere. Desfilatzen dutenen eta publikoaren arteko harremana inoiz baino estuagoa eta biziagoa izan da. Txalotu gaituztenen beroa sentitu dugu, bai eta gure pasaeran txalotu ez gaituztenen begirunea eta gizabidea ere. Batzuei zein besteei, eskerrik asko.
Beti izaten zaigu pozgarri Alardean lehen aldiz parte hartzen dutenei abegi egitea. Batzuk gazteak dira, beste batzuk, helduagoak; baina den-denek sentitzen dute Alardean lehendabizikoz parte hartzearen zirrara hunkigarria. Haiei guztiei ere, eskerrik asko.
Harro-harro gaude gero eta sendoago den gure Alardeaz; izan ere, hauexek ditu ezaugarri nagusi: pertsona guztiekiko errespetua, aniztasuna –denetariko jendeak parte hartzen duenez gero– eta alaitasuna, hain zuzen intrantsigentziari aurre egiteko dugun baliabiderik hoberena. Halaber, biziki eskertzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Emakunderen bidez Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza, haiek ahalbidetzen eta babesten baitute Alarde Publikoa, emakumeek gizonekin batera berdintasunez parte hartzeko eskubidea bermatzen duen bakarra.
Lanean jarraituko dugu, urtetik urtera errespetuak eta elkarrekiko begiruneak aurrera egin dezaten, gure hirian normalizazioa eta elkarbizitza nagusi daitezen laguntzen dugun bezala. Banantzen gaituen harresia apurka-apurka eraisten ari da. Irundar gehienekin batzen gaituena nabarmendu nahi dugu guk, zeren eta bereziten gaituenari baino ez erreparatzeak intolerantzia, enfrentamendua eta oro har istiluak areagotzea baitakar, eta etsita gaude herritar gehien-gehienek arbuiatu egiten dituztela halako jarrerak.
Humanoago eta eskuzabalago egiten gaituenari eutsirik, bada, dagoeneko koadrila, familia, bikote asko desberdintasunen gainetik errespetua, maitasuna eta elkarrekikoa jartzeko gauza izaten diren era berean, egunen batean herritar gehienek ere elkarrekin ospatuko dute jaia, diferentziak diferentzia. Ziur gaude denon artean lortuko dugula.
Irunen, 2012ko uztailaren 4an.