2011ko Alardearen balorazioa
2011 / 07 / 04
Alarde Publikoaren Juntak honako hau adierazi nahi du:
Poztu eta asebete egin gaituela 2011ko Alardearen nondik norakoak. Denon artean egin dugun Alardea aurreko urteetakoak baino askoz jendetsuagoa izan da; begi-bistan dago, bada, gure Alardea ez ezik, hari darion jai giroko alaitasuna ere handitzen ari dela, gero eta jende gehiago kutsatzen duela.
Gure eskerrik beroenak ekainaren 30ean gure Alardean, haren baitako ezein konpainia edo unitatetan, kalerik kale parte hartu eta jaiaz gozatu duten guztiei, bereziki lehen aldiz egin dutenei, haien bizipen eta emozioaren berri ederki ezagutzen dugu eta.
Halaber, gure eskerrona aurten ere espaloietatik animatu eta bero eta sutsu txalotu gaituztenei, eta batik bat, oraindik ere, bakan batzuen intolerantziaren biktima izatea suertatu zaienei.
Eta eskerrik asko Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, azken honi Emakunderen bitartez, haien babes eta laguntzarik gabe ez baikenuke Alarde publikoa gauzatzerik izango.
Eskertu eta nabarmendu nahi dugu, era berean, gure Alardearen pasabidean bildutako milaka lagunen jokabidea ere. Ez dago ukatzerik urtetik urtera finkatzen ari direla guganako errespetua eta begirunea; hartara, herritarren arteko normalizazio eta elkarbizitza sendotzen laguntzen dute. Izan ere, hauxe bera dugu geuk ere konpromiso eta helburu nagusi.
Alabaina, kezkatzen gaitu Karrika Nagusian oraindik orain Ertzaintzaren babesa izan beharrak. Irundar gehienok ez dugu merezi gure hiriaz zabaltzen den halako irudi penagarririk, gure jaiegun nagusian hain gutxi.
Ziur gaude, haatik, gaurgero koadrila, bikote eta familia asko eta askotan bezalaxe, egunen batean errespetua, maitasuna eta begirunea iritzi desberdinen gainetik gailenduko direla, eta gizabidezko eta eskuzabaltasunezko keinuak nagusituko direla irundar gehien- gehienetan.
Denon artean posible izango delakoan gaude.
Irunen, 2011ko uztailaren 4an.