alarde publikoa

Arartekoaren gutuna Irungo alkateari

2011 / 06 / 23

Alkate jauna:

San Martzialetako Alardea laster ospatuko dela eta, hil honen 30ean hain zuzen, egokia iruditu zaigu erakunde honek, jaietan emakumeen berdintasuna sustatzearekin lotuta, Arartekoaren abenduaren 21eko 3/2010 Gomendio orokorrean euskal herri-administrazioei bidali dizkien gogoetak eta gomendioak zuri helaraztea (osorik bidaltzen dizugu gomendioa, idazki honi erantsita, horren berri zuzenean jakin dezazun). Irungo Udalari gai hori bereziki dagokionez gero, gogorarazi nahi dizugu zure esku dauden baliabide guztiak jarri behar dituzula zure udalerrian berdintasunezko jaiak ospa daitezen

Era berean, oso garrantzitsua iruditzen zaigu emakumeen eta gizonen alarde mistoaren aldekoak diren eta helburu hori lortzeko aktiboki esku hartu duten herritarrekin lankidetzan aritu zaitezen, erakunde moduan. Horrela, herritar horiei berdintasunezkoa ez den alardeari ematen diozun tratu berbera eman beharko zenieke gutxienez, izan ere, herriko alkate zarenez, alarde hari urtero harrera eta agur egiten diozu udaletxeko balkoitik

Irungo aurtengo jaiak herritar guztien eskubideak errespetatuz ospatuko direlakoan, begirunez agurtzen zaitut.

Iñigo Lamarca Iturbe
Arartekoa
Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 23a

Deskargatu .pdf-en