Alardearen ondoren ikusiko gara
2010 / 06 / 26
San Martzial egunean koadrila irundar asko alarde tradizionalaren eta alarde publikoaren artean banatzen dira. Haietako batek kontatzen du nola bikoizten duen jaia. Gazteak ez dira baikor agertu alarde bakarreko etorkizun hurbila planteatu zaienean.
Esaldiak
Leire
"Publikoa pasatzen denean, bizkarra ematen dut. Lagunak agurtzeko ere ez ez dut bira egiten, baina haiei iraintzea ere ez dut onartzen”
Bea
“Ilusioa egiten dit koadrila ni desfilatzera ikustera joateak, baina lagunen batek ez banau ikusi nahi, errespetatzen dut”
Leire, Bea, Maite, Jose, Puri, Cristina eta Maca,
San Martzial kalean, hantxe izango dira hilaren 30ean,
desfilatzen edo bi alardeak animatzen.
:: F. DE LA HERA
Cristina
“Asko hitz egin dugu gai horretaz, baina ez gara aurrez aurre jarri; zeren eta gauza bat da jaia eta beste bat harremana"
“Badugu tradizionalekoa den jendea eta badugu publikokoa dena ere. Eta badaude bikoteen artean, Alarde banatan desfilatzen dutenak”. Irundar gazte-koadrila asko dira San Martzial egunean egoera hori bizitzen dutenak. Puri eta Cristina Varelarena, Maca Catalinarena, Maite Mariezkurrenarena, Bea Ruipérezena, José Circujanorena eta Leire Etxeberriarena da horietako bat. Bost lagun gehiagok osatzen dute talde hau, hogeita hamar urtetik hurbil dauden hogeitaka urteko gazteek osatua, ia osorik. Dunboa eta Katea dira jatorrizko auzoak eta koadrilako gehienak institututik abiatzen dira. Erreportaje honetan parte hartu duten sei gazteetatik hiru Alarde traduizionalaren aldekoak dira, beste hiruk publikoan desfilatzen dute eta beste batek jarrera neutrala dauka: “neutrala naiz, bi alardeetan lagunak ditudalako”.
Erabakia
Koadrilako hiru neska publikoan sartu ziren duela bi urte. “Beti tradizionala ikusten nuen, baina ateratzeko gogoa neukan”— dio Beak. “Jakin nahi nuen nola bizitzen den jaia barrutik, baina lehenengo urteetan ez nintzen ausartu. Iaz erabakia hartu nuen eta etxean aterako nintzela esan nuenean, harrituta geratu ziren. Niri zerbait gertatzeko beldurra zuten. Orain, ama entseguak ikustera ere etortzen da”.
Maite ere iaz hasi zen desfilatzen: “gaia lasaiago zegoela ikusi nuelako. Lehenengo urteetan ez nintzen ausartuko ateratzera, baina atera zirenei 'chapeau' esango nieke”. Puriren kasua korapilatsuagoa da, “nire senarra tradizionalean ateratzen delako. Haiek jaia nola bizitzen zuten ikusteko jakinmina izan dut betidanik, eta orain badakit bonbazia handian bizitzen dutela”.
Erreakzioa
Leire, Cristina eta Macarena “betikoaren aldekoak dira”. Hirurek erespetatzen dute beren lagunen aukera, baina haietako inork ez du atseginez ikusten Alarde publikoa. Are gehiago, Leirek errefusatze bizia sentitzen du. “Ni betiko naiz”— esaten du. “Goizean, haiek ateratzen direnean, ez naiz joaten ikustera, eta publikoa pasatzen denean bizkarra ematen dut. Agurtzeko ere ez dut bira egiten. Hori egingo banu, nire pentsamoldeari traizio egiten diodala pentsatuko nuke. Ez dut Alarde hori ikusi nahi, baina haiei iraintzea ere ez dut onartzen”. Ikusi nahi ez dituenak ez diezaiela begiratu eta listo". “Ni ere betiko naiz” —jarraitu du Cristinak. “Nire alardea tradizionala da, baina nire ahizpa publikoan ateratzen da eta harekiko begiruneagatik, bera ikustera joaten naiz eta nire iloba eramaten dut, hura ikus dezan. Lehendabizi aita ikus dezan eramaten dut eta, geroago, ama ikus dezan”. Koadrilan, kideetako batzuk Alarde publikoan sartzea nahiko normaltasunez egin da. “Asko hitz egin dugu gai horri buruz, baina ez gara aurrez aurre jarri”— dio Cristinak. “Bakoitzak bere jarrera dauka eta gainerakook errespetatu egiten dugu. Bakoitzak bere Alardeari jarraitzen dio, gero elkartzen gara eta hemen ez da ezer gertatu. Ongi moldatzen gara gauzak bereizten ditugulako. Alde batetik, jaia dago, eta, bestetik, harremana. Oso tristea iruditzen zait hilaren 30a iristea eta gai hori dela-eta jendeak familian edo koadrilan bazkaltzerik ez izatea”. “Koadrilan bizitzaren beste arloei buruz ere era desberdinetan pentsatzen dugu, baina urte mordoa daramagu elkarrekin eta zentzugabekeria litzateke harremana uztea horregatik”— erantsi du Macak. “Alardea urtean behin egiten da. Agian egun horretan ez zatoz bat zure lagunekin, baina horregatik ez dituzu galduko gainerako 364 egunetan"— adierazi du Leirek.
Etorkizuna
Koadrila honetako kideetako inor ez da baikorra Alarde bakarreko etorkizun hurbil bat planteatzerakoan. “Hainbat urrats eman dira, baina gaur egun ere, Alardearen ondoren San Juanera igotzen bagara, etxetik pasatzen naiz lehenago, eta arropa aldatzen dut"— komentatu du Maitek. “Nik uste dut bi Alarde egongo direla urte askoan” —adierazi du Purik. “Belaunaldi batzuk igaro beharko dute, zeren eta gaur egun jende askok ez du inoiz onartuko alarde publiko bat. Nik uste dut alarde publikoko norbait giro tradizionalean sartzea korapilatsua izan daitekeela. Nire senarraren koadrilarekin bazkatzera joaten naizenean hori ikusten dut, bere koadrilako guztiak tradizionalekoak dira eta. Berez, nire Alardearekin identifikatzen nauen arropa eranzten dut, haiekiko begiruneagatik, baibaitakit arropa horrekin saltsa ederra sortuko litzatekeela”.