Alarde Publikoko Juntaren komunikatua
2020/ 04 / 24
Irundar maiteok
Jakinarazi behar dizuegun ebazpena ez dugu, inondik inora, batere gogoko, eta horretara garamatzan arrazoia, hain gutxi. Baina, koronobirusaren ondorioz pairatzen ari garen osasun-egoera larria dela eta, pandemiari aurre egiteko hartzen ari diren neurriekin bat eginez, Alarde Parekidearen Juntak erabaki du aurten, 2020an, uko egiten diola Alardea antolatzeari.
Lehenik eta behin, gure maitasuna eta elkartasuna helarazi nahi diegu pandemiaren biktimei eta haien senideei; halaber, esker ona agertzen diegu gure osasunaren alde jo eta ke lanean diharduten guztiei, bai eta, “ezinbesteko” deitutako sektoreetatik, egunero aurrera egin ahal izateko gure beharrizanak asetzen laguntzen dutenei ere.
Osasun-krisiak ez digu ahalbidetuko Alardea egitea. Orain bestelako zeregina daukagu: martxoaz geroztik irundar askok nozitzen dugun kinka larri eta latzetik ateratzeko ahaleginak babestea. Denon ardura delako geure jarreraz eta jokabideaz laguntzea, gure hiriak lehenbailehen berreskura dezan kemena eta itxaropena, denok batera eta bat eginez atera gaitezen ataka estu honetatik, inor atzean utzi gabe.
Izan ere, aurten egingo ez dugun Alardearen indarra herritarron indarra da. Oraingoz ez dugu COVID19 gainditua. Elkar ikusteko, besarkatzeko, txilibitua edo danborra joz elkarrekin desfilatzeko ezina, ordea, bai bihur dezakegu adore eta kemen, gure gizartea, irundarrona, zatiketak atzean utzi eta batuago egon dadin, elkartasunez, berdintasunez lotuago. Berdintasuna elkarbizitzarako balio bat da, Emakundek dioenez, eta guk ere hala diogu, berdintasuna eta elkartasuna bezalako baliorik gabe ezin dela komunitate kohesionaturik eraiki. Oraintxe, elkarren beharra daukagu batez ere, oraindik ez baitakigu norainoko erronka sanitarioak eta sozialak ditugun parean, norbanakook eta gizarte osoak. Aldiz, badakigu, jakin, gizarte kohesionatu bat gizarte sendoagoa dela, eta prestatuago dagoela pandemia honek parez pare jarri dizkigun erronka handiei aurre egiteko.
Berriro beteko ditugu geure kaleak, geure kafetegiak, geure dendak. Berriro egingo dugu topo geure senideekin, lagunekin, eta musu emango diogu elkarri. Baliatuko ahal dugu bizi garen egoera berri eta mingarri hau pertsona hobeak eta herritar hobeak izaten ikasteko.