alarde publikoa

Irungo Alarde parekidearen XX. urteurrena ospatzeko egingo diren ekimenak aurkeztu dituzte

2018 / 05 / 18

Kanpainaren helburua da 20 urte hauetan berdintasunaren alde egin den borroka balioan jartzea eta Irungo herritarrak, bereziki gazteak, alarde parekidean parte har dezaten animatzea.

Kanpainari hasiera Maite Asensio eta Arantxa Iraola kazetariek idatzitako Alardea, ukatutako plazara liburuaren aurkezpenak emango dio. Hitzordu garrantzitsuena ekainaren 21ean Ficoban antolatu den ospakizuna izango da, Miren Gaztañaga Irungo eszena-zuzendariak gidatuko duena.

Irungo festetako ekimenik garrantzitsuenean, Alardean, emakumeek parte hartzen dutela 20 urte betetzen dira aurten eta hori dela eta, antolatu dituzten ekimenen berri eman dute Alarde parekidearen Juntako kideek.

Ficoban egindako prentsaurrekoan Inma Landak eta Karmele Tolosak eman dituzten azalpenak, Alarde parekidearen Juntaren izenean eta Alarde parekideko konpainia desberdinetako ordezkariek lagunduta.

Kanpaina osoan zehar erabiliko den 20. urteurrenaren irudia June Martin irundarrak diseinatu du. Txapelaren eta ile-mototsaren trazuak baliatuz osatu du Junek urteurrenari erreferentzia egiten dion 20 zenbakia eta azpialdean Alardea ageri da idatzita, Alarde parekidea herritar guztien partaidetza bermatzen duen bakarra delako mezua nabarmentzeko asmo argiarekin.

Kanpainari hasiera, Maite Asensio eta Arantxa Iraola kazetariek idatzitako Alardea, ukatutako plazara liburuaren aurkezpenak emango dio. 80 lagun baino gehiago elkarrizketatuz Hondarribia eta Irungo alardeetan emakumeek parte hartzearen aldeko borroka nolakoa izan den jaso dute bi kazetariek liburuan. Liburuaren aurkezpena maiatzaren 23an izango da, Irungo Udal Liburutegian, 18:00etan eta bertan egongo dira liburuaren egileak. Ekitaldi hau liburuaren argitaratzaile diren Berria, Jakin eta Elkarrekin batera antolatutako ekitaldia izango da.

Hitzordurik garrantzitsuan Ficobako auditorioan ekainaren 21erako antolatzen ari den ekitaldia izango da. Miren Gaztañaga Irungo eszena-zuzendariak gidatuko duen ekitaldian, besteak beste, aurtengo Emakunde saria jaso duen Virginia Imaz clownak pate hartuko du. Ekitaldi honetara gonbidatuko dituzte urte luze hauetan alarde parekideari babesa eman dioten pertsona eta erakundeak, izan ere, horien babesik gabe, alarde parekidea erronka askoz ere zailagoa zatekeen. Ekitaldiak aitortza-ekitaldia izan nahi du, lortutakoa ospatzeko balio izango duena eta berdintasunaren alde lanean jarraitzeko deia.

Kanpainak sare sozialetan presentzia nabarmena izan nahi du, horixe baita, gazteenengana iristeko modurik errazena. Horretarako, sare sozialetan partekatzeko ikus-entzunezko materiala sortzen ari dira eta gazteen partaidetza sustatzeko ekimenak ere jarriko dituzte martxan, besteak beste, alarde parekidearekin lotuta bizi izan duten unerik gogokoenak edo irudirik maiteenak parekatzeko gonbidapena luzatuko zaie.

20 urteurrena