Beñat Sarasola. Alardeaz hitz beste
Berria. 2014/ 09 / 04
Alardearen inguruko eztabaidan jarrera orain arte nahiko marjinal bat ipini da boladan azken aldian. Haren arabera, Alardea osoki baztertu behar da —gizonezkoena zein emakumezkoena— aldarrikapen militar edota espainiarra delako. Jakina, bolada hori beste batekin dator bat, alegia, egungo auzi politikoak argitzeko Historia baliatzearen boladarekin. Berehala agertu dira historialari saldoak espantuka San Martzialgo guduan espainiarrak nafarrei gailendu zitzaiela, eta honenbestez, Alardea ospakizun espainiarra dela. Urtetan esan izan da gurea filologoen herria dela, zalantza dut egun ez ote zaizkien historialariak gailentzen ari. Esango didazue nola egin daitekeen taxuzko herri bat filologo eta historialariez lepo.
Egiazki, Alardearen zinezko auzia, hots, emakumezkoen eskubideen auzia, ostikoz urruntzen dute kornerrena. Posizioa ez hartzeko aitzakia; lokatzetan murgildu beharrean etxean geratzea Twitterren historia lezioak ematen, olioa nola ororen gaindi, berdintasunaren aldekoek ostiak jasotzen dituzten bitartean. Alarde baztertzailearen aldekoen jarrera badakigu zein den aspalditik, ez dira, doike, itzulinguruka ibiltzekoak eta ez dizute iskin egingo. Ezeztapenaren ezeztatze hegeliar berri honek, baina, alternatibo eta aurrerakoitzat aurkezten du bere burua, sakonean bestea bezain atzerakoia denean. Neohegelianismo eskuindar bat, esango lukete marxista zaharrek, izan bertsio antimilitaristan edo abertzalean.
Alardea ezinbestean aldarrikapen militarista dela esateak erreferentea eta irudikapenaren arteko ezberdintasun oinarrizkoena ez aintzat hartzea dakar. Hain zuzen ere, eta bidenabar, Alarde baztertzailekoek egiten duten gauza bera. Haiek diote gudan ez zela emakumezkorik joaten soldadu, eta beraz, haren irudikapenean ere, Alardean alegia, ezin direla joan. Semiotikan edo arte teorian nozio minimoak dituen edonork daki, ordea, erreferentea eta irudikapenaren artean dagoen tartea osin hondogabe bat dela. Gertakari militar baten irudikapenak ez duela ezinbestean haren gorespena, haren aldarrikapena ekartzen. Danbor hotsa lagun Donostiako martxarekin hunkitzen garenok —koitaduok bozkario ezin azalduzko zerutiar hori senti ezin duzuenok— ez dugula sarraski militarrik zelebratzen. Historialariek nahi dutena esango dute baina irudikapenak ez ditu historiak ebazten ez bada herritarrek eta beren praktikek. Alardea zer den ez dute, zorionez, doktorego tesi edo saiakera badaezpadakoek erabakiko, gaur egungo hezur-haragizko gizon-emakumeek baizik.
Mikhael Bajtin-ek irakatsi zigun gainera irudikapenak, antzezpenak, erreferentea transgreditzeko jaio izan direla. Alardeak zera militar eta, ondorioz, sexista du iturburu —guda alegia—. Ezer antimilitaristagorik, bada, Alardeko emakumeen berdintasun erreala defendatzea baino. Endemas, militarista balitz ere, nork —zein gizonek alegia— debekatuko die emakumeei gizonak bezain patetikoak izateko eskubidea?
Borroka zelaia jada ez dago baionetaz beterik. Geroz eta gutxiago, zorionez, emakumeen eskubideak defendatzeagatik ospitalera joan direnez. Azken aldian hainbat eztabaida politikotan entzuten den esaerak dioen moduan, egungo borroka esanahien borroka dugu. Horregatik Betiko Alardeaerabiltzearen tema berri hori. Antimilitarismoa eta berdintasunaren borroka, bada, eremu horretan jokatzen da, ez auziari itzuri eginez, betikoei —betikoak, baiki— komeni zaien moduan. Eremu horretan eta kalean, esan gabe doa, urterik urte pertsona izateari duintasun apur bat gehitzen dioten Hondarribia eta Iruneko borrokalari minekin.