Uztailaren 24koa Arartekok Hondarribiko Udalari egina
2012 / 07 / 24
Arartekoaren ebazpena, 2012ko uztailaren 24koa. Horren bidez Hondarribiko Udalari gomendatzen zaio Jaizkibel Konpainiak 2012ko Hondarribiko Alardearen antolamenduari dagokionez egindako eskaerari esleitutako sarrera erregistroaren zenbakia zuzendu dezan erregistroan sartu zeneko errealitatera egokituz eta datorren irailaren 8ko jai-ekintzen eta ekintza horien aurretiko entseguen antolamenduan Jaizkibel Konpainiak egindako eskaera beste batzuekiko nagusituz.
Aurrekariak
- Hondarribiko Jaizkibel Konpainiako ordezkariek kexa bat aurkeztu dute erakunde honen aurrean konpainia horrek egindako eskaerari erregistro sarrera emateko Hondarribiko Udalak jarraitutako jarduerekin ados ez daudelako. Eskaera hori 2012ko irailaren 8ko alardea dela-eta herriko kaleetatik egingo duten desfileari eta festa horren aurretiko egunetan egindako entseguei buruzkoa zen.
- Gertakariak, Jaizkibel Konpainiaren izenean eta ordezkaritzan erakunde honetara jo duten pertsonek adierazi dutenaren arabera, honakoak izan ziren:
2012ko urtarrilaren 2an Jaizkibel Konpainiako ordezkari batek herri horretako udaleko Herritarren Arreta Zentrora (HAZ) jo zuen goizeko 8.45ean, zerbitzu hori jendaurrean ireki baino ordu laurden lehenago. HAZ horren atearen alboan hiru pertsona zeuden, zerbitzu horren inguruko informazioa eskatzeko asmoarekin (hau da, Hondarribiko alardeari eta haren antolamenduari buruzko inolako zerikusirik gabe), itxaronaldian pertsona horiekin izandako elkarrizketaren bidez Jaizkibelen ordezkariak ondorioztatu ahal izan zuen moduan. Goizeko 9.00etan HAZ ireki zen eta, itxaroten zeuden ordena zorrotzean, lehenbizi ilaran Jaizkibelen ordezkariaren aurrean zeuden hiru pertsonei eskaini zieten zerbitzua. Ordezkari horrek pertsona horiei ahoz zuzendu zitzaizkiela eta haiekin eraman zituzten paper batzuk eman zizkietela ikusi zuen, baina ez zuten inolako agiririk aurkeztu herritarrentzako arreta zerbitzu hartan. Ondoren, herritarrentzako arreta zerbitzuko langileak Jaizkibeleko ordezkariarengana zuzendu zen. Azken horrek zerbitzu hartan eskaera bat aurkeztu zuen (bi kopiekin batera) Jaizkibel konpainiak irailaren 8an Hondarribiko kaleetatik desfilatu ahal izateko bertako alardea dela-eta. Horrez gain, agiri horiek aurkeztu zituenaren egiaztagiria eman ziezaioten eskatu zuen. Langileak erregistroko zigilua jarri zien (2012ko urtarrilaren 2koa) eta originalarekin geratu zen interesdunari bi kopia zigilatuak itzuliz. Zigiluan, berriz, ez zen sarrera zenbakia agertzen. Jaizkibeleko ordezkariak horren berri eman zion langileari eta horrek ordenagailuarekin arazoak zituela aipatu zuen, hala eta guztiz ere, Jaizkibeleko ordezkariaren harriduraren aurrean, bi kopietan eta aurkeztutako originalean sarrera zenbakia eskuz idatzi zuen, eta agiri horiei 2 zenbakia eman zien 1a beharrean, interesdunak espero zuen moduan, izan ere, bazekien bere aurretik herritarren arretarako zerbitzuan ez zuela inork agiririk aurkeztu modu erregularrean -hau da, herritarrengana iritsi ahala zuzentzeko funtzionamendu arauak zorrozki jarraituz-Jaizkibeleko ordezkariak baieztatu duenez, HAZetik atera zenean goizeko 9.02ak ziren eta HAZ ireki zutenetik bi minutu besterik ez ziren pasa.
Urtarrilaren 10ean Jaizkibeleko ordezkariak udal horretako zinegotzi bati eskatu zion gai horren inguruko informazioa bil zezan, eta zehazki zein agirik jaso zuen sarrerako erregistroko 1. zenbakia 2012ko urtarrilaren 2an. Zinegotzi horrek adierazi zionaren arabera, informazio hori egun hartan interesdunarengana zuzendu zen HAZeko langilearekin berarekin alderatu ondoren, dirudienez, bulegoan sartu zenean, goizeko 9.00etan zerbitzua jendaurrean ireki baino lehen, udaleko norbaiten eskutik beste agiri bat jaso zuen eta 2012ko urtarrilaren 2ko sarrera erregistroaren 1. zenbakia eman zion. Alarde Fundazioaren eskaera hain zuzen, (emakumeen parte-hartze berdintsurik gabeko alardea defendatzen duen eta Jaizkibelen parte-hartzearen kontra dagoen fundazioarena) 2012ko irailaren 8ko alardea antolatzeko. - Deskribatutako jardueretan irregulartasunen bat egon zitekeela ikusita, kexa sustatu duen elkartearen kontaketa udalaren bertsioarekin kontrastatze aldera, erakunde honek horren inguruko informazioa eskatu zion Hondarribiko Udalari, aldez aurreko hainbat gogoeta helaraziz eta honako kontuan argi ditzan eskatuz:
- Hondarribiko Udalaren erregistro orokorra nola antolatzen den, erregistro deszentralizatuak ote dauden eta aipatu erregistroan sarrera- eta irteera-idazpenak nola bideratzen diren.
- zer gertatu zen 2012ko urtarrilaren 2an, Herritarren Arreta Zerbitzuko arduradunak bulegoa goizeko 9.00etan ireki zuenean jendaurrean eta zergatik esleitu zion Jaizkibel Konpainiaren eskaerari eskuz sarrera erregistroaren 2. zenbakia 1.a beharrean, eskaera hori erregistroan sartu zeneko lehen eskaera izan baitzen.
- Udal horretako zinegotziaren adierazpena egiaztatu edo ukatu dadila. Horren arabera, 2012ko urtarrilaren 2ko sarrera-erregistroko 1. zk. 2012ko irailaren 8ko alardea antolatzeko eskaera batek lortu zuen, Alarde Fundazioa elkarteko ordezkariek sinatutakoa. Hala izanez gero, arren eskatu genuen azal ziezaguten zergatik eman zitzaion eskaera horri sarreraerregistroko 1. zk., kontuan hartuta -kexa honetako interesdunek esandakoari jarraiki- inork ez zuela agiririk aurkeztu goizeko 09:00etan HAZ ireki zenean eta Jaizkibeleko pertsona baino lehen bulego horretan.
- Hondarribiko Udalari eskaera egin ondoren, udalaren erantzuna lortu genuen, Udal horretako idazkaritzak sinatuta, gure idazkia -kasu hauetan ohikoa den moduan- Hondarribiko alkateari zuzenduta zegoen arren. Bere erantzun idazkian, Hondarribiko Udalak, alde batetik, HAZeko arduradunaren txostena bidali zigun. Bertan, 2012ko urtarrilaren bian zerbitzu horretan herritarrei arreta eskaini zien langileak eskainitako gertakarien hitzez-hitzeko kontaketa jasotzen da. Eta bestetik, Hondarribiko Udaleko zinegotzi den (…)-ek, Hondarribiko Udaleko Idazkaritzaren aurrean egindako aurkeztea. Bertan azaltzen du nola jakin izan zuen Alarde Fundazioak, 2012ko urtarrilaren 2an bertan, sarrera erregistroko 1. zenbakia lortu zuela 2012ko irailaren 8an Hondarribiko Alardea antolatzeko eskaerarako.
Bi agiri horiek koherenteak dira haien artean deskribatutako gertakariei dagokienez eta era berean kexagileek erakunde honen aurrean eskainitako bertsioarekin bat egiten dute. Gainontzekoari dagokionez, udalak ez du inolako kontsideraziorik egin gertakari horiei buruz eta ez digu esan zein den horien inguruko bere balorazioa. - Laburbilduz, Hondarribiko Udalak erakunde honi helarazitako bertsioaren arabera, baieztatu dezakegu Jaizkibel Konpainiako ordezkaria urtarrilaren 2an, 2012an ondorio horietarako lehen egun baliodunean, HAZean modu erregularrean eta herritarrenganako irekiera ordutegiaren barnean erregistroan sarrera eman ziezaioten eskatzen zuten agiriak -hau da, 2012ko irailaren 8ko ekintzetan parte hartzeko Jaizkibel Konpainiak egindako eskaera- aurkeztu ziten lehen pertsona izan zela. Era berean, baiezta dezakegu, aurrekoa gorabehera, Jaizkibeleko eskaerak ez zuela sarrera erregistroaren 1. zenbakia jaso 2012ko urtarrilaren 2 hartan, Alarde Fundazioaren eskaerak jaso baitzuen (irailaren 8ko alardeari buruzkoa ere). Fundazio horren eskaerari esleitu zitzaion 1. zenbakia udal erregistroaren sarrera ordenan, nahiz eta inork ez zuen aurkeztu agiririk HAZen modu erregularrean (herritarrenganako irekiera ordutegiaren barruan) Jaizkibelen ordezkariak baino lehen.
Erregistroko sarrera ordenaren zenbakiaren esleipen harrigarri honentzat udal erregistroko arduradunak eskaini duen azalpen bakarra izan da Alarde Fundazioaren eskaera hori Hondarribiko Udaleko langile batek goiz hartan herritarren arreta zerbitzuan zegoen langileari eman ziola, herritarrenganako arreta ordutegitik kanpo, zehazki, goizeko 9ak baino lehen, hau da, zerbitzua herritarrei ireki aurretik eta langile horrek gainontzeko herritarrekin batera zerbitzuan sartzeko txanda itxaron gabe. Hala adierazi dute udal erregistroko arduradunak zein Hondarribiko Udaleko zinegotziak, urtarrilaren 2an HAZean zegoen langileak egindako adierazpenak ikusita. Azken horren arabera -bere bertsioari jarraiki- bulegoa herritarren aurrean ireki baino zertxobait lehenago, udaleko langile baten eskutik Alarde Fundazioaren eskaera jaso zuen erregistroan sarrera eman ziezaion eta langileak 1 zenbakia esleitu zion agiri horri, bulegoan sartzen zen lehen agiria zela kontuan hartuta eta, beraz, bulegoa herritarren aurrean ireki ondoren, 2 zenbakia esleitu zion Jaizkibeleko ordezkariak aurkeztutako agiriari. Sarreren esleipen guztiak eskuz esleitu ziren, dirudienez, arazo informatikoak egon baitziren eta ezin izan zen ordenagailua erabili egun horretako 12ak arte, 2012. urteko lehen egun balioduna baitzen.
Azaldutako aurrekariak kontuan hartuta, honako gogoetak egin behar ditugu.
Gogoetak
- Deskribatutako gertakariak guztiz koherenteak dira bi bertsioetan, Jaizkibel Konpainiak emandakoan eta Hondarribiko Udalak eskainitakoan, eta herritarren arreta zerbitzuaren eta udal horretako erregistroaren funtzionamenduan irregulartasunak egon zirela baieztatzen dute, Jaizkibel Konpainiak eta Alarde Fundazioak, hurrenez hurren, 2012ko irailaren 8an alardearen ekintzei dagokienez (8ko alardean zehar kaleetatik egingo den desfilea eta aurreko egunetan kaleetatik burutuko diren entseguak) egindako eskaerak udal erregistroan sartzeko jarraitutako jarduerari dagokionez.
Horren harira, gogora ekarri behar dugu aipatu zerbitzuan aurrera eramango den agirien erregistroak Tokiko Erakundeen Antolakuntzaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren Erregelamendua onartzen duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 151. artikuluan eta hurrengoetan xedatutako arauei jarraiki funtzionatu behar duela, baita Herri-administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritakoari jarraiki ere. Bertan, bigarren idatz-zatian hauxe xedatzen da: “Idazki eta komunikazioen sarrera-egunaren edo irteera-egunaren hurrenkera errespetatuz egingo dira idazpenak, eta sarrera edo irteerako data adieraziko da”. Gainera, ezinbestekoa da argitzea -agiriak erregistroan sartzeko ordenari balioa emateko nola jardun behar den zehazterakoan- ezin zaiola esleitu sarrera zenbaki bat herritar guztientzat ezarritako bide ofizialetik edo, kasuan kasu, bide ofizialetatik heldu ez den agiri bati, sarrera ordenan herritarrek Herri Administrazioaren aurrean berdintasuna izango dutela bermatzen duten baldintza horiek bete dituen beste agiri bat bazterrean utziz.
Izan ere, ezin da idazki bat onartu erregistro bulegoa ireki aurretik, hau da, herritarrei irekitako erregistroaren sarbide orokorrarekiko bideetatik kanpo. Agiri hori udaleko langile batek eman arren hark ez du gaikuntza berezirik gainontzeko herritarrekin alderatuz eta, ondorioz, ezin da harekin inolako lehentasunik edo pribilegiorik ezarri, izan ere, ez da onargarria partikular baten idazkia onartzea erregistroa ireki aurretik. Erregistro batera sartzeko sistemak bide ezberdinak izan ditzakeen arren (hala nola, bide elektronikoa), udaleko langile batek udalean duen lanarekin zerikusirik ez duen agiri bat barneko gutun bidez eskuz aurkeztea ez da herritarrentzat orokorrean ofizialki aurreikusita dagoen sarbidea eta, ondorioz, ez du balio agiri hori erregistroan sartzean baliotzeko. - Bestalde, azpimarratu beharra dago 2012ko irailaren 8ko alardearen antolakuntzarekin zerikusia duten eskaerak udal horretako erregistroan sartzeko ordenaren kontua oso garrantzitsua izan daitekeela 2012ko irailaren 8an Hondarribiko kaleetan zehar Jaizkibel konpainiaren desfilea antolatu nahi dutenentzat, izan ere -aurreko urteetan ikusi ahal izan duten moduan-, Hondarribiko Udalak Alarde Fundazioak proposatutako desfileari eman dio lehentasuna behin eta berriro bi desfileen ordutegia eta antolamendua eratzean, hain zuzen ere euren eskaera HAZeko bulegoetan Jaizkibel Konpainiak egindakoa baino lehenago heldu zelako.
Zentzu horretan, nabarmena da eskaera bat erregistroan sartzen deneko datak eta orduak, praktikan -gogoan izan lehiaketak edo mota guztietako deialdi publikoak- lehentasuna ezar dezaketela denboran lehenago aurkeztutako eskaeraren ebazpenean. Hondarribiko Udalak ezin ditu alde batera utzi erregistroan eskaerak sartzeko ordenak dituen ondorioak, horien lehentasuna ezartzean ebazterako orduan. Horrexegatik Jaizkibel Konpainia 2012. urtea hasi eta lehen unetik saiatu zen bere eskaera sartzen, baina saiakera hori -Jaizkibeleko ordezkariek egindako gertakarien adierazpenetik jakin izan dugunez, Hondarribiko Udalak eskainitako gertakarien bertsioarekin berretsita- bertan behera geratu da kasu hauetan jarraitu beharreko administrazio prozeduraren arauen aplikazio berdin eta objektibo zorrotzetik azaldu ezin diren bitartekoak direlaeta. - Horregatik guztiarengatik, ondorioztatu izan dugu erregistroan sartzeko prozedura honetan Alarde Fundazioaren eskaerak biltzen dituen agiriak ofiziala ez den bide batetik eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 38. artikuluan zein azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 151. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedura kontuan hartu gabe burutu dela, beraz, jarduera hori guztiz baliogabea da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 62.1 e) artikuluan xedatutakoari jarraiki, horren arabera, "Legez ezarritako prozedura erabat alde batera utziz edo kide anitzeko organoek erabakiak hartzeko funtsezko arauak guztiz bazterturik eman badira". Jardueren baliogabetasun horrek Hondarribiko Udala bultzatu behar du, dagokion espedientea premiaz izapidetu ostean, 2012ko urtarrilaren 2an udal erregistroko bulegoan erregistratutako ondoren sartutako agirien esleipena zuzentzera, beraz, Jaizkibelek egindako eskaerari data hartako sarrera erregistroko 1. zenbakia esleitu behar zaio.
- Azkenik, aipatu beharra dugu gai honetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako xedapenek duten garrantzia, Hondarribiko Udalak emakumeen eta gizonen artean bizitzaren alor guztietan, gizartean, kulturan zein jaien inguruan, berdintasuna bultzatzeko duten aldeko ekintza-neurriak aktibatzeko duen beharrari dagokionez. Kontu honetan murgilduta dauden botere publiko guztiei Euskadiko jaietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 3/2010 Arartekoaren Gomendio orokorrean gogoratu genien moduan, herri administrazio guztiek, Konstituzioaren 9.2. artikuluaren babesean, berdintasuna erreala eta eraginkorra izatea ekiditen duten oztopo guztiak baztertzeko beharra dute. Manu horren aginduaren xedea Konstituzioko 14. artikuluak formalki aldarrikatutako berdintasun materiala lortzea da, eta horrela gizarte Estatuak egiazko eta benetako berdintasunezko gizartea lortzeko aktiboki engaiatzeko daukan eginkizuna ematen du –horrela Estatu liberalaren eredua gaindituz, hark pertsonen arteko berdintasun formala baino ez baitu aldarrikatzen-.
Eusko Legebiltzarraren emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak botere publikoek berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko oztopoak kentzeko behar horiek zer forma hartu behar dituzten zehazten du, botere publiko ezberdinen beharrak argituz behar zehatzak ezarrita herri administrazioek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna alor guztietan -baita alor kulturalean eta jaietan ere- sustatzen duten aldeko ekintzak bidera ditzaten eta, zentzu horretan, berdintasun erreala eta eraginkorra ekiditen duten oztopoak kentzeko botere publikoen beharra ezartzeko tresna garrantzitsua eratzen dute.
Zentzu horretan, lehenik eta behin, lege horren 3.4. artikuluaren xedapena azpimarratu behar dugu zera dioenean: “euskal herri-aginteek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten”. Horrek, zalantzarik gabe, kultura politika guztiari eta, bereziki, jai politikari eragiten dio, batez ere udalei dagokiena Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legeko 25.2 m) artikuluak haiei berariaz ematen dien eskuduntzaren arabera. Horri kultura arloan bereizkeria desagerrarazteko neurriak hartzeko berariazko betebehar publikoa batu behar zaio, Berdintasunaren euskal Legeko 25,1 artikuluko lehenengo paragrafoan dagoen manutik ondorioztatzen denez, zeinek euskal herri administrazioei honakoa xedatzen baitie: “beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituzte, bai sexuaren ziozko bereizkeria saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izan dezatela (...) kultura-jarduera guztietan”. Lege xedapen horren azken aipuak honakoa dakarkie herri-aginteei: bereizkeria ezaren helburu zorrotza gainditu eta benetako eta egiazko berdintasunaren lorpenean sakondu behar dutela, kultura arloan emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua lortuz. Arau horrek dakarren erronka oso garrantzitsua da aztertzen ari garen jaien eremurako, eta emakumeek jai gertakari guztietan presentzia eta partaidetza gero eta handiagoa izatea bultzatzen duten neurri eragileak erabakitasunez sustatzera bultzatzen ditu euskal herri-aginteak. Gainera, berdintasuneko euskal legeak, 7. artikuluan, tokiko euskal erakundeek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko hartu beharko dituzten neurriak zehazten ditu. Azpimarratu nahi dugu aztertzen ari garen gairako agindu horren b) atalak duen garrantzia, ekimen positiboak hartzeari dagokionez; l) atalarena, bereizkeria egoerei antzeman eta haiek ezabatzeko neurriak hartzeari dagokienez; eta f) atalarena, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunari buruzko sentsibilizazio jarduerak egiteari dagokionez.
Laburbilduz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako euskal lege horrek behin betiko bermatzen duen konstituzio betebehar juridiko saihestezina dago Hondarribiko Udalak jai adierazpen guztietan emakumeen berdintasunezko parte hartzea bermatzen duten jaiak antolatzea susta eta bultza dezan. Erakunde honek askotan gogorarazi izan duen moduan, eta duela gutxi 2011ko alardean eta entseguetan Jaizkibel konpainiak Hondarribiko kaleetatik egindako desfilea antolatzeko Herrizaingo Sailak emandako ebazpena zela-eta euskal ganbera legegilearen aurrean egin dugunari jarraiki, legezko behar horren ondorio zehatza da datorren irailaren 8rako eta aurreko egunetarako aurreikusitako ekintzetan, Jaizkibel konpainiaren eskaera, emakumeek eta gizonek Hondarribiko kaleetatik jai giroan berdin desfilatuko dutela bermatzen duen heinean, bi sexuen agerpen berdina bermatzen ez duen beste edozein eskaeraren gainetik lehenetsiko dela.
Hori guztia dela eta, erakunde hau sortzen eta arautzen duen otsailaren 27ko 3/1985 Legearen 11 b) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako gomendio hau egiten da:
75/2012 GOMENDIOA, uztailaren 24koa Hondarribiko Udalari egina,
Jaizkibel Konpainiak 2012ko Hondarribiko Alardearen antolamenduari dagokionez egindako eskaerari esleitutako sarrera erregistroaren zenbakia zuzendu dezan erregistroan sartu zeneko errealitatera egokituz eta datorren irailaren 8ko jai-ekintzen eta ekintza horien aurretiko entseguen antolamenduan Jaizkibel Konpainiak egindako eskaera beste batzuekiko nagusituz.