Antzuolako udalaren eta Alardearen Elkarteko ordezkariak izango dira ekainaren 30ean Irungo alarde parekidean
2019 / 06 / 25
Antzuolako udalaren eta Alardearen Elkarteko ordezkariak izango dira ekainaren 30ean Irungo alarde parekidean. Hala, babesa eta onespena adierazi nahi dizkiete alarde inklusibo baten alde lan egiten duten herritarrei, irundar orok inongo mugarik gabe bertan parte har dezan.
Diotenez, herri baten kultura-ondarea osatzen duten adierazpen eta ospakizun tradizionalak, alardeen kasu, ez dira estatiko eta aldaezinak , unean-uneko gizon eta emakumeek partekatzen dituzten balioen arabera bilakatu eta aberastu egiten dira. Eta horrela irauten dute mendez-mende.
Informazio gehiago
Antzuolako Alardeak 2009an hausnarketa prozesu bati eman zion hasiera, eta herritarren atxikimendua handitzeko alardea eguneratzea erabaki zuen. Horretarako, Batzorde bat eratu zen udal ordezkari, Alardeko Elkarte eta sentsibilitate ezberdineko beste hainbat partaiderekin. Behar ziren aldaketak adostu zituzten, besteak beste, kulturartekotasun, genero-parekidetasun eta gatazken trataeraren alorretan. Horren emaitzari esker, antzuolarrek Alardearekiko asebetetze maila altua adierazten dute gaur.