Analisia Irungo Alardearen buzuz
2015/ 03 / 07
Alarde Publiko eta Parekidearen Juntaren balorazioa
Alardearen inguruan irundarren jarrerei buruz Eusko Jaurlaritzak plazaratu duen azterketa dela eta, Alarde Publiko eta Parekidearen Juntak honako hau adierazi nahi du:
Poz handiz ikusten dugu datuek baieztatzen dutela Irungo herritar gehienek, %72k, benetan eskatzen eta bilatzen dutela gure hiriak pairatzen duen dagoen banaketa gainditzea, gogoko Alardea zeinahi dutela ere.
Are pozgarriago da jakitea asmo hori batik bat gazteengan pizen dela, ez baitute ulertzen ahal duela ia 20 urte sortu zen gatazka, hiriko jaietako ekitaldi nagusi eta enblematikoenean, hots, Alardean, emakumeek parte hartu nahiari uko egin zitzaiolako sortua, oraindik orain liskar- eta sufrimendu-iturri izatea, eta hain gutxi ulertzen dute hau guztia gertatzea irtenbideak bilatzeko borondaterik ez dagoelako.
Halako datu garrantzitsuak zuzen-zuzenean galdegiten dio udal instituzioari, aurrera joateko eman beharreko pausuak eta ekimenak bidera ditzan, betiere oraingo zatiketa gainditu eta elkar ulertze aldera.
Azterketak besterik ere badio, %48k emakumerik gabeko Alarde bakarra nahiago lukeela; %22k, parekidea, hau da, emakumeak ere badituena. Horrez gain, %15ek aski du oraingo bi Alardeen egoera: bata, pribatua, emakumerik gabe; bestea, publikoa, emakumeekin.
Datu hauek nabarmen uzten dute herritarrak oso zatituak daudela hobesten dituzten aukeren artean; edonola ere, argi eta garbi dago ezin duela inork Irungo Herriaren izenean hitz egin, ez baita inor Herriaren ordezko.
Herritarrek elkarrekiko errespetuaz jokatzera ere deitzen gaituzte. Eta ezinbestekoa da errespetu- eta ezagutza-keinuak udaletik has daitezen, hain zuzen alkatearengandik, orain ausartu egiten baita herritarren %22 baino gehiagoren babesa duen Alarde bati agurrik ere ez egitera balkoitik, haien alkatea ere izan arren.
Azterketak dakarren beste datu batekin ere bat egiten dugu; alegia, irundarren %58k uste du azken urteotan tentsioa apaldu egin dela, nahiz eta %29k elkarbizitzari oraindik ere eragiten diola uste duen. Gure iritziz ere, iskanbilek nabarmen egin dute behera aspaldi honetan, eta Kale Nagusian geratzen den intrantsigentzia-hondarra, 30eko arratsaldean Ertzaintzaren babesaz desfilatzera behartzen gaituena, lehenbailehen desagertuko dela espero dugu. Jakin, badakigu gutxiengo batek baizik ez duela xaxatzen, baina gutxiengo horrek irundar gehienak lotsarazten ditu.
Azkenik, berriro adierazi nahi dugu geure konpromisoa, pertsona guztiei leku egiten dien Alarde bat antolatzekoa, topaleku den Alardea, tradizioari errespetua diona, alaia, jai girokoa, gure hiriko festak denok elkarrekin goza ditzagun.