
Agurra 2020
Irungo herrikide maiteok:
Gogoratuko duzuenez, COVID19 pandemia dela eta, Alarde Parekidearen Juntak 2020an Alardea ez antolatzea erabaki eta ebazpena apirilaren 25ean plazaratu genuen.
Inoiz ez dugu geure hirian hainbeste partekatu denok elkarrekin: tristura, utzi gaituztenengatik; elkartasuna, gehien sufritu dutenekin; esker ona, jo eta ke gure osasunaz arduratu direnentzat; aitortza, ezinbestekotzat jotzen ditugun sektoreetatik aurrera egiten lagundu digutenei; adorea, berriro zutik jarriko garelako; konfiantza, ekinaren ekinez geureganatua; itxaropena, krisi honetatik gizarte hobe bat izanik aterako garelakoan, guztientzako etorkizuna bermaturik; irmotasuna, gure hiria indarberritzea elkarrekin lortzearren; eta ahalegin kolektibo honetan geure onena ematea irundar guztioi dagokigun erantzukizuna delako uste osoa.
Krisi honek ataka estuan paratu gaitu, banaka eta gizarte gisa, eta oraindik ez dakigu nolako ondorio sanitario eta sozialak izango dituen; alabaina, honako hau ederki dakigu: delako ondorio horiei hobeki erantzuten dieten gizarteak berdintasunean eta kohesioan oinarritutakoak direla.
Aste honexetan hasiko ziren gure Alardeko konpainien entseguak hiria musikaz eta jendez betetzen. 2020an, entsegurik eta Alarderik gabe ere, geure senideen konpainia izango dugu, lagunak topatuko ditugu, kuadrillakoekin jan-edanean arituko gara -osasun-jarraibideak errespetatuz betiere-, iragan urteetako pozak biziberrituko ditugu, eta hitz ematen dizuegu datorren urteko Alardea are hunkigarriagoa, alaiagoa, berdinzaleagoa eta parte-hartzaileagoa izango dela, jai-giro apartekoa.
Gora Irun!
Gora San Martzial!