Meaka, 2025erako Alarde Publikoaren konpainia berria
2024 / 12 / 13
Gaur, abenduaren 13a, ostirala, prentsaurrekoa egin da Meakako Auzo Elkartean datorren ekainaren 30ean desfilatuko duen Alarde Publikoko konpainia berria aurkezteko
Oharrean adierazten duten bezala: "Aspaldian jende askoren ahotan zebilen Meaka auzoko konpainia sortzearen nahia eta beharra. Bereziki auzoari lotuta gaudenok eta urteak daramatzagunok beste hainbat konpainietan parte hartzen sentitu izan dugu hori, hain zuzen ere. Nahiz eta Meaka Irungo antzinako lau auzo zaharrenetarikoa izan, ez baitu gaur arte tokirik izan konpainia gisa alarde parekidean."
"Pasa den uztailean, ordea, auzoko bizilagun eta lagun talde txiki batek askoren ahotan ibilitako ideiari irmoki eutsi, eta egikaritzeko lehen pausuak eman zituen."
...
"Gure helburua 2025eko ekainaren 30ean Irungo Alarde Parekidean konpainia gisa desfilatzea da. Belaunaldi berriek euren auzoko konpainian parte hartzeko aukera izan dezaten bermatu nahi dugu. Eta horretarako lan taldea eratu dugu, berdintasunaren bidean aurrera pausuak emateko konpromiso irmoarekin."
Honekin, 10 izango dira aurtengo Alarde Publikoan parte hartuko duten infanteriako konpainiak, bereziez gain. Meakak Lapitzeren ondoren eta Bidasoa konpainiaren aurretik desfilatuko du.