alarde público

Zehazten

17/ 06 / 2015. Yurre Ugarte

El Alcalde ha censurado este artículo de opinión que no es de su gusto. Yurre Ugarte lleva dos años escribiendo una columna de opinión mensual en Irunero, gratuitamente. Los responsables de Irunero han dejado sin publicar la correspondiente a este mes después de pedir su opinión al Alcalde (!!).

Ekainak ekain; hil honetan ere hizketagai klasiko eta orokor ugari daude. Haurren ikasturtearen amaiera eta horrek dakarren ordutegien kaosa. Haurren udalekuak edo udalekurik eza. Oporretan kanpora goazen ala ez, oporrak edota lan ofizialik baldin badugu, noski. Langabeziak edo lanak dakartzan buruhauste ezberdinak. Eguraldia eta bere deribatuak: txangoak; hondartzara edo mendira irteteko planak. Ostiraletako lagunarteko solasaldian, tragoen arabera, apurka, bagoaz gero eta gehiago gai orokor horietan barrena zehazten: hauteskundeak igaro dira eta udalbatza berria eratu da jada. Dirudienez, lasai egon gaitezke denok: emakume, gizon, zahar, gazte, etorkin, bertako, aberats, pobre eta gainerakoak, ze Irun “aurrerakoi, integratzaile eta solidarioan sakontzeko” (aipua literala da) asmoa dauka agintean dirauen alderdiak. Hitz abstraktu bezain ederrak, ekintzetan gauzatu eta hezurmamitzean soilik “sakontzen” direnak. San Martzialak gainean ditugularik, aipatu hitz horien bitartez, jada ia inork aipatu nahi ez duenera heldu gara ezinbestean.

Izan ere, gutariko bati tokatu zitzaion, hauteskunde kanpaina betean, ezkaratzeko txirrina jo zutela. Bai, nor da? Eta ahots batek erantzun: Irungo alkatea naiz. Gure lagunak bere etxe pribatuaren ataria ireki zion, kanpaina egitera sar zedin. Etxeko txirrina jo zuenean ere, gauza bera egin zuen lagunak, atea ireki zion boto eske zetorrenari. Hari inoiz botorik eman ez zion arren. Gure lagunak ez ezik bisita hau zientoka irundarrek jaso zuten; seguru aski, alkate jaunaren dohainetako bat da aurrez-aurreko ausardia eta presentzia hori, politikari gutxik erakusten dutena. Akaso bere garaipenaren gakoetako bat da. Ekain irundar honetan, azkenean, galdera zehatza bota dugu airera, baina; zergatik ezkutatzen ote du ausardia hori alardearen egunean? Zergatik, Udaletxean, guztion etxe publikoan, ez ote da ausartzen ongi etorria ematera alarde publiko bakarrari, emakumeak soldadu bezala integratzen dituen alardeari? Botoa ematen ez dioten hiritarrek ere, errespetu osoarekin, ezkaratza eta atea ireki ireki dioten legez. Irun “aurrerakoi, integratzaile eta solidarioa” zehazten hasteko beharrezkoak diren urratsetariko bat litzateke.