alarde publikoa

Berba in biou

Ekainak 2017

Alegia, hitz egin behar dugu, Antzuolako euskaran. Horrela laburbildu zigun antzuolar batek Mairuaren Alardearen konponbidea Maggie Bullen antropologoari eta bioi. Zeren eta XXI. mendean herritar askok mairuaren figurari erabat desegoki zeritzon. Hango Udalak, kezkei muzin egin gabe, edo aurreranzko ihesean hasi beharrean, gaiari heldu zion. Adituen aholkuak eta herritarren iritziak bilatu zituen, Alardeak gehienen atxikimendua berreskura zezan eta Antzuolako autoafirmazio-errito kolektibo nagusia berriro izan zedin.

Bai eta lortu ere. Hartara, aldaketa izan da gakoa. Zer eta noraino aldatu, ordea? Izan ere, nortasunari loturiko aldaketek beldurra eman ohi dute. Bizirik dagoen oro aldatu egiten da berez; bestela, hila dago, eta hila dagoena usteldu egiten da. Han, aldiz, berariaz adostutako prozesu baten bidez gauzatu da aldaketa. Nola? Berba eginez. Ez zen erraza izan, eztabaidak ugari izan ziren (hemen ez bezala, han badakite eztabaida eta liskarra bereizten), dudak eta zalantzak nonahi eta noiznahi... Emaitza? Alarde oparoagoa, dotoreagoa eta parte-hartzaileagoa. Eta inor mintzen edo baztertzen ez duena. Gainera, orain antzuolar askok elkarren arteko harremana estuago dute, tradizioa berritzeko ilusioak urtero batzen ditu eta.

Baluke non ikasi, baten batek ikasi nahi balu.

Xabier Kerexeta Erro
Historialaria eta ondare materiagabean aditua