Duela 30 urte, Bidasoaldeko Emakumeak taldeko kide batzuek Udalari eskatu zioten ordenantza alda zezala, Irungo Alardean herrikide gizonezkoekin batera parekidetasunez parte hartu ahal izateko. 30 urte geroago, berriro eskatu behar diogu aspaldiko urteotan behin baino gehiagotan eskatu dioguna: Udal Alardea antola dezala. Ez da deus berria. Eskatzen dugu Udalak beti berea izan duena berreskura dezala: Alardearen antolaketa.
Mendez mende, Udala izan zen Alardearen bermatzailea. Gaur egun, haren absentzia ez da neutraltasuna, utzikeria baizik.
Legeak argi dio: erakunde batentzat, berdintasuna ez da aukera ideologiko bat, lege-beteharra da. Agirietan berdintasuna aldarrikatu arren bere herriko jaien muin bihurtutako ekimenean berdintasuna ukatzen duen instituzio batek erabat galdu du bere buruari zor dion ardura eta zintzotasuna, eta ez du sinesgarritasunik batere herritarren aurrean.
Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu baina Udalak berak muzin egindako Alarde bat anomalia instituzional bat da, hiri honen lotsagarri. Hogeita hamar urte zain, urte gehiegi dira. Hiru hamarkadatan geure eskuz eraiki dugu Udalak berezko zuena eta bere egin behar duena. Bada tenorea ardurak berriro bere gain hartzekoa, eta salbuespenik gabe herritar guztientzat izango den Alarde bat aldarrikatu, antolatu eta babestekoa. Berdintasunaren aldeko konpromisoa bene-benetakoa badu, Udalak erantzukizun politiko eta etiko hori bete behar du.
Bukatzeko, omen egin nahi diegu duela 30 urte irainen, mehatxuen eta erasoen artean Alardera sartzeko adorea eta kemena izan zuten emakume eta gizonei. Haien duintasunari esker, orain 2000 lagun baino gehiago gara elkarrekin desfilatzen dugunok. Udalaren laguntzarik gabe Alarde bizia, hunkigarria, alaia eta gero eta handiagoa sortu dugu.
Erakutsi dugu berdintasunak ez duela Alardea suntsitzen, ederrago eta indartsuago egiten baizik.
Gora Irun!
Gora San Martzial!
Ezkerrak eman nahi dizkizuegu
Zuei, 30 urteotan amore eman gabe parte hartu eta hor egon zaretenei, bai eta egun bakar batean egon zaretenei ere.
Baita urteotan utzi gaituzuenei ere; orain zuen oroimenak gurekin bat egiten du desfilatzen dugun bakoitzean.
HB, IU eta EA alderdiei, 1996ko udalbatzan emandako babesagatik, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi, gaur egun egiteagatik, PSE-PSOEk, EAJk eta PPk ez bezala, ez baitzuten orduan egin, ez eta orain ere.
Espaloietatik txaloka eta bibaka lagundu gaituzuenei, bai eta hitzez eta aitortzaz egin duzuenei ere.
Gazteen belaunaldi gazteei, urtero Alardea pozez eta giro ederrez biziberritzen baituzue.
Eta, azkenean, gure senide eta lagunei, batez ere lehendabiziko urte gogor haietan laguntza eta babesa eman baitzeniguten. Eskerrik asko.
Zeren eta Alarde Parekide hau ez baitzen ezerezetik sortu. Irainduak, minduak eta jazarriak izan ziren pertsona batzuen adoreak sortu zuen, berdintasunaren aldeko konpromisoak hura guztia merezi zuelakoan, sortu ere.
Eskerrik asko guzti-guztiei.