alarde publikoa

2017eko Alardearen balorazioa

2017 / 07 / 07

Alardeaz harro eta poz-pozik.

Beste urtebetez, aurten euriak bere protagonismo puska hartu badu ere, bihotz-bihotzez eman behar dizkiegu eskerrak 30ean Alarde barruan edo espaloietatik txaloka gurekin egon diren guztiei. Egiten dugun Alardeaz harro-harro gaude.

Lerroz lerro zebiltzala, gizon-emakumeak ikusi ditugu, emakume gazteak gehienbat, lehenago emakumeek aukera hori ez zutela jakinik emozioz eta pozez negarra begian. Harrotasunez desfilatu dute, eta ausardiaz, ongi zaila izaten ari delako oraindik ere Alardean herrikide gizonezkoekin batera berdintasunez desfilatzeko eskubidea gauzatzea.

Harrotasunez, orain espaloietan txaloka ari diren neskatokoei bidea zabaltzen dietela badakitelako, gerora haiek ere desfila dezaten. Harro eta ahalegin betean, musika-tresnak ongi jotzeko, pausua behar bezala eramateko, agintariek unitateak txukun eramateko, zaldi gainean trebe eta dotore jarduteko; den-denek ahaleginak eta bi egin dituzte, publikoaren errespetua berenganatu nahian.

Espaloiak ere jendez gainezka ikusi ditugu, haizeari, euriari aurre eginez Alarde handi hau noiz pasako zain, txalo-zaparradaz eta beren giroaren beroaz babesten gaituztela eta beraiek ere gure festan parte hartzen dutela adieraztearren. Berdintasunaren alde badaude ekainaren 30ean argi eta garbi azaldu behar dutela ulertu duten pertsonak dagoeneko milaka dira.

Gustuko dugun Alardea egitea lortu dugu, asmoz eta jakitez lortu ere, eta begiko dugu urtero ekainaren 30ean denok batzeko aukera ematen digun tradizioa, hari esker biltzen eta elkartzen garelako; areago, jai egun ezin alaiagoaz gozatuz eta erritoa eta festa bateratuz Alardearen inguruan geure burua irundar hartzen dugu, geure irundartasuna berresten dugu.

Erakundeei ere eskerrak eman nahi dizkiegu: Emakunderi eta Arartekoari -haien erabateko babes leialarengatik- eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, haren finantzazioaz zutitzen dugulako urtero Alardea. Halaber, eskerrik asko hainbat alderditatik etorritako ordezkariei, udaletxeko balkoian harrera egin digutelako.

Azkenik, beste urtebetez, nabarmen jarri behar dugu eskas dena: gure hiriko alkatea, hain zuzen, José Antonio Santano, bai eta PSE-EE, EAJ eta PPko zinegotziak, ez direlako egon udaletxeko balkoian, emakumeak baztertzen dituen Alardeari harrera egin dioten arren.

Irunen, 2017eko uztailaren 7an.
Alarde Publikoaren Junta