alarde publikoa

Berdintasunaz harro

2016 / 04 / 04

Berta Susperregi, Ezker Anitzako kidea

Martxoaren 30ean, asteazkena, ohiko Osoko Bilkura egin zen Irungo Udalean. Bertan, zazpigarren puntuan, honako gai hau eztabaidatu eta onetsi egin zen: "Onartzea Tokiko bizitzan emakumeen eta gizonen arteko Berdintasuna lortzeko Europako Kartari atxikitzea (hemendik aurrera, Europako Karta). Karta horri atxikitzeko erabakia, hasiera batean, pozgarria izan beharko litzateke; izan ere, "karta honen bidez, tokian tokiko eta eskualdeko gobernuek euren eskumenak eta euren bazkideenak erabiliko dituzte berdintasun handiagoaren alde".

Aski garrantzitsua da gaia herritarren eguneroko bizitzan oinarrizkoak diren hainbat alderditan. Horietako batzuk ezagunagoak egiten zaizkigu, adibidez, genero-indarkeria edota politikan parte-hartzea; beste batzuei, tamalez, ez zaie oraindik zor zaien garrantzia eman, zaintze-lanei, esate baterako. Hauek Europako Kartak arautzen dituen gai batzuk baino ez dira, baina jakina, beste asko ere badaude. Baten bat aipatze aldera: estereotipoen gaitzespena, hezkuntza eta etengabeko prestakuntza, osasuna, gizarteratzea, etxebizitza edota kultura.

Lehenengo puntuan, zera dio Irungo Udalak bat egin duen Karta horrek: "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizko eskubidea da", eta tokian tokiko eta eskualdeko gobernuek "era guztietako bereizkeria, zuzena zein zeharkakoa, desagerrarazi behar dute".

Zoragarria da Kartan proposatzen dena, baina ezin dugu ahaztu Irunek pairatzen duen arazo lazgarria, duela 20 urte hasi zena, estereotipoekin lotura zuzena duena, eta hiriaren bizitzako alderdi guztietan parte hartu nahi duten emakumeentzat oztopoa dena: ekainaren 30eko alardean parte-hartze parekidea, alegia. 20. artikuluan, Europako Kartak zera dio, besteak beste:

"Emakumeei, gizonei, mutilei eta neskei eskatuko die kiroletan eta kultura-arloko jardueretan berdintasunean parte hartzeko, tradizioaren arabera “emakumeentzat” edo “gizonentzat” direla adierazi arren", eta "Arte, kultura eta kirol arloko elkarteei eskatuko die emakumeen eta gizonen ikuspegi estereotipatua kritikatzen duten kultura eta kirol arloko jarduerak bultzatzeko".

Gainera, beste zalantza handi bat dugu, nola gauzatuko da idatzita dagoen hori? Asmo hauek guztiak arrakastaz betetzeko, Berdintasunerako berezko Arloa sortu behar liteke. Asmo horiek Gizarte Ongizate arloan integratutako Esku-hartze Komunitario zerbitzuaren eskuetan uzteak beharrezkoa ez den gainkarga suposatuko luke eta kaltegarria izango litzateke, ez bakarrik zerbitzu horretako langileentzat, baizik eta herritarrontzat ere. Arlo horrek transbertsalitate-printzipioa aplikatu ahal liezaioke udalak hartzen dituen neurri guztiei, genero-ikuspegia barne.

Halaber, ezinbestekoa da berdintasunerako ordenantza egin eta onestea; izan ere, indar handiko tresna da hori "emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea praktikan bermatzeko" (4.2. artikulua). Ordenantza horrek Europako Kartak aipatzen dituen alderdi guztiak arautu litzake. Ordenantza ez zaio kontrajartzen Berdintasunerako Planari; aitzitik, egonkortasun handiagoa emango lioke Ordenantzak Planari. Hartuko liratekeen neurriak ez leudeke udal gobernu aldaketaren menpe egongo, eta, gainera, aurrekontuko zuzkidurak aurreikusi behar lituzke udalak ekimen horiek abian jartzeko. Sinpleki esanda: Berdintasunerako egiten diren plan guztiek ordenantza izango zuten oinarri.

Horregatik guztiagatik, Europako Kartari atxikitzea zein neurritan gauzatuko den azaldu dezala  eskertuko genioke Irungo Udalari. Era berean, honako neurri hauek har ditzan premiatu nahi dugu: berdintasunerako ordenantza egin eta onestea, Berdintasun Arloa sortzea, eta plan bat egitea, oso oinarrizkoa bada ere, Alardean parte hartu nahi duten emakumeen aldetik eskatutako gizonezko herrikideekiko parte-hartze parekideak sortutako gizarte haustura gainditu ahal izateko. III. Berdintasunerako Planaren zirriborroan bazegoen auziari heltzeko programa bat, baina ulertzen ez ditugun arrazoiak zirela eta, kendu egin zuten, eta hala eta guztiz ere, Udalbatzak onartu egin zuen Plana. Egia da kalean sumatzen den indarkeria asko baretu dela 20 urteotan, baina era berean, onartu behar da oraindik badagoela zer landu.