alarde publikoa

Zaharrak berri

Mikel Lizarazuk DVn idatzitako gaztelerazko artikuluaren osagarri-edo, zilegi bekit www.kalegoi.com blogean txertatu berri dudan sarrera hemen aurkeztea.

Antzuolak larunbatean ospatu du, berriro ere, Mairuaren Alardea. Fenomeno sozio-folkloriko oso interesgarria izan da festa honen bilakabide modernoa, historia aldetik aztertzeko aukera izan nuena. Egia esan, are interesgarriagoa iruditu zitzaidan festaren bitartez ikertzea zer nolako pertzepzio mitifikatua izan ohi dugun historiaz. Izan ere, jaiaren jatorria Juncaria edo Juncadia tokian 920.ean mairuen kontrako borrokan antzuolarrak kokatzea historikoki frogaezina izateak ez dio baliorik kentzen ospakizunari, aitzitik ere.

anzuola

Maggie Bullen bidasoartutako antropologoak eta biok Antzuolan egin genuen azterketa ez zen erudizio-alardea deitzen den bat, herritartasuna eta estuago eta elkarren onuragarriago izan zitekeen loturak proposatzea baizik, betiere azken hitza antzuolarrei emanda. Tira, orain kontua da Antzuolako Alardeak, ez zalantzarik eta beldurrik gabe, asmatu duela XXI.era egokitzen, bere historia, istorioak, mitoak, ezaugarri folklorikoak eta guzti. Gipuzkoako beste zenbait alardek baino hobekiago, bide batez esanda.

Izan genuen bidasoarrok bertatik bertara ezagutzeko parada, eskuzabal gonbidatu gintuzten eta. Orduan ere saiatu ziren batzuk beste batzuk baztertzen, gogor saiatu ere; baina ez zuten lortu, eta hori da inporta duena. Gogoratzen, joan zinetenak, zein ongi pasa genuen?

Aurten, tradizioa biziberritzeko bideari jarraiki, bi buruhandi aurkeztu dituzte: errege mairua eta herriko buruzagia. Buruhandiena Euskal Herrian eta oro har Pirinioetan oso errotua dugun baliabide folklorikoa da. Baina Antzuolan Mertxe Tranchek aurtengo kantineren aurkezpenean esandakoa bere eginda: " Azala eta mamia errespetatu, areago, indartu dugun arren, alardearen barne-balioak aldatu egin ditugu". Buruhandi hauek ez baitira beldurgarriak, ez baitira burlaren jomuga, maitagarriak baizik.

Eta han, festaren eraberritzeak emakumeen partaidetza areagotu du; areago, haien partaidetza ezinbestekoa izan da Alardea biziberritzeko eta indartzeko. Gurean ere, ez izan dudarik, festa biziberrituko duen indarra emakumeengandik etorriko da, jadanik etorri da.

Bejondei(gu)ela eta urte askotako!

Xabier Kerexeta